Ostaiska Egia
Emakumea gizonen munduan, bihotz zuri-gorria kamiseta gorri-urdinez jantzia, gazteen aldagelan ama... Ostaiska Egia Eibar futbol taldeko zerbitzu medikuko burua haizearen kontra doala esan liteke, baina inork ez luke horrelakorik pentsatuko bere aurpegiko irribarre etengabea ikusita.

Futbolaren historian kapitulu bat betetzeko merituak egiten ari da Eibar azkenaldi honetan. Bi urtetan jarraian bi igoera ospatu eta gero, bere historian lehen aldiz Lehen Mailan lehiatzen ari da, Lehen Maila guztiko bazkide kopuru baxuena, futbol zelai txikiena, biztanle gutxieneko herria eta aurrekontu apalena izanik gainera. Mundu osoko hedabideek aztertu dituzte azken hilabeteotan talde gorri-urdinaren berezitasunak. Eta horien artean dago Ostaiska Egia zornotzarra, berak nahiago lituzkeen arrazoiengatik ez bada ere. «Emakumea naiz, bai, baina horrek ez dio ez ezer gehitzen ez ezer kentzen nire lanari. Eibarko sendagilea naiz eta kito».
Horrela izan beharko litzateke XXI. mende honetan, baina, seinale ona ez bada ere, generoak albiste izaten jarraitzen du oraindik ere. Are gehiago emakumeak gizonen kirol profesionalean cheerleader edo zerbitzari estereotipoak gaindituz aritzen direnean. Ostaiska Egia bera eredu egokia da: Lehen Mailako gainontzeko talde guztietako sendagileak gizonezkoak dira. Getafen Ana de la Torrek diharduen arren, funtzio apalagoak ditu; armaginen kasuan, Egia da zerbitzu medikuaren burua orain dela bi urte taldera heldu zenetik. Askok kostata sinesten badute ere. «Ezjakintasuna edo... ez dakit zer izango den, baina horrela da», onartzen du. Zorionez, aldagelan ez du inolako arazorik izan. «Berriek, beharbada, aurreneko egunetan toalla bat erabiltzen dute aldagelan, baina laster ikusten dute inongo arazorik ez dagoela eta naturaltasun osoz egiten dugula lan guztiok; azken finean taldekideak gara denok». Eta azken finean ere, emakumeek medikuntzan dihardute aspaldidanik gure ospitale, anbulatorio eta kontsultetan.
Irainak entzun beharra
Futbolean ez, ordea, eta «batzuek ez dute ulertzen emakume bat taldeko sendagilea izan daitekeenik. Zelairen batean ea jokalariren baten neska-laguna naizen galdetu didate. Batzuek, beharbada, ile luzea daraman mutila naizela pentsatuko zuten lanean ikusi nautenean [barre egiten du]... ‘Morenita, dame un masaje...’ eta horrelakoak ere entzun behar izan ditut». Ez dira mota horretako irainak Ostaiska gehien mintzen dutenak. «Emakumea beti hierarkiaren, edozein hierarkiaren, maila baxuenean kokatzen dutenen jarrerak mintzen nau. Beti pentsatzen dute ni masajista naizela, fisioterapeuta... Ez, barkatu, taldeko medikua naiz», dio irmo. Ez zaio, tamalez, Egiari bakarrik gertatzen. «Bilboko Udaletik hitzaldi batzuetara gonbidatu ninduten, eta, bertan, enpresari bat ezagutu nuen, kirol arloko enpresa baten jabea. Eta berari ere berdina gertatzen zaiola kontatu zidan. Valentziara edo beste leku batera joan, zer edo zer alokatzeko hitz egin, eta, besteak, azkenean, beti honakoa esaten diola kontatu zidan: ‘sí bonita, pero ahora le cuentas esto a tu jefe’. Ba, ez, barkatu, ni neu naiz ‘jefea’, nik hartu behar dut erabakia. Batzuk ez dira konturatzen edozein lan egin dezakegula, kudeaketan, medikuntzan, iturgintzan... Aginduak jaso ditzakegu, noski, baina baita eman ere! Horrek ematen dit amorrua: ikasketak egin, urte asko lanean eman, baina, oraindik, emakume izate hutsagatik, azalpenak eman behar izatea...».
Egiaren curriculumak edozein zalantza ezabatu beharko luke. 40 urteko bizkaitar honek Medikuntza ikasi zuen, eta, ostean, Kirol Medikuntzan espezializatu zen. Irakaslea izan da Eusko Jaurlaritzaren menpeko Kirolene Kirol Irakaskuntzen Ikastetxe Publikoan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean eta Getxon kokatutako Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan. Horrez gain, bere kontsulta sortu zuen Zornotzan eta Athletic Fundazioarekin lan egin du. Egun, hirugarren denboraldiz, Eibarren dihardu. Fran Garagarza armaginen idazkari teknikoak deitu zion; «Fran Garagarza bera, Gaizka Garitano entrenatzailea eta Alain Gandiaga prestatzaile fisikoa nire ikasleak izandakoak ziren ordurako», azaldu du dei horren inguruan galdetu diogunean. Eta inoiz futbol talde baten aritzea pentsatu ere egin ez izanagatik, baiezkoa ematea erabaki zuela gehitu du. «Egia esateko tesia futbolaren inguruan egin nuen, Oviedo taldearekin. Eta Eibarrekin hasi baino lehen Amorebietarekin ere lan egin nuen, jokalariei esfortzu probak eta abar egiten. Zallako taldearekin ere proba espezifiko batzuk eginak banituen... Harreman txiki bat baneukan, beraz, futbolarekin, nahiz eta inoiz burutik pasa ere egin ez talde bateko medikua izatea. Baina erronkak beti izan ditut oso gustukoak, eta, Franek deitu zidanean, ‘aurrera’ pentsatu nuen».
Baiezko hori emanez, Egia “elitean” sartu zen. Zentzu bikoitzean, gainera; batetik, Eibarren eskutik futbol profesionalera heldu delako, eta, bestetik, bertan medikuntzan jarduteko aukera duten sendagileak oso gutxi, eta oso preziatuak, direlako. «Asko ez gara, espezialitate honetan jarduteko arlo pribatutik jo beharra dagoelako, nahiz eta MIR edo barruko mediku egoilarra izateko azterketa gainditu –azaldu du–. Lau katu gaude, eta, MIR azterketa gaindituta ere, gure espezialitatea ordaindu behar dugu, nahiz eta ospitalean egon eta gainontzeko mediku denak kobratzen aritu. Horregatik gara hain gutxi. Gainera, ez dirudi Ministerioak hori aldatzeko asmorik duenik».

Bien bitartean, medikuntzak kirolean duen garrantzia begi bistakoa da edozein zalerentzat. «Gero eta gehiago indartzen ari da medikuntzak kirolean duen eragina. Baina ez da medikuaren lana soilik, orain dela urte batzuk gerta zitekeen bezala, baizik eta diziplina asko ukitzen ditu: entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak, fisioterapeutak, sendagileak... Tekniko eta osagile guztien arteko harremana oso garrantzitsua da, lanaren alde guztiak ondo-ondo konpentsatuta egoteko. Puzzle baten parekoa da: pieza bat falta bada, ezin da puzzlea amaitu. Europa iparraldeko hainbat taldetan aspalditik egiten dute horrela, baina hemen azken urteotan ari da hedatzen lan egiteko modu hori».
Kirolariek ere gero eta argiago dute beren lan eta betebeharrak ez direla partida eta lan saioetara mugatzen. «Denetatik dago, batzuk gehiago estutu behar dituzu, beste batzuk gutxiago... Bizitzaren aurrean ere denok ez dugu jarrera bera, baina, oro har, kirolariak, gure kasuan futbolariak, gero eta kontzientziatuago daude. Elikadurak eta hidratazioak zein garrantzi duten badakite, ariketa hau edo bestea eginda hobe dabiltzala ikusten dute...».
Kontrol zorrotza
Prestakuntza fisikoa, lesioen prebentzio eta sendatzea eta, oro har, errendimendua hobetzea dute helburu medikuek. Eta lortzen dutenean txaloak jasotzen dituzte, baina baita arreta berezia ere, kirol munduan izandako dopin eskandaluek mesfidantza handitu baitute. «Normala da, eta ondo iruditzen zait dena kontrolatuta egotea. Oso barneratuta dut. Iazko denboraldian –gogoratu du Egiak–, goiko postuetan finkatu ginenean, argi esan nuen aldagelan handik aurrera gehiago etorriko zirela. Eta horrela izan zen, hainbat analisi egin zizkiguten».
Kontrolak egitea babestuagatik, Egiak ez du uste futbolean dopinik badenik: «Analisiak zorrotzak dira eta eskatzen diren parametro eta baremoak beste kiroletako berberak dira. Baina azken bost urteotan Lehen Mailan bi positibo besterik ez dira egon eta biak kokaina positiboak izan dira, hau da, kirolariek ez dute droga hori kirol errendimendua hobetzeko hartu. Futbolean faktore askok eragiten dute: erresistente eta leherkorra izan behar duzu aldi berean, ate aurrean asmatu, ez da bera atezain, aurrelari edo hegalekoa izatea, taktikak garrantzi handia du, baita taldekideen errendimenduak edota animoak berak ere... Nire ustez ez dago dopinik».
Eibarren arrakastak, beraz, ez du oinarri kimikorik. Benetakoa aurkitzea, hala ere, ez da erraza, ezta barrutik bizi dutenentzat ere. «Faktore asko izan direla esango nuke, baina, bat edo beste aukeratzekotan, hiru aipatuko nituzke: hiltzera zelairatzen gara beti, lan asko egiten da eta lana guztion artean egiten da. Jokalari eta entrenatzaileen lana azpimarratuko nuke gehienbat, denok ipini badugu ere gure apurtxoa: prestatzaile fisikoak kargen kudeaketan, guk prebentzio eta tratamendu lanean... Eta horrela azken lankidera arte, beste sekretu bat familia txiki bat izatea baita. Nik ez ditut ezagutzen gainontzeko taldeak, baina, berriak etortzen direnean, beti goraipatzen dute giroa. Manu del Moralek, adibidez, urte piloa egin ditu Lehen Mailan, eta, esaten zigunez, beste taldeetan lankide gehienak ezagutu ere ez zituen egiten; hemen, berriz, bi egunetara etxean bezala zen, jende guztia ezagutzen zuelako. Herriarekin gauza bera gertatzen da, eta taldea, jokalariak, babestuta sentitzen dira». Xumetasuna, apaltasuna, eragozpena beharrean dohain bilakatzen du Eibarrek. «Eta horrek denerako balio du, familian bezala –barre egiten du Egiak–. Arazoren bat badago, haserretu, hitz egin... eta lehenago konponduko dugu, konfiantza gehiago dagoelako».
Eta horrela jarraitzea nahi du Egiak, “senide” gorri-urdinek bere denbora luxuzko artikulu bilakatzen badute ere –Eibarko zerbitzu medikuaz arduratzeaz gain, kontsulta du Zornotzan eta etxean bi ume txiki ditu zain–. Nahi eta espero. «Iaz bezala, azken unera arte, lortu arte, ez dut ezer ziurtzat jo nahi, baina taldea oso ibilbide ona egiten ari da. Sentsazioak onak dira, barruan baikortasuna da nagusi aurreko urteotan bezala, emaitzak hor daude... Pozik gaude eta horrela amaitzea espero dugu». •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
