Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hezkuntza-erreforma herri ez normalizatu batean

Mundura begira jarri ginen aurrekoetan. Ikusi genuen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak munduko herritar guztiok hezkuntza jasotzeko eskubidea dugula aldarrikatu arren, 57 milioi haurrek baino gehiagok eskolara joan ezinik jarraitzen dutela.

Lehen mundukoak omen diren herrialde askok konpromisoak hartu zituzten hezkuntzaren unibertsalizazioa bermatzeko. Hala ere, urtez urte, diru-laguntzak gutxituz joan dira eta, gainera, gero eta gehiagotan dirua ez da behar handienak dituztenengana iristen: diru gutxiago eta okerrago banatuta, halaxe laburbil daiteke egoera.

Mundua den puzzle koloretsu horretan Euskal Herria gure kolorez margotzea lortu ezinik jarraitzen dugu. Normalizatu gabeko herria da gurea, ondorioz. Geografikoki eta administratiboki zatikatua, Espainiako eta Frantziako gobernuek ezarritako legeek eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak haiei eginiko egokitzapenek arautzen dute hezkuntza.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetan eskoletako ildo nagusiak Espainiako Gobernuak diseinatzen eta ezartzen ditu. Frankismoaren ondoren igaro diren 37 urteetan, hezkuntzari dagozkion zazpi lege organiko ipini ditu indarrean. Azkena, ikasturte honen hasieran bertan, Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoa –Wert legea–, LOMCE gisa ezagunagoa. Lege organiko hori, 2013ko urte amaieran onartu, eta haren ebazpena 2014ko uztailean argitaratu zuen Madrilek. Tokian tokiko administrazioek, ordea, ez zuten dekreturik idatzi LOMCEa aplikatzeko edo saihesteko. Ez omen zuten denborarik izan.

Hezkuntza komunitateak eta eragileek behin eta berriro salatu dute lege hori inongo kontsentsurik gabe onartu dutela. Erabateko inposaketa izan dela, beraz. Era berean, esan dute haren justifikazioan eta diseinuan behar pedagogikoak eta sozialak ez direla inondik inora kontuan izan, eta azken urteetan hezkuntza arloan lortutako aurrerapenentzat atzerapauso nabarmena ekarriko duela.

Espainiako Hezkuntzako ministroak, bien bitartean, Espainiako Estatuko ikasleek PISA neurketetan izandako emaitza kaskarrak argudiatu ditu. Egia da gaur egun PISA dela hezkuntzaren kalitatea baloratzeko neurgailu garrantzitsuena –ia bakarra ez bada!–. KHEEko (Kooperazio eta Hazkunde Ekonomikorako Erakundea, OCDE) 45 herrialdeetako ausaz hautatutako eskoletan egun berean egiten duten azterketa horretan (denentzat bera), 15 urteko ikasleen eskola-errendimendua neurtzen du PISAk irakurketan, matematikan eta zientzietan.

Ondoren, herrialde bakoitzeko ikasleek lortutako batezbestekoarekin ranking moduko bat egiten dute. Eta horixe da, batik bat, munduko hezkuntzari buruz herritar gehienoi iristen zaigun datu zabalduena.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ikasleen emaitzak Espainiako Estatuko gainerako ikasleen datuekin pilatuta datoz. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoakoenak, berriz, Frantziako Estatukoenekin nahasten dira.

Seguruenik gehienok badakigu zerrenda horretan Finlandiak lortutako postu onaren berri, aspalditxotik hara begira jarrita baitaude hezkuntza aditu asko. Frantzia batezbestekoan dago eta Espainia, aldiz, esanguratsuki azpitik, hala nola Europar Batasuneko herrialdeen batezbestekotik ere.

Ez da lan erraza Euskal Herriko ikasleen emaitzak bi multzo handi horietako emaitzetatik banatzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek 2012ko neurketan lortutako emaitzak KHEEko batezbestekoa baino esanguratsuki hobeak izan dira. Hori lehen aldiz gertatu da, eta aurreko neurketetan lortutako emaitza onen segida da.

Beraz, ikasturte honen hasieratik Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako eskoletan aplikatzen hasi den lege lauso horrek zein gorpuzte eta eragin izango duen jakin ez arren, bistan da jendarteak dituen beharrek eta PISA neurketen emaitzek ez dutela justifikatzen jendartearen eskakizunen aurka doan hezkuntza-eredu hori. •