Unai Fernandez de Betoño

Sarraskijaleak gainean

Putreek ikusmen eta usaimen boteretsuak dituzte. AEBetatik hauteman dute Euskal Herriko haragi ustela. Adreiluaren zein arbel-gasaren artean ezkutatuta dagoena. Inbertsio funtsez eta petrolio konpainiez mozorrotu arren, mozkin azkarren bila dabiltzan harrapakariak dira. Goldman Sachs eta Lone Star, batetik. Heyco eta Cambria, bestetik. Alor ezberdinetan aritzeagatik ere, helburu berdina dute biek ala biek: besteren sarraskiaren gainetik norberaren lukurua eraikitzea. Besterik ez.

Lone Star putre funtsak Goldman Sachs multinazional haratusteljaleari irabazi egin dio azkenean, eta Kutxabanken higiezinen erdia erosi duela iragarri zen abenduaren 18an. Merke-merke, ahal bezain laster beste batzuei garestiago saltzeko, hala azaldu ez bada ere. Baina horixe izan da John P. Grayken jabe milioidunaren modus operandi sistematiko etekingarria, mundu osoko bankuak “lagundu” dituena, haien menpeko zor ordaingabeak edo mailegu berankorrak merke-zurrean erosiz (%80ko jaitsierak ez dira hain arraroak), ondoren bermeekin gelditzeko ziztu bizian. Hori buruan erosi zuen maiatzean Eurohypo higiezin maileguen bankuaren espainiar filiala ere, 3.500 euroren truke.

Hego Euskal Herriko hirigintzarako ondorio zuzenak eduki ditzakete aipatutako operazioek. Sareb beldurgarria gero eta salmenta gehiago gauzatzen ari denez, gainera, hemendik aurrera, aski zaila izan daiteke jakitea nork saltzen duen benetan lursail edo etxebizitza bat, edo bankuek zergatik eskaintzen ote duten hipoteka merkeago bat soilik higiezin jakin bat erosteko.

Eta, betikoak, ohi legez. Alegia, egoerari probetxua ateratzen. Putre funts atzerritarrek tokiko politikari ustelgarrien beharra dutenez, fitxaketa bitxiak jazo dira. Ikus, bestela, norekin elkartu den Cerberus funtsa, zeina Bush aita-semeen gobernuetako goi kargu ohiek gidatzen duten: Jose Maria Aznar Botella Espainiako lurzoru lege neoliberalena sortu zuen presidente ohiaren semearekin. Donald Trump lotsagabeak argi utzi zuen 2012ko udan: «Espainia gaixo dago, eta egoera horretaz aprobetxatzeko unea da».

Antzeko zerbait pentsatu zuen Patxi Lopez lehendakari ohiak Arabako lurpeari buruz. Egoera baliatzeko unea zen, nahiz eta horretarako Heyco eta Cambria bezalako enpresa estatubatuarrei arima saldu behar. Zeren eta, a zer kasualitatea, Heyco petrolio enpresa, Iker Armentia kazetariak 2011n argitara eman bezala, George W. Bushen hauteskunde kanpainetako diru-emaileetako bat izan zen, ondoren ingurumen arautegiaren malgutasuna trukean lortuz.

Zinez iraingarria da orain, 2014ko abenduaren 18an, PSE «fracking»-aren prozesuari 2011n hasiera eman izanaz damutzea. Sekulako harrokeriarekin, gainera, «ez naiz gorri jartzen oker geundela esaterakoan» esan baitu lasai asko Natalia Rojo ingurumen bozeramaileak. Beharbada PSE ez litzateke gorri jarriko, ezta ere, babes ofizialeko 4.000 etxebizitza putre funts bati saltzeko operazioak 2012an kale egin izan ez balu.

Aurretik, hitz ederrak. Atzetik, saldu. •