Iñaki Soto

Irriterapia ideologikoa, ispiluaren aurrean

Al Jazeera telebista katearen erredakzioan “Charlie Hebdo” agerkariaren harira eztabaida bizia izan dutela irakurri dut. Ez dira ez bakarrak izan. Gurean ere izan ditugu. Adibidez, “Charlie Hebdo”-koak «banda de capullos arrogantes e irresponsables» gisa definitu ditu norbaitek hemen, gutako askorentzat biktima izateak ez baititu kazetari horiek heroi bihurtu, are gutxiago eredu. Baina notizia zer den eta zer ez den ez dago horren arabera, berri askoren protagonistak halaxe baitira, «capullo» hutsak. “Charlie Hebdo”-k ez digu graziarik egiten eta, ondorioz, auzia gutxiesteko joera dugu. Honelakoetan, gainera, argudioak sarri gure aurka erabiltzen direnen ispilu hutsa izaten dira. Ziur naiz batek baino gehiagok «que se jodan» pentsatu duela. Aste honetan sarri esango zuten hori bera guri buruz. Ez nau horrek kezkatzen, erreakzio gisa. Errealitatea ulertzeko eta aldatzeko ezgaitzen gaituen neurrian bai, ordea, kezkagarria iruditzen zait.

Sarri auziak baloratzeko garaian jendeaz ahazten gara. Adibidez, aurreko astean Baionan milaka eta milaka euskal herritar bildu ziren. 20.000, zenbait iturriren arabera; asko, nolanahi ere. Ez izan zalantzarik horietatik asko «capullo gabatxoak» izango zirela. Eta kazetari, «celebrity» eta agintari «capullo»-ez gaindi, herritar «capullo»-ekin eraiki beharko dugu herri ostia hau.

Irribarrea tresna iraultzaile gisa baliatu nahi bada, aurrean duguna erreflexuarekin distiratzeaz harago gure burua islatu behar dugu, autokritiko izan eta, sikiera lantzean behin, barre egin. Harrigarriro, oso jendarte ozpindua bihurtu gara; euskal jendea arrazoia duenean ere haserre dago.

Honen guztiaren harira eta azkenaldian tertulietan izan ditudan bizipenengatik, Arnaldo Otegiren lemaz oroitu naiz: «Egin irribarre, irabaztera goaz-eta». Lema horrek bi ibilbide posible ditu. Bata, orokorra eta epe luzekoa da, gizarte gisa, «win-win» eskeman oinarritua; eskubideen eszenatoki bat irekiz gero irabazteko aukera guztiak ditugulako, gure argudio eta proiektuak besteenak baino askoz hobeak direlako. Bestea, epe laburragokoa eta partikularra da, gurea, independentistona, norgehiagoka politikoaren botere-balantzan gu gainetik jarriko gaituen estrategia gisa ulertuta. Honek errelatoarekin du zerikusia.

Unionistek, baita zenbait abertzalek ere, gure benetako historiaren aurrean negazionismora jokatuko badute, guk, gure ardurak onartzearekin batera, beste aldetik ez baldin badago erantzun positiborik edo «feedback»-ik –alegia, paternalismorik gabe, denon artean eta norberak bere ardurak onartuz, guztion egiez osatutako egia ardatz izango duen kontakizun komun bat eraikitzeko asmo zintzorik izan ezean–, historikoki gaitzetsi dugun biktimen papera baliatu beharko dugula uste dut. Gure diskurtsoan historiaren indarra apaldu beharko dugu, memoria batez ere errekurtso erretoriko gisa erabiliz. Are gehiago, iraganari buruz pentsatzen eta sentitzen dugunaz zer puntutaraino gezurra esan behar dugun ere baloratu beharko dugu. Eta orainaldiaren eta etorkizunaren ardatzak lehenetsi beharko ditugu. Bestela ere honela jokatu beharko genukeela uste dut, beti pentsatu izan baitut gure aukera bakarra etorkizun hobeago bat marraztetik datorrela, ez iragan loriatsu bat berreraikitzetik. Baina, aipatutako eszenatokian, iraganarekiko axolagabekeria puntu hori zinismoraino eraman beharko dugu, agian. Besteez trufatu beharko gara, nolabait esateko, beraiek gutaz trufatzen diren bezala. Agian, jokabide zital baina efikaz horrekin, herri honen maila kultural eta ideologikoa are gehiago motelduko dugu, hori posible bada. Ondorio hau oso kontuan hartu behar da. Baina «fair play» identitario eta politikoari ateak irekiko dizkion eta guztiok irabazle aterako garen eszenatokiari ateak irekitzeko adostasunik ezean, gizartearen joera negargarriak baliatuko dituen estrategia zitala martxan jartzea baloratu beharko dugu, lehenago edo beranduago. Bals hau dantzatzeko gezurra menperatu behar da, edo gutxienez egiak soilik ez gaituela askatuko jakin behar dugu.

Ez dut etsi nahi, ez dut gizarte gisa atzera egiterik nahi. Maila pertsonalean, herria pobretuko duen marko bat eraikitzea baino nahiago dut zigorra jasan. Baina, kasu horretan ere, gure sufrimenduaren errentagarritasun politikoari begiratzen hasi beharko dugu. Gaur, orain, hemen, bortxatzen ari diren giza eskubideak gureak direlako. Hemen Javier Salutregi, Jose Luis Elkoro, Pablo Gorostiaga eta Murga anaiak direlako “Charlie Hebdo”, besteak beste.

Aurreko hitzak apokaliptikoegiak iruditu bazaizkizu, irakurle lagun hori, pentsa ezazu ispiluen jokoak horretara eramaten gaituela, era batean edo bestean. «Capullo»-en mailara jaitsi edo guztion maila igotzen ahaleginduko garen erabaki behar dugu. Eta nola egin asmatu, erdibidetik edo zuzenean eskemak hautsiz. Edonola ere, hobe irribarre batekin bada, nigandik hasita. •