Maria Gonzalez Gorosarri

Zenbat datu eman behar dira albiste batean?

Abadiñon emakume bi hilda agertu ziren aurreko astean. Hedabideetan lehen albistea izan zen, bi egunez. Hartzaile gehiagorengana heltzeko bi helburu dituzte hedabideek: jendartea ulertzea, bertan eragin ahal izateko, edo hedabidearen beraren diru-sarrerak handitzea. Helburu bakoitzaren arabera, informazioa emateko azalpenetan sakontzen dute edo emozioak eragin nahi izaten dituzte (harridura, beldurra etab.).

Informazioak bost galderari erantzun behar dio: «nork» (Ertzaintzak atxilotutako gizonak), «zer» (bi emakume hil ditu), «non» (Abadiñon), «noiz» (abenduaren 10ean), «zergatik» (matxismoagatik). Bost galdera horiek kazetaritzaren W-galdera izena dute, ingelesez W-z hasten direlako. AEBetako kazetaritza horiak «zergatik» galdera aldatu zuen eta «zelan» areagotu zuen, baina zegoeneko ez zen W-z hasten («how»).

Horregatik, hedabidearen helburua azken 5. galdera horren arabera interpreta daiteke. Hedabideek zer azpimarratu zuten: «zergatik» ala «zelan»? Lehenengo eta behin, emakumeen aurkako indarkeria matxista azaldu zuten “Berria”-k («Genero bortxaren beste bi hilotz», 2014/12/11) eta GARAk («El marido reconoce haber matado a su mujer y su suegra en Abadiño; La Marcha Mundial de Mujeres se manifestará mañana en Abadiño», 2014/12/11). Hortaz, albistea ilustratzeko, hilketak eragindako haserre soziala erakusten zuten manifestazioen argazkiak erabili zituzten.

Bigarrenik, ETB-k emozioen bidea hartu zuen («Abadiño, lur jota», 2014/12/10), eta informazioa emateko erakundeak bakarrik agertu ohi zituen («Abadiñoko Udala emakumeen hiltzailearen aurkako akusazioa izango da», 2014/12/11).

Azkenik, “Deia”-k eta “El Correo”-k «zelan» jakin-minari erantzun zioten. Alde batetik, auzokide anonimoei haien iritzia eskatu zieten («Era una familia encantadora», 2014/12/11, “Deia”; “«Era buena gente», dicen los vecinos de las fallecidas en Abadiño», 2014/12/11, “El Correo”). Beste aldetik, indarkeria matxista arintzeko, herrikide anonimo horien adierazpenak ere erabili zituzten: «No se estaban separando y nunca hubo maltrato», 2014/12/13 (“Deia”), «¿Qué ha pasado por tu cabeza, B. [ustezko hiltzailearen izena]?» (“El Correo”). Indarkeria matxista lausotzeko, bi argudio erabili zituen “El Correo”-k: arazo ekonomikoek gizona estutu zuten eta beste emakume batekin maiteminduta zegoen («El autor de los crímenes de Abadiño confiesa que llevaba una doble vida: Q. [ustezko hiltzailearen abizena] admitió ante la Erttzaintza que mantenía una relación con otra mujer», 2014/12/13). Argazkian, bikotearen semea agertzen zen, hiletan. Publizitate instituzionala (diru-iturri nagusia) jokoan ikustean, matxismoak eraildako emakumeen zerrenda argitaratu zuen “El Correo”-k: izen hutsak, testuinguru barik («Nuria, Adela, Patricia...», 2014/12/16).

«Zelan» jakin-minari erantzutea merkeagoa da hedabideentzat, «zergatik» galderari heltzea baino. Zehaztasunak auzokide anonimoen iritzi oinarri bakarrak izan daitezke. Kasu honetan, larriagoa izan da, José Luis Navarro Abadiñoko alkateak berak datu pribatuak helarazi zituelako: «Oso bikote ezaguna zen herrian eta ez da genero indarkeriarik izan» (gertakariaren berri izatean); «bikoteak seme bat zuen, baina ondo dago» (atxilotuak bi hilketak aitortutakoan). Alkatea denez, Abadiñoko Udalari buruzko kontuen inguruan Navarrorena iritzi jantzia da. Gainerakoetan, ikusi bezala, ez. Era berean, Plutonek planeta izateari utzi behar ote dion eta eskola-liburuetan Neptunoren satelite moduan agertu behar duen ebazteko, nire iritzia ez litzateke batere baliagarria.

Beraz, «zelan» jakin-minak emozioa eragitea du helburu: beldurra, ikara. «Zergatik» galderari heltzean, ordea, gertatutakoa jendartean txertatzen da. Gizarte mugimenduek jendartea egituratzen dute, jendartean taldeen bitartez parte hartzen delako. Espainiako genero indarkeriari buruzko legea bera ere mugimendu feministaren lanaren ondorioa izan zen. Mugimendu feministaren adierazpenak iritzi jantzi moduan tituluetara eraman ez dituzten hedabideek ez dute errealitatea azaldu nahi izan, erosle gehiago erakarri gura izan dute. Hedabide horiek herri erakundeen publizitate ofiziala (diru-iturri nagusietakoa) jasotzen jarraitzea merezi dute? •