Isidro Esnaola

Urte hasierako pastela

De Guindos ministroak urtearen lehenengo egunean bertan elkarrizketa bat eman zuen. Presa zeukan. Ondoren etorri diren gorabeherak ikusita, erabaki horrekin argi ibili zen. Izan ere, astebete eskasean bere mezua nahiko zaharkituta gelditu da. Nonbait, munduko burtsetan “merkatuek” etorkizun oparoa ez dute hain argi ikusten: adierazleek gorabehera handiak izan dituzte urtearen hasierako egunetik. Eta hori guztia hauteskunde kutsu argia duen urte batean; esparru ekonomikoan behintzat, urteak ez duela berri on askorik ekarriko ematen du; edo agian bai. Nikita Khrustxev berak esan zuen moduan, ekonomia ez da norberaren desioetara egokitzen den materia. Ez da egokitzen, baina batzuen zein besteen grinek aldatzen dute ekonomiaren norabidea.

Gaur egungo testuinguruari begiratzen badiogu, alde edo indar esanguratsuenak lau geruza nagusitan koka ditzakegu, pastel bat edukiko bagenu bezala. Beharbada, horiek izango dira urtean zehar ere bilakaera ekonomikoa baldintzatuko duten geruzak. Lehendabiziko geruza munduko ekonomiaren ahuldade orokorra da. Ameriketako Estatu Batuetakoa albo batera utzita, gainontzeko estatuen ekonomiak pattal dabiltza. Mundua diruz josita egon da azken urteotan. Diru asko egoteak esan nahi du kreditu asko eman direla; eta, kredituak baldin badaude, hartzekodunak ere zain egongo dira beren dirua berreskuratzeko edo, besterik ezean, interesak kobratzeko. Horrek suposatzen du sortzen den aberastasunaren parte gero eta handiagoa interesak ordaintzera edota zorrak bueltatzera doala, ez inbertsio berriak egitera. Eta inbertsiorik gabe, oso zaila da enplegua sortzea eta ekonomia berpiztea. Finantzek, horrenbestez, pastelaren bigarren geruza osatzen dute, eta gero eta pisu handiagoa dute. Esparru horretan, gaur-gaurkoz, Ameriketako Estatu Batuek agintzen dute. Horregatik, erabaki dutenean diruaren jaulkipenarekin amaitzea, dolarrak gora egin du eta munduan barreiatutako dolarrak etxera bueltatzen hasi dira.

Hirugarren geruza lehengaiekin lotuta dago. Ekonomia ez bada gehiegi mugitzen, lehengaien eskaeran berehala sumatzen da geldialdia: eskaera gutxitzen den neurrian, noski, prezioek ere behera egiten dute. Lehengaien artean garrantzitsuenetakoa petrolioa da eta nahiko sakon aztertu dira merkatu horretan mugitzen diren indarrak aste honetan bertan GARA egunkarian Gai horren inguruan gauza handirik ez gehitzeko, aste honetako kontuak, beharbada: petrolioaren prezioak jaisten jarraitu du, eta, berriek diotenez, hori Errusiak eta Irakek eskaintza handia mantendu dutelako gertatu da. Ematen duenez, prezioak jaitsi eta jaitsi ari dira errentagarritasun gutxien duten esplotazioak merkatutik kanpo utzi arte. Eta, horrek, estatu eta multinazional askoren kontuak neurri handi batean txikituko ditu.

Ekonomiaren ahuldadeek batetik eta lehengaien prezioek bestetik kontuak orekatzea zailtzen dute. Eta hor agertzen da laugarren geruza: zorra. Baldintza horietan zorra bueltatzea posiblea da? Orain arte austeritatearen eta murrizketen bidez posible zela sinistarazi digute. Denborak aurrera egin ahala, baina, gero eta argiago gelditzen ari da bide horrek ekonomia itotzen duela, eta, horrekin batera, bide batez, baita zorra bueltatzeko aukera bera ere. Europan, adibidez, ekonomiaren ahuldadeaz gain, prezioak jaisten ari dira. Prezioen jaitsiera orokorrak gehiago ahultzen du ekonomia, jendeak erosketak eta inbertsioak atzeratu egiten dituelako prezio txikiagoen esperoan. Are okerragoa, prezioen jaitsierarekin zorraren zama handiagoa bihurtzen da, adibidez, gehiago saldu behar baita interes edo amortizazio berdina ordaintzeko.

Bukatzeko faktore politikoa gehitu behar dugu ginda gisa. Greziako hauteskundeak izango dira hilabete honetan bertan eta Syrizak irabazteko aukera asko ditu, programa ekonomiko nahiko argiarekin gainera. Garaipen horrekin sen ona berreskuratzeko aukera ireki daiteke, ondoren beste estatuetan ere hauteskundeak izango baitira. Hartzekodunek ahalik eta gehien lortzeko egingo dute indarra, baina asko neurtu beharko dute soka noraino tenkatu.•