ENEEKEuskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua

EHKOlektiboa agroekologia bultzatzeko ahalegin betean da

Bertokoa, ekologikoa eta gizarte osoarentzat onuragarria den ekoizpen eredua Euskal Herri osoan zabaltzea du helburu EHKOLEKTIBOAK. Iparralde eta Hegoaldeko nekazariek zazpi urtez egindako lanaren ondoren, prest daukate Euskal Herriko ekoizpen agroekologikoa (alegia, baserrikoa, ekologikoa, bertatik bertarakoa eta baldintza sozial duinak bermatzen dituena) identifikatzeko tresna. Aldi berean, etorkizunean ere ildo beretik jarraitu ahal izateko, kide berriak egiteko kanpaina bete-betean dago EHKOLEKTIBOA, ahalik eta euskal herritar gehien agroekologiaren aldeko desmartxan engaiatu asmoz.

Nekazaritza ekologikoak azken hamarkadan izan duen bilakaera positiboaren ondorioz, elikagai ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa aintzat hartzeko moduko jarduera ekonomikoa izatera pasatu dira. Herritarren artean, osasungarriak eta ingurumenarekiko errespetagarriak diren elikagaien eskaria handituz doa. Ekoizpen ekologikoak ere joera berdina du urtez urte, baina gurean, momentuz, eskariak eskaintzak baino indar handiagoa dauka. Horren ondorioz, askotan elikagai ekologikoak urrutiko lekuetatik ekartzen dira, eskari hori asetze aldera. Bada, ekoizpen gunetik kontsumo gunera arteko kilometroen kopurua handitu ahala, elikagaien “ekologikotasuna” ahulduz doa, bai garraioan xahutzen den energiari erreparatuz gero, baita nekazaritza ekoizpenaren deslokalizazioak jatorrizko herrialdeetan sortzen dituen arazo sozialak aintzat hartuta ere. Nekazaritza ekologikoaren karga filosofiko sakona urardotu ez dadin, EHKOLEKTIBOAren helburua da ekoizpen eredua zehaztapen tekniko soiletatik haratago eramatea. Horretarako, Europako nekazaritza ekologikoaren araudia oinarri hartuta, bertokotasunari eta alderdi sozialari ekoizpen ereduari bezainbesteko garrantzia emango dion bereizgarria zehaztu bidean da laborari ekologikoen kolektiboa.

Arras landutako ekimena da EHKOLEKTIBOArena. 2007an, Pirinioen bi aldeetako laborari biologikoak Euskal Herriko agroekologiaren ezaugarriak zehazten hasi ziren. Orientazioaren arabera sortutako 10 lantaldeetan, lau urtez, baratzezaintzan, frutagintzan, haragitarako abere hazkuntzan, arrautzen ekoizpenean, sendabelarren ekoizpenean… agroekologiaren irizpideei jarraitzeko ezinbesteko baldintzak finkatu dituzte. Iragan urtean, ekimenak hartutako dimentsioaren gibeletik, elkarte moduan eratu zen EHKOLEKTIBOA, eta elkartearen dinamika mantenduko duen animatzaile bat kontratatu ere egin zuen. Horrez gain, animatzaileari sostengua ematen dion talde eragilea eratu zen.

2015 honetan, ekimenak hasieratik izan duen helburu nagusietako bat erdiestea espero da: kolektiboak zehaztutako irizpideak betetzen dituzten etxaldeei ikusgarritasuna ematea, bereizgarri baten bitartez. Talde eragileak identifikatzailea abian jartzeko lehen urratsa definitu du, konpromisoen agiria erredaktatuz. Guztira, 7 konpromiso eta 15 baldintza batzen ditu agiriak, abere-hazkuntza, agronomia, salmenta eta alderdi sozialarekin lotutakoak. Laburbilduz, EHKO identifikatzailea erabili nahi duten laborariek beraien etxaldearen aurkezpena egin beharko dute eta irizpideak betetzen dituztela adierazi. Horrez gain, lantaldeetan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Datorren larunbatean, urtarrilak 24, 8. Topaketa egingo du EHKOlektiboak. Tokia ENEEKen egoitza berria izango da, Zornotzako (Bizkaia) Jauregibarria baserria, hain zuzen. Arratsaldeko 4etatik aurrera, Iparralde eta Hegoalde osoko laborariak batuko dira bertan, Talde Eragileak prestatu duen Konpromisoen agiria aurkezteko. Topaketaren beste gai garrantzitsua Onarpen Komisioaren aurkezpena izango da. Talde eragilearen barne dagoen komisio honek EHKO identifikatzailea erabili nahi duten laborarien eskakizunak aztertuko ditu. Kolaboratzeko espirituarekin, onarpen komisioak parte-hartzea bultzatzen duen berme sistema bat garatzea du helburu. Eguna borobiltzeko, transgenikoen inguruko hitzaldi bat egingo da, EHNE Bizkaia eta COAG-eko ordezkari Andoni Garcíaren eskutik.

Autogestioan oinarritutako herri ekimena

Beste ezeren gainetik, EHKOlektiboaren dinamikako protagonistak laborantza biologikoan aritzen direnak dira. Euskal Herriko ekoizpen agroekologikoa bereiziko zuen identifikatzaile bat sortzeko espirituarekin jaio bazen ere, ekimenaren garapenak erakutsi du laborarien elkarrezagutza sustatzeak zer-nolako eragina duen. Irizpide agroekologikoak elkarrekin adosteko lan-bilerez gain, lantaldeen dinamikak laborarien artean jakintzak partekatzea ahalbidetzen du, etxaldeetara egiten diren bisitetan. Azpimarratu beharra dago, ordea, laborariak EHKOlektiboaren oinarria izanik ere, herritar ororen parte-hartzea bilatzeari garrantzi handia ematen diola kolektiboak. Bestela nola eraiki liteke benetan agroekologia Euskal Herrian, herritar guztien bultzadarekin ez bada? Iragan martxoan elkartea ofizialki eratu zenetik gaurdaino, 100 kideren sostengua jaso du EHKOlektiboak. Bada zerbait, baina oraindik ere atxikimendu gehiago beharko ditu, Euskal Herriko nekazaritza ekologiko, bertoko, baserriko eta sozial baten alde lanean jarraitzeko.

https://ehkolektiboa.wordpress.com/