Iker Barandiaran

Kable batetik zintzilik

Orain dela 15 urte izan zen. Oso ondo gogoratzen dut. Ez zait ahaztuko. Egunkari honetan lan egiten nuen eta lagun batek Grosen zeukan tabernan kafea hartzen nengoen. Korrika eta presaka tabernara sartu zen. Mehea eta luzea zen. Sakelako telefonoa eskuetan altxatuta zerbitzariari presaz erakutsi eta aurpegi larriz indar gabe gelditutako aparatu pisutsu hura kargatzeko kablerik ote zeukan galdetu zion begi-zuloak agerian utziz, izerdi patsetan. Larria zen jonki haren egoera eta kable hark baldintzatzen zuen ezinegona agerikoa zen.

Luzaroan ahalegindu nintzen eszena hura burutik kentzen, baina ez zen erraza izan. Handik hilabete gutxira nire bizitzako lehen sakelakoa, Nokia pisutsu bat, eskuratu nuen. Bueno, eskuratu baino, GARA egunkariko gure arduradunak taldekoei aparatu bana ekarri zigun, edozer balego ‘lokalizable’ egon gintezen. Etorriko zitzaiguna aurreratzeko gai ez izan arren, ez zitzaigun ondo iruditu eta bizpahiru egunetan planto eginez itzalita izan genituen guztiok; edo ia guztiok, gutako bati sintonia plano hark autobusean jo eta luzaroan lotsatuta egon baitzen. Eta ez zen gutxiagorako: gogoan dut autobus batean bizi zen lagun batek halabeharrez sakelako bat erosi behar izan zuela –ia behartuta– eta haren aparatuarekin kalean!! lehen aldiz hitz egin nuenean lotsaz jota non sartu ere ez nuela jakin.

Uda hartan Portugalera jo nuen oporretan eta zur eta lur gelditu nintzen hango hirietan jende guztia leku guztietan sakelakoekin hitz egiten ikusita. Horien artean, ez zait ahaztuko terraza batean bikote gazte bat jarrita eta biak aldi berean telefonoz hitz egiten ikustea. Giza-inkomunikazioaren muturra iruditu zitzaidan. Inozoa ni!

Bestalde, orain gutxi jakin dut –lagun batek ikusita– Kenyan bizi diren masaiek ere ‘taparrabos’-az eta matxeteaz gain, sakelakoa eramaten dutela ia guztiek. Dena den, egiari zor argitu beharra dago herrialde horretan, beste askotan bezala, kable bidezko telefonoaren azpiegitura ezartzea baino merkeagoa eta errazagoa omen dela sakelakoena bideratzea.

Lanean oparitutako Nokia hark urte asko eman zituen nirekin, ugari. Horren arrazoietako bat izango zen, ziurrenik, itzalita sasoi luzeak pasatzen zituela, eta ondorioz oso gutxitan kargatu behar izaten nuela. Horren harira, badut lagun bat urtero ez bada bi urtetik behin bere gurasoek sakelako berria oparitzen diotena non dabilen jakiteko, baina ez ditu telefonoak pizten eta erabili ezean kontratua behin eta berriro eteten diote. Eta ez da txantxa… “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuten ostegun beltz hura, niretzat gogoangarriagoa da aipatutako lagun horrek bere sakelakotik!! deitu zidalako berri hori emateko.

Horretan ere gure ohiturak izugarri aldatu dira, eta sakelakoei esker abantaila asko baditugu ere, benetako beharra ez zena premiazkoa da orain eta are eta lotuago bizi gara, nahiz eta ez jakin zehazki zeri eta zergatik lotuta. Pentsa, nik neuk ere iaz aldatu nuen sakelakoa, berri bat oparitu zidatelako, eta hala lehen aldiz Internet izan nuen poltsikoan. Hala ere, pentsa ze azkar ‘ohitu’ naizen egoera berrira, 3G gabe egon naizen sasoi batean horren hutsunea sentitzen nuela.

Horregatik neurri batean miresten ditut sakelakorik ez dutenak edo sakelako telefonoa izan arren, kalera ateratzen ez dutenak; telefonoa behar dutenean bakarrik erabiltzen dutelako eta ez dutelako nahi uneoro ‘lokalizable’ egon. Nik ez nuke horrenbeste esango, baina lagun batek orain dela urtebete esan zidan poltsikoko telefonoan Internet daukanetik txarrago bizi dela, hainbeste mezu, ohar eta bestelako jasotzeak gehiago aztoratzen duela.

Lagunaren egonezinak zerikusi zuzena du guk gizarteari eta gure buruari sortarazi diogun presaren kontzeptuarekin: guztia egin behar da oraintxe bertan, ezin dugu itxaron erantzuna jasotzeko, egin duguna zabaltzeko, informazioa jaso edo zabaltzeko… Guk geuk aztoratzen dugu gure burua, izugarrizko presa eta ‘hor-egon-beharra’ ezarriz, eta sakelakoa indar gabe geldituz gero ez gara ezer. Biluzik gaudela uste dugu, zentzurik eta benetako garrantzirik ez badu ere. Gutxienez, Donostian ikusi nuen jonki hark bazekien zeren behar larria zuen. •