Saioa Iraola

Promesez beteriko garaiak

Sobran ditudan lauzpabost kilo galtzeko dieta kalorikoa egingo dut; erretzeari utziko diot; jada urte mordoxka daramat joan nahian eta oraingoan bai, aurreztu egingo dugu eta udan Ameriketara joango gara oporretara; ikasketak bukatuko ditut; azkenaldiko kaskarkeriak baino enplegu hobeagoa topatuko dut! Promesak, nahiak, desioak, ametsak, egiteke ditugun edo egin nahiko genituzkeen kontuen zerrenda amaigabea izan ohi da Eguberrietan.

Promesa hitzez betetzen ditugu Gabon edo Eguberriak eta opor aurreko azken egunak. Ohikoa da auzoko kafetegiko kidearekin, dendariarekin, lankidearekin, lagun artean edo etxeko kideekin urteko errepasoa egin eta urte berrirako gure desioak, nahiak, proiekzioak konpartitzea, elkarbanatzea. Nahi gabe, urte baten amaierak eta beste baten hasierak aro aldaketa bat suposatzen digu. Paperean idatziko ditut aurtengo min, errezelo, aldrebeskeriak eta desio izan ez ditudan bizipenak, neguko solztizioari eskaintzeko. Udazkenean hostoen moduan, eror daitezela, nire gorputzetik kendu nahi izaten ditut. Hala, udaberrian loreak berriz loratzen diren moduan, Urteberrian biziberritu daitezela bizi gogoak, desioak eta itxaropenak.

Eguberriak ospakizun egun gisa bizi ditugu, edonon gaudela ere, norberak bere erritualak dauzka urte hasierari, ziklo berriari ekiteko (ditugun baldintzen arabera): batzuek parranda mundiala egiten dute eta eguna argitzean joaten dira etxera, beste batzuk goizean goiz mendi gailurrera igotzen dira, beste batzuek iturriko urteko lehen ura edaten dute eta abar. Erritual guztiak ere lagun artean, familian eginik, egun horietan zoriontasunaren irudikapena elkartasunetik, batasunetik dator eta egun hauetan taldeak, kolektiboak, odol bereko familiak indar handia hartzen dute. Gabonak erritualez beteriko egunak ditugu, erritual paganoek eta erlijiosoek bat egiten dute egun hauetan. Tradizioaren itzala handia izanik denetan ere.

Egun nostalgikoak ere badira Gabonak niretzat. Hotzak, sutondoak, etxeetako tximinietatik datorren egur usainak haurtzaroa gogorazten didate. Haurtzaroa, garaiko erritualak, ilusioa, ingenuitatea. Zoriontasunaren erritualetan nostalgiarekin batera maiz falta, hutsunea ere sentitzen dut egun horietan. Amona Pakitaren etxean ospatutako Eguberriak bereziak ziren, kantari, Olentzero noiz etorriko zain, pozez eta ilusioz beteriko momentuak ziren. Amonaren altzoa ikaragarri maite nuen. Amona askotan bota izan dut faltan, hil zenetik ez baitira berdinak izan egun horiek, ezta egunerokoa bera ere. Eta konturatu naiz, emozionalki ere egun bereziak direla, gertu ez ditugun lagun, familiako kideen falta askoz nabariagoa dela, alegia.

Non bazkaldu Eguberri egunean, Urtezaharrean norekin afaldu, familiarekin edo lagunekin. Opariak erosiko ditut, bai ala ez? Eta erosten baditut, zeintzuk. Etxean jaiotza ala pinua jarri, ala ezertxo ere ez jarri. Kontuak eta komeriak izaten ditugu, tradizioaren ohituren zamak, inertziak eraginda, eta nik neronek ere zailtasunak izan ditut nire desioen jabe izateko egun horietan, neure buruaren eta momentuaren jabe izateko. Hau ala beste egingo dut, erabakiak hartu behar ditugu egun hauetan, kontraesanez betetako egunak izanik. Adibide bat aipatzearren, oparirik behar ez, baina azkenean erosi egiten ditut.

Nik aurten promesa bat badut, lehenago eta beranduago egia bihurtuko dena, Jonerekin elkartzea. Jada bost urte dira Eguberriak, inauteriak, festak, egunerokoa berarekin konpartitzen ez ditudala, baina aurten hori dut promesa eta opari: ongi etorri, Jonetxo!