Jon Garmendia

ORDUAN

Orduan, Gabon garaian, Frantziara joaten ginen, gaur, badakit benetan Biarritzera joaten ginela. Eta orduan, noizaiatukogaraka hasten ginen anaiatxoak kotxean sartu orduko, seguruenik, aurretik bidaia luzea geneukala bagenekielako. Gainera, joaterakoan, gizon armatuek geldiarazten gintuzten Frantziako atetik pasatu aurretik; eta kotxea miatzen ziguten, aurpegi beldurgarri batekin begiratzen ziguten bitartean. Itzultzerakoan okerrago izaten zen, bestalde, bazterrean denbora gehiago ematen baikenuen, hotzak eta ikarak nola egiten zuten bat jakiten genuen horrela, aitak eta amak askotan aipatzen baitzuten hotzikara sortzen zietela gizon haiek. Gaur, Frantziako atea deitzen genuen toki hura, Aduana zela badakit, muga, Bidasoa ibaiaren gainean eraikia, eta haren arrastorik apenas gelditzen bada ere, bi zatitan banatzen duela gure herria oraino, garai hartan gure familia banatzen zuen bezala.

Aitak, arreba Pilartxo zeukan Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurretan, bere senar Eusebiorekin, errefuxiaturik. Baina Gabonak ziren laster, eta Gabonetako giro horretan, tio Jesusengana joaten ginen bisitan urtero, amaren osabarengana.

1972an sortua naiz ni, frankismoaren azken urteetan, diktadorea gutxira hil zen, baina Gabonetako gure bidaiek gizon armatuen begiradapetik iragaten jarraitu zuten urtez urte; egun ilunak zirela oroitzen dut soilik, egun grisak, errepideek kolore hori zeukaten, baita bazterretako fabrikek ere, eta kotxeko kristaletik ikustera ailegatzen ginen etxeek ere bai, baina Frantziako atetik sartu orduko beste kolore batzuk existitzen zirela ere oroitzen dut garbi; argi gehiago zegoela han, atearen bestaldean. Hendaian, zentrebillen gelditzen zuen autoa aitak, eta autotik jaitsi orduko, fitxatuta geneukan dendara korrika abiatzen ginen hiru anaia zaharrenak; errepideko seinale metaliko baten ondoan zegoen dendari deitzen zion zentrebille Eukenek, ni baino urtebete lehenago sortu zen anaiak, berak bazekien irakurtzen, ez frantsesez, baina irakurtzen bai; baita anaia zaharrenak ere, Mikelek, eta nik, hirugarrenak, entzundakoa errepikatu besterik ez nuen egiten.

Munduko kruasanik onenak denda hartakoak zirela oroitzen dut halere. Gerora, zapore hura ez dut inon gehiago dastatu. Gure dendaren parean, filtrorik gabeko Gauloises paketeak eta piparekin erretzeko Seita monopolio frantsesaren tabakoa erosten zituen amak osabarentzat, baita dégustation des viennoiseries et chocolat ere, etxeko atea ireki bezain laster, tia Yvetti eskaintzeko. Kanpoan hotz, euri edo elur, Biarritzeko Parc du Bon Air karrikako etxe ttipi hartan goxo-goxo egoten ginela, hori ongi oroitzen dut. Eta, etxe hartako Olentzero, gu ginela jakin dut gerora, aita eta amak gure baserriko produktu asko eramaten baitzituzten hara, txorizo, urdaiazpiko, odolki, eta sagardo botilak ere bai.

Txiripaz existitzen gara

Amaren aita kartzelan egona zen bost urtez, artean, bera sortu gabea zela. Gazterik, Donostiako Romero elektrizitate etxe ezagunean lan egiten zuen nire aitona izango zenak, Bellas Artesen perito elektrizista ikasten zuen bitartean, eta etorkizuna polit ageri omen zitzaion; haur baten aita izatekotan zen 1936ko urrian, baina lehenik soldaduska pasatu beharra zeukan, eta han harrapatu zuen Alzamiento Nacionalak. Halere, militarren agintepetik aldegitea lortu, eta Bizkaiko bere taldearekin Errepublikaren alde jardun zuen sutsuki, faxistek Santanderreko batailan preso hartu zuten arte. Santoñako penalera eraman zuten, eta Cadizera gero; heriotza zigorra barkatu eta zaintzapean aske utzi zuten.

Amak beti kontatu digu poliziarenera laguntzen ziola aitari, beldurrak lotuta, besotik helduta; eta kalean jarraitzeko baimen zigilatua ematen ziotela urtero, hura omen zen Eguberrietako oparia haien etxean. Aitona kartzelan egon zen urteetan, Frantzian hazi zuen ene amona izango zenak bere seme Juanjo, Loire bailaran, ahizpa Deniserekin makiei laguntzen ibili ondoren hara ihes egin baitzuen. Kartzelatik atera zenean senarrarengana itzuli zen ordea, eta ene ama eduki zuten, baita beste lau haur ere, sei, orotara. Askotan aipatu dut anaiekin txiripaz existitzen garela gu. Alde batetik eta bestetik. Sinetsita gaude.

Tio Jesusek, aldiz, hamazazpi urterekin ihes egin zuen etxetik, ez zuen soldaduska egin nahi, eta gerraren danbatekoei iskin eginez aldegin zuen. Frantzian, Clermont-Ferranden hartu zuen aterpe, basoan aritu zen lanean, geroago zurgintzan, eta bikaina zen zurgin gisa, behintzat, fama hori ezarri zioten inguru haietan. Frantses hiritarra zen Yvette Claudinekin ezkondu eta iparrerago zegoen Plou herrixkako baserri batera joan ziren bizitzera, à la campagne dans une ferme, eta sei seme-alaba eduki zituzten.

Bigarren Mundu Gerrak triskantza egin zuen, ordea, Frantzian, eta miseriak kolpatu zituen. Honela, 1954ko neguan Biarritzera hurbiltzea erabaki zuten, eta seme-alabak Andoainera bidaltzea, nire aitona eta amonarengana, eta honela, aitonaren soldata bakarrarekin atera ziren aurrera denak.

Besteen Olentzero izaten

Tio Jesusek ezin zuen muga pasatu, profugoa baitzen, eta Biarritzen lanpostu duin bat lortu zuenean berreskuratu zuen familia, 60ko hamarkada erdibidean zelarik. Gu sortu aurretik, amarentzat, Gabonak sakratuak ziren, esanahi handia zeukalako garai horrek, latzak pasatu zituztelako hutsune eta zailtasunez jositako urteetan, eta zerbait sakraturik bazen, tio Jesusi bisita egitea zen. Izugarri maite zuen, eta minez bizi izan zuen haren urruntasuna beti. Berekin hazitako lehengusuak ikusi, eta ahal zuen laguntza guztia luzatzen zien bisitarekin. Besteen Olentzero izaten erakutsi zigun horrela amak, jasotzea espero gabe ematen, daukagun gutxiarekin aurrera egiten, eta inbidia eta jeloskortasunak aparte utzita, daukaguna partekatzen.

Ikasten jarraitzen dugu oraino, hori dena ez baita inoiz betirako ikasten. Gaur, ene txikitako Gabonek Ipar Euskal Herriko argia eta usaina zeuzkatela oroitzen dut, eta hara destinoa zer den, azken urteotako Gabonak Ipar Euskal Herrian pasatu ditut nik ere, Espainiako atea deitu nahi ez dudan hori pasatu gabe.