Gaizka Amondarain

Bilbo shooting

Hiriari begiratu behar genioke gaur, lo dagoen edo loratzen. Hiriari begiratzen diogun lehen aldia balitz bezala. Zerutik zenbatu buruak, argiak, autobusak, eskuak. Gortinaren bestaldean mugitzen jarraitzen duen erlojuaren gerizpea. Denboraren joan azkarra, etorri geldoa. Aurretik gertatua den zerbait gogoratu, oraindik gertatu ez denean. Zerbait irudikatu milaka pertsonaren artean. Argazkia argazkiaren ondoan itsatsi sukaldeko paretan gero. Detaileetan galdu gabe, osotasunari erreparatzeko gai izan. Orain diogunean, orain esan nahi dugu. Begiratu hiriari, eta bere negatiboari. Nola ari den zuri-beltzezkoa kolorea hartzen apurka. Nola dagoen dena argiago, eguzki izpirik onartzen ez duen gela ilun honetan.

Ez nuke esaten jakingo zein egun den. Lehen dena beste modu batera gertatzen zen. Umetan dena beste modu batera bizi genuen. Dena zen hain zoragarriki luzea. Baina orain… orain ez dut lehen beste lorik egiten. Ametsetan hasi eta esnatu egiten naiz bat-batean, loaldi bakoitza heriotza txiki bat bailitzan.

 

«Palermo shooting» filmari hasiera ematen dioten hitzak dira azken horiek. Pelikulako protagonistak (iragarkietarako argazkiak ateratzea lanbide duen Finn Gilbert argazkilari alemaniarrak) ez daki zer den falta zaiona, baina zerbait falta zaio. Nabari du hutsune hori, eta iraganaren pisua harekin batera. Eguzkirik gabeko igerileku baten aurrean dago; tranpolinaren ertzean, gorputza beherantz tolestuta, salto egiteko prest. Azken erabaki erabatekoa, bueltarik ez duena, hartu ezinda. Off-eko ahotsak osatzen du argazkia, eta ikuslea istorioaren alde batean edo bestean kokatzera behartzen du une zehatz batean. Momentuz ez dakigu nola bukatuko den, baina nabarmena da denbora agortzen ari dela.

Noiz konturatzen da bat hilda dagoela? Amets egiteari uzten dionean? Ala amets egiteari utzi ezin dionean? Galdera hauek egiten dizkio argazkilari alemaniarrak bere buruari, umetako zuhaitzaren gainera igota esnatzen denean. Hainbestekoa da haren gogoa zerbait alda dadin. Hobe esanda, hainbestekoa da haren desioa behingoz dena alda dadin.

Artalde bat ikusten da, hurrengo eszenan, ibaiaren alboko parke batean bazkatzen. Trajez eta gorbataz jantzitako gizon batek zaintzen ditu. Betaurreko borobilak eta bombina darama buruan, eta trajea ez bustitzeko plastikozko xira garden merke horietako bat gainetik. Port Aventura eta horrelakoetan saltzen dituztenak bezalakoa. Artzainari dirua ematen dio egunero bere ardiak zenbat ditzan. Gorbatadunak orduen iragaite geldoaz disfrutatzen du trukean.

 

Ez da hiria lo dagoena, halere. Loraldirik ere ez da sumatzen. Denboraren joana geldoa da errodajean, edo azkarra, nondik begiratzen den. “Palermo” toponimoak “portu handia” esan nahi du. Hildakoak ikusten dira errenkadan; berrehun urtean zehar han zintzilik, Palermoko kaputxinoen katakonbetan, guztiz desegin gabe, momifikatuta, lurperatzeke. “Hildakoak hilda daude, ez itzazue berriro hil” dioen afixa sabaitik zintzilik.

Behin aldamioa kenduta, argiago ikus dezake irudia protagonistak. Zaurituta daude margolanean guztiak, baina inon ez da odol arrastorik ageri. Geziak ikusezinak dira. XV. mendekoa da Flavia (protagonistak ezagutu berri duen emakume gaztea) berritzen ari den horma-irudia. “Heriotzaren garaipena” du izena. Filma errodatzeko aitzakia perfektua Wim Wenders zuzendariaren esanetan. Badakigu garai hartako margolari batek margotu zuela, baina ez dugu haren izenik ezagutzen. Margolanean bertan pintzela eskuetan agertzen dela da baiezta dezakegun bakarra. Zuzenean begiratzen digula begietara, gainontzekoek ez bezala. Gupidarik gabe zauritzen gaituela.

 

Bizitza zikina da, Palermoko kaleak bezala. Heriotzak zipriztintzen du dena. Eraikinek urteetan pilatutako poluzioa daramate aldean. Bizitza zikina da, eta limoi zaporea du. Palermon. Bilbon. Argazkilari bat ari da hiriari tiroka. Portu Handia esperoan. Harrapatu ezin den denbora.

Orain, behingoz, orain da. •