Saioa Iraola

Feliz Navidad...

Bideko Ama Birjina ospitaleko sarrerara iritsi naiz, eta medikuarengana igo aurretik kanpoaldean zigarro bat erretzea pentsatu dut. Ate nagusiaren alde batean jarri naiz, eta beste aldean emakume gazte bat dago, atearen kontra-kontran minuturo jendearen sartu-aterean esaldi hau errepikatuz: «Feliz Navidad, una ayuda por favor».

Ospitale atarian, sarreran, eskaileretan, itxarongelan eta abarretan elkar gurutzatzen dira pausoak, gorputzen joan-etorriak ohikoak eta ugariak dira; baina, sarrerako atean, begiradetan topo egiten ez duten hitzak ikusi eta sentitu ditut. Zergatik ez diogu begietara begiratzen ospitale atarian eskean ari den emakume gazteari? Zeren ispilu da? Zer mugitzen digu gure barrenean? Kontzientzian? Ezezkoa, baiezkoa edo irribarre bat eskaintzeko ere gai ez gara gai sentitzen askotan (ni neu ere ez).

Ikusezina dirudi jendearen begietara, ikusezina den gorputz bat, herritar bat, errealitate bat. Austeritate politikak, murrizketak, krisiak... eraginda laguntza eskean, negu hotzean lo egiteko leku goxo eta bero baten eskean gero eta herritar gehiago ikusten ditugu kalean, Eroskiko kanpoaldean, elizan, banketxeetan zein aterpetxeetan. Laguntza eskatzea, laguntza ekonomikoa eskatzeaz gain, bada babesa, goxotasuna, berotasuna, begirada bat edo irribarre bat elkarri eskaintzea.

Laguntza eskatzea, hainbat modutara ikus daiteke; hots, penarekin, erruduntasunarekin, lastimarekin lotuta edota jendarte egitura iraultzeko errealitate sozioekonomiko gisa. Herritar ororentzat politika publiko duinak garatzeko eskaera zaharrek inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute. Elkartasunetik eraikitzea eta elkar aitortzetik abiatzea beste aukerarik ez zaigu geratzen. Kostata bada ere, pertsonok elkarren premia, elkarren beharra dugula jabetzea beldurgarria bezain esperantzagarria baita. •