Maider Iantzi

SUTONDOAN

Amarekin albumak atera eta momentu politak pasa ditugu testu hau ilustratzeko argazki bila, atzendutako ume aurpegiak berriro ezagutuz. Ez dugu Eguberrietako irudi sobera. Lehenengoan hiru urte ditut eta negarrez hasiko naizela ematen du. Ez omen zitzaidan Olentzerotako arropa janztea gustatzen. Sail bereko bertze argazki batean lehengusu baten eskutik agertzen naiz, adin berekoak gara eta bi buru handiagoa da bera. Hortik hurrengo irudira bost urteko tartea egonen da, argazkilariaren estudioko esperientziari buelta emateko behar izan genuena, gutti gorabehera. Hau aukeratu dut, anaiarekin nagoelako eta berari ere ilusioa egiten diolako egunkarian azaltzeak ;-) Gainera, berekin lotzen dut Olentzeroren fantasia.

Ez naiz oroitzen gizon potolo hau bazela sinesten nuen garaiaz, baina bai Aitorrentzat istorioak asmatuz jostatzen nintzen eta magia bizitzen nuen denboraz. Gogoan dut pasilloan zintzilik jartzen genuen paperezko bota gorria, barrenean jateko zerbaitekin, eta salako leihotik mendira begira (orduan mendiak ikusten ziren) kea ateratzen zen edozein baserri seinalatu eta Olentzero han zegoela esplikatzen niola, bere bizimodua nolakoa zen kontatu, zer ari zen une horretan… Izugarrizko gozamena zen; den-dena sinesten zuen!

Eguberrietako nire hitzak ketan eta sutan kozinatuak dira. Beheko suan aurpegia berotuz, pentsamenduetan sartuta begirada lausotu arte. Garren dantza behatuz, egurrarekin egiten duten jolasa, nola jaten duten bokaduz bokadu eta nola desagertzen diren biak elkarrekin. Egurra eman eta berriro besta. Aurpegiarekin aspertzean, hankak luzatu eta oinak berotu. Anaia ere hor egoten da suak sorginduta, atta eta osabaren bat ere inguruan beti. Gainerakoak, etxean barna dantzan.

Handitutako hutsuneak

Eguberriak kristala kolpatzen duten zaparradak dira. Hotza dira, abarken barrenean dardarka sufritzen ari diren oinak. Ilunbea dira, falta direnak, handitutako minak eta hutsuneak. Beldurrak. Denboraren ihesaldi gordina.

Horregatik prestatzen ditut hitzak sutan. Batzuetan egosi, bertzetan berotu, zenbaitetan erre. Goxatu, epeldu, argitu, mugitu, piztu, dantzatu, irentsi, jan, txispatu.

Eguberriak mila gezurrez elikatutako muntaia handia dira, modu batean edo bertzean irensten gaituena. Gehiegikeria, zentzurik gabeko kontsumoa. Konpromisoa, betebeharra, protokolo zorrotza, kortse itogarria, deserosotasuna.

Eta nostalgia, ur gazia

Baina guztiaren gainetik aldarrikatu nahi dudana bilgunea da, amatxiren sutondoa. Xumea, naturala, intelijentea, txinpartaduna, eta pikardia puntu bat ere bai. Denbora pasatzen ez dela dirudien lekua. Mugitzen ez dena. Betiko dirudiena. Ondoan jarri eta belarriak zabaltzen ditugu kontuz elikatzeko, istorio zahar eta berriz, urtetan ondutako jakinduriaz. Oroimen apartaz txunditzen gara, eta zahartzen garenean horrelakoak izanen garen galdetzen diogu gure buruari.

Galtzerdi batzuk ekarri zizkion amatxiri Olentzerok, eta kezkatuta zegoen, ez zegoela denbora luzerako eta ez zituela aprobetxatuko, horri bueltaka ibili zen behin eta berriz. Marradun galtzerdi berdeak. Horiek jantzita agurtu gaituzu: «Etorri nahi duzuelik, etorri beldurrik gabe». Oroitzapen onak etortzen zaizkit, debate ttikiak, berenduak, «xokolte esnia», ze gustura egoten zinen guri begira, gu elkarrekin ikusita.

Hitz jarioa. Hitz sumendia zen zurea, azkena itzali dena. Nora joan da orain buru argi hori? Nora hitzen laba bizia?

Guregana. Belarritik sartu zitzaigun eta borborka aterako zaigu, adibidez testu honetan. Lezio ederra eman diguzu orain ere, duintasunez beteta gorputz ttiki eta azal gastatua. Egindako bidearekin gustura, konforme.

Eguberriak zikloak dira, bukatzea eta hastea. Sinestea eta inozentziari eustea, zentzu positiboan, gauzak posible direla pentsatuz. Umeek egiten dute, eta zaharrek ere bai. Aurten bertze mahai batean bazkalduko duzu, sinesten zenuen bezala, eta zauden lekuraino eramanen dizkizugu kantuak, txanpaina eta bilgunea.