Iratxe Esnaola

Teknologia eta kontsumismoa

Ulertzera eman nahi izaten digute kontsumoa dela, edota izan behar duela, sistema ekonomikoaren motorra. Eta beraz, ez garela langileak, kontsumistak baizik. Jendarte-klaseen inguruan dugun pertzepzioa ere aldatu digute. Non denok dugun oporretarako eskubidea. Eta gero eta urrutiago joan, hobe. Non denok dugun telefono mugikorra. Are, smartphonea, gero eta pantaila handiagoekin eta prestazio sinesgaitzekin. Gero eta azkarrago aldatzen dugu smartphonea, gero eta lehenago aspertzen gara dugunarekin.

Nolabait, esan daiteke zerbait zaharkitua gelditzearen sentsazioa areagotu duela teknologiaren jendarteratzeak. Azken teknologia eskuratzearen beharraz edota plazeraz hitz egiten ziguten, eta digute, etengabe. Smartphonea urtean behin aldatzeaz, berritze-plan tentagarriak eskainita. 40 megapixeleko kamera integratua duten smartphoneak saltzen dizkigute jada. Garapenaren azkartasunari ezin eutsian ibiliko bagina bezala sentiarazten gaituzte. Beti atzetik, baina beti kontsumitzen, erritmoa gehiegi galdu gabe. Etengabeko zurrunbilo kontsumista da teknologiena ere. Teknologiena batez ere, esango nuke. Eta Gabonen erdian gauden honetan, aurten ere, maitasun eta estimu gutunak izan beharrean, opari asko eta asko gailu elektronikoak izango dira (ikustekoa da gai hori lantzen duen IKEAren Gabonetako aurtengo iragarkia).

«Berria dena, berria izate hutsagatik, zaharra baino hobea dela sinestarazten digute», dio Pablo Sastrek “Gauzen presentzia” liburuan. Eta kalitate terminoetan, gero eta produktu eskasagoak ekoizten diren garaiotan, zerbait erosteak plazera ematen duela dirudi. Hau paradoxa. Zerbait berria eskuratzeak gozamena sortzen du. Eta zerbait berria erosteak sentsazio positiboa sorraraztea bilatzen du sistemak. Eta behin sentsazioa sortuta, pertsona, pertsona baino gehiago, kontsumista da jada.

Kontsumoaren ekonomia horretan, oinarrian eta aplikazioan kokatzen da teknologia.

Teknologien bitartez, produktuen ekoizpena azkartu egin da. Baina azkartzeak ez du kalitatea bere baitan biltzen. Kontsumismoaren gurpila mantentzeko, ezinbestekoa da produktuek, izan teknologikoak edo ez, iraungitze data ez oso urruna izatea. Bi urte dituen smartphone bat zaharra da jada. Teknologiak, beraz, ekoizpen prozesuak aldatuz, kontsumismoa jendartearen funtzionatzeko modu bilakatzeko tresna eraginkorrak izan dira.

Bestalde, ordea, kontsumismoa produktu teknologikoei erabat lotua dagoen jarrera da. Jarrera baita. Sistemak kontsumitzea normala dela sinestarazten digu. Are gehiago, ona dela, osasuntsua. Baina egungo sistemaren defendatzaileek “gehiegizko kontsumoa” ere definitzen dute, eta hori da “kontsumo patologiko” gisa jotzen dutena. Modu horretan, barruraino sartuko digute kontsumitzea ekintza arrunta, ohikoa eta sanoa dela. Arrunta ez dena eta okertzat jo daitekeen kontsumoa, patologikoa delako. Eta noski, “kontsumo patologikoa” kontzeptua muturreko kasuetan soilik aplikatzen dute. Gainontzeko guztiak, kontsumista normalak gara. Sistemak behar dituen kontsumistak, sistema bera bere horretan mantentzeko.

Hori horrela, teknologien kontsumoari ere neurria hartu behar zaio. Teknologiak tresnatzat hartu behar ditugu. Abiadura handiko garapena duen sektorea da, baina guk gure erabilpen beharren erritmoari eutsi behar diogu.

Teknologiez harago, kontsumismoak ezin du sistema ekonomiko iraunkor eta jasangarri baten motorra izan. Eta jarrera hori, izaera kontsumista horren barneratze hori, kontrolatzea ezinbestekoa da, beste sistema ekonomiko bidezkoago batean sinesten badugu. •