Ander Izagirre

Karta!

Aurreko udan bi hilabete pasa nituen etxetik kanpo. Halako batean karta bat jaso nuen, nire lagun J-k eskuz idatzitako karta. J-k nire adina dauka, 38 urte, ez du ordenagailurik eta Interneten hainbat astetik behin sartzea gustatzen zaio, jaia daukanean eta liburutegi publikoren batetik pasatzen denean.

Nire blogean interesatuko zaion zerbait idazten dudanean, telefonoz deitzen diot hurrengo Internet saioan irakur dezan. J-k badauka agenda elektroniko bat: papertxo zatar bat izaten da, diru-zorroan oso tolestatuta eramaten duena, eta bertan idazten ditu letra txiki, txiki, txiki ia ikusezinetan Interneten sartzen den hurrengoan zein gai bilatuko dituen. Bere ziberagenda hori ikusi nion azken aldian, zerrenda misteriotsu eta erakargarria zeukan idatzita: Saint Lary Hincapie Pereiro; Urumea; Arantzazu eta granitoa; Méridienne Verte.

Behin e-mail garrantzitsu bat bidali nahi izan nion, baina batzuetan bere kontua erabilera faltagatik itxi egiten diotenez, e-maila inprimatu, gutun-azal batean sartu, seilua jarri, helbidea idatzi eta postontzira bota nuen. Zuetako zenbat jaitsi zarete noizbait kalera e-mail bat postontzira botatzera?

Aurreko udan atzerrian nenbilela, beraz, bere karta bat jaso nuen. Eskuz idatzitako bi orri zeuzkan, eguneroko bizitzaren kontuak marrazki eta grafikoz aberastuta, eta egunkari-zatiak notizia bitxiekin.

Udalekuak etorri zitzaizkidan gogora. Udaro Ribabellosara joaten ginen, Cameros mendikate errioxarrera. Zazpi, zortzi edo bederatzi urterekin, familiatik urrun bi aste igarotzea abentura handia zen eta, batzuetan, zail samarra ere bai. Egunak pasa ahala, haur batzuk negarrez hasten ziren, etxera itzuli nahi zutelako, telefonoz deitzeko baimena eskatzen zuten gurasoekin hitz egiteko. Tristura kutsatzen joaten zen eta ia denok malkoren bat botatzen genuen. Gauren batean gertatu ohi zen, afaldu ondoren, oheratu aurretik. Baina biharamunean olinpiadak jokatzen genituen berriz frontoian edo igerilekuan, altxorraren bila abiatzen ginen basora, zinema saioa iristen zen. Gogoan dut “Navaroneko kanoiak” eta “Bengalako hiru lantzari” ikusi genituela, bua!

Afariaren aurretik une berezia iristen zen: begiraleek posta banatzen zuten. Neska eta mutilen izenak oihukatzen zituzten, familiak bidalitako karta zeukaten zoriontsuen izenak, eta berrehun eta berrogei umeak hantxe pilatzen ginen, urduri, gure izena entzuteko irrikaz.

Nik maiz jasotzen nuen karta: amak gutun-azal handiak bidaltzen zizkidan, egunkarietatik ateratako orrialde askorekin, batez ere Frantziako Tourraren kronika eta sailkapenekin. Oheratu aurretik orrialdeak irakurtzen nituen eta beste umeek Perico Delgado eta Peio Ruiz Cabestany nola zihoazen galdetzen zidaten.

Halaxe jarraitzen dugu hiru hamarkada eta gero, laguna ordenagailurik eta telefono inteligenterik gabe, biok Whatsappik gabe, baina oraindik ere postariak gure izena esango duen itxaropenarekin.

Eta lagun minaren kartak jasotzen ditugu, eskuz idatzitakoak eta egunkari zatiekin, bidaiariaren nostalgia txikiak arintzeko. •

@anderiza

www.anderiza.com