Joxean Agirre

Galaxia bat Bilbon

Behinola James Irwin astronautak esan zuen Lurrak Eguberritako zuhaitz baten antza duela espaziora bidean zoazenean, poliki-poliki kanika urdin bilakatzen den arte. International Space Station delakotik bidaltzen dituzten bideoetan bederen badu egongela bazterrean jarrita eduki dugun zuhaitzaren antzik, hiri handi bakoitzak argi distira ikusgarriak eskaintzen baititu.

Gaur Bilboko manifestazioak emango duen irudi argitsuaz ohartuko dira seguruenik lur azaletik 400 kilometrora dauden NASAko astronautak. Baina kontua da Madrildik irudia ikusi eta interpretatzeko gai izango ote diren.

Askotan izar bakanei arreta jartzeko joera izaten dugu. Baina gizartean apenas ematen den izar bakanik. Jenioak ere, diotenez, binaka jaiotzen dira. Oteizak Txillida behar zuen, Retegik Galarza, Basarrik Uztapide edo Atxagak Saizarbitoria edo alderantziz. Bata bestearen ahulguneetatik elikatzen da, elkarren sparring dira, elkarren ispilu.

Parekideak diren izar horiek bezain harrigarriak dira gizartean ematen diren konstelazio txikiak.

1649an, esate baterako, adibide urrun bat aipatzearren, Amsterdamen Descartes eta Rembrandt ikus zitezkeen kale nagusitik paseatzen, eta atzetik 17 urteko bi gaztetxo, Vermeer eta Spinoza. Gisako konstelazio asko eman da historian zehar. 60ko hamarkadan Parisko Falstaff edaritegian Beckett, Sastre, Godar eta garaiko beste hainbat izar elkartzen ziren garagardoa edateko. Etxetik hurbilago, joan den mendearen lehen zatian trikitiaren historia markatu zuten lauzpabost izen bildu ziren Azkoitiko Martirieta auzoan. Imuntzo, Epelde, Egurrola, Zendoia eta ezagunagoak ziren beste hainbat bizi ziren auzo horretan, non Laxaro Azkunek berriki atera duen Zendoiari buruzko liburuan “Firu-firu bailara” deitzen dion.

Azpeitia eta Errezil artean, Txillarramendin, kilometro bakan batzuen tartearekin Joxe Lizaso, Txapel, Zepai eta Iturzaeta bertsolariak bizi ziren urte bertsuetan eta eremu horretan zegoen Baserriren jaiotetxea ere.

Joseba Zulaika antropologoak Bilbori buruz (bidenabar bere autobiografia ere egiten du) argitaratu duen “Vieja luna de Bilbao” liburuak ETAren lehen belaunaldia aipatzen du. Eskolapioetatik atera eta Deustun edo Sarrikon ikasitako ikasle ohiak dira gehienak.

Bazen horrelako beste konstelazio bat Nafarroako Gaintza, Azkarate eta Arriberen artean, euskal artistek osatua. Zumeta, Gorriti, Ramon Cabestany, Ortiz de Elgea eta beste hainbat bizi ziren han. Harrigarria da halaber gaur Bera, Zarautz eta beste zenbait herritan ematen den musika taldeen ugaritasuna.

Baina konstelazioek adina harridura sortzen digute galaxiek, helburu bat lortzeko asmoarekin biltzen diren jende uholdeek. Bilbokoa gaur halakoa izatea espero dugu.•