Iñaki Altuna

Ez da xakea, aurrerabideak galarazteko saioa baino ez

ETAko biktimen izenean hitz egiten duen Daniel Porterok (Dignidad y Justicia) Twiterren botatako mezua oso adierazgarria izan zen (Los batasunos estáis nerviosos porque nadie ha pedido suspender la manifa de los terroristas de ETA de mañana??. Todo a su debido momento...). Ez litzateke espekulazio hutsa esatea PPk biktimen mundu hori landu duela, aurreko urteko egoera ez sortzeko. Manifestazioaren debekua kontra bueltatu zitzaion orduan, eta inoiz Euskal Herrian izandako manifestazio handiena egin zen. Horregatik esan daiteke PPk oraingoan ondorengo erantzuna prestatu duela eta prestaketa horretan hainbatekin hitz egin duela. Hainbeste karranka egiten duten biktimen elkarte horiekin bai behintzat, Porteroren hitzetatik ondoriozta daitekeenez.

Ultraeskuindarrekin arazo askotxo izan eta gero (abortuaren gaia dela-eta, adibidez), ez du nahi ETAren afera beste higatze fronte bat bihurtzea, hauteskundeen azken txanpan baitira. AVTk urtarrilaren 24an Madrilen egingo duen kontzentraziotik abiarazi zitekeen ildoa erabat neutralizatu du.

Hauteskundeek gertatutako guztian eragin handia izan dutela ezin daiteke uka, baina azterketa hankamotz geratuko litzateke gai hori bakarrik hartuko bagenu kontuan. Euskal Herrian sortutako agertoki berria okerrerako baldintzatzea dute xede nagusia. Azkenaldian, badirudi ezker abertzalea ere konturatu dela gatazkaren arrazoiak eta ondorioak ezingo direla bereizi bi prozesutan (paradoxikoki, horixe eskatzen zuten gainerako eragile guztiek orain dela ez asko). Halaxe esan berri du Arnaldo Otegik “Berria” egunkariko elkarrizketan: «Estrategiaren ardatza prozesu independentistan jarri behar da, eta ondorioen agenda hor kokatu». Baina, seguru asko, ezker abertzalea baino lehenago bakearen kontrako agenda maneiatzen dutenak iritsi ziren ondorio bertsura; bi eremuak –gatazkaren muin politikoa eta gatazkaren ondorioak– uste baino askoz ere elkarlotuago daudela, alegia. Estatuak duen krisi galanta edukita eta Euskal Herrian trantsizioaren iruzurrak ibilbiderik gabe geratuta, zer pasatuko ote litzateke eremu politikoan ondorioen agenda desblokeatuko balitz? PPk egin du ekuazio hori eta emaitza ez zaio batere gustatu, are gutxiago Kataluniako prozesuak halako dimentsioa hartuta.

Edozein prozesu blokeatu nahi izatea eta hauteskunde zikloan sartu izana dira PPk gidatutako azken oldarraldiaren arrazoiak. Antza, ez zuen Eusko Jaurlaritza informatu, baina sinesgaitza da azken hilabeteetan elkarri ezer esan ez izana. Nola ulertu, bestela, atxiloketen ondoko erantzun epela, inoiz baino epelagoa? Gobernuak ezker abertzalea egurtuko duela asumitua dute nonbait jelkideek, noizbait beraiek Madrilekin aritzeko aukera izango dutelakoan. Gobernuak aldebakarreko apustua garatzea oztopatu nahi dio ezker abertzaleari, umiliazioaren bidetik ez badoa, eta Iñigo Urkulluren jokabidea posizio hori indartzen ari da (han eta hemen zabaldu diren zurrumurruek diotenez, izugarriak dira lehendakariaren laguntzaile ezagun batek nazioarteko zenbait eragileekin egindako gestioak, jokalekua txiki-txiki bihurtzeko asmoz).

Halere, PP berriro urrunegi joan da, eta Jaurlaritza ebidentzian utzi du. Atxiloketen ostean, Auzitegi Gorenaren ebazpena etorri da, eta ebazpen horrekin presoen gainean ardura jartzearen diskurtso ustela agerian geratu da, kaltetua, kasu horretan, EPPK aspaldi utzi zuen Kepa Pikabea izan baita. Egoeraren errua presoen bizkar gainera bota izan duen Erkorekak berak hauxe aitortu behar izan du: «Espainiako Gobernuak espetxe politikaren salbuespen egoerari amaiera eman behar dio».

Une historiko hau Euskal Herrian elkarrekin lan egiteko eta urratsak egiteko aproposa da, batez ere herritarrek behingoz beste errealitate bat erdietsi nahi dutelako. Horregatik, jelkideen esperantza ezin daiteke izan ezker abertzalea itolarrian ikustea –eta katalanen prozesua ez atzera ez aurrera geratzea– beraiek berriro ere hirugarren bide gisa azaltzeko. Herri honek ez du horrelakorik merezi.•