Dabid LAZKANOITURBURU

Heriotzari so jolasean

«Charlie Hebdo» aldizkariaren aurkako eraso odoltsu bezain zentzugabeak Parisen eta Mendebalde osoan izua sortu duen honetan –zentzugabea guretzat, ez, tamalez, egileentzat–, horra hor Siriako Alepo hirian zein gustura ari diren hiru haur hauek bonbek suntsitzea lortu ez duten barraka xumean jolasean. Irudiak miraria dirudi Siriako bigarren hiriburuak azken hiru urteotan jasandako gerrak eragindako hondamendi izugarria kontuan hartuta. Eta hortxe dago arazoa: bizitzea bera mirari bihurtzen denean, erlijioak hartzen du indarra. Eta erlijio orok du bere itzala, infernua alegia. Jainkoaren izenean infernu bihurtu du jihadista talde frantses batek «Charlie Hebdo» aldizkari satirikoa. Aldiz, infernuko suaren erdi-erdian, Alepon alegia, barraka kaskarraren gainean jirabiraka ibiltzen saiatzen dira umeak, hondakin artean, Europan, ezta Alepon bertan ere, ezertxo pasako ez balitz bezala. Bizinahia, infernu eta erlijio guztien gainetik.