Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Merkatuaren alde (eta kontra)

Anne Clerval geografoak azken 50 urteotako Pariseko gentrifikazio-prozesua aztertu zuen “Gentrifikazioaren espazio-dinamikak Parisen: sintesi mapa bat” lanean. Gentrifikazioa, aipatu izan dugu hemen, merkatuak desiragarritzat jotzen dituen auzoek jasaten duten burgestea da, bertako biztanle-profila aldarazten duena pixkanaka ala kolpean. Kartografia kritikoko ariketa honetan barrutik kanporako indar gentrifikatzaile bat marraztu zuen Clervalek, hiriko mendebaldeko Beau Quartier-etan jatorria duena, eta azaltzen du nola joan den hamarkadaz hamarkada gentrifikazioaren muga hori labainduz, lekualdatuz, Paris hiria ofizialki amaitzen den Boulevard Périphérique estutuz.

Bitartean, duela hilabete gutxiko artikulu batean, Simon Kuper kazetariak dinamika beraren hurrengo pausoaz jardun zuen eta fenomenoa azaltzeko tankera aldrebeseko hitz berri bat proposatu: plutokratizazioa. Grekeratik, ploutos (aberastasuna) + krazia (boterea).

Saskia Sassenek hiri globalak izendatu zituen horiek ghetto aristokratiko bihurtzen ari direla azpimarratzen du plutokratizazio kontzeptuak, alegia, eliteak bere burua iraunarazten duen ingurune fisikoa. Fenomenoa ez da berria, eta gentrifikazioarekin gertatzen den bezala, logika kapitalistaren baitan erraz ulertzen da. Aldatzen den ezaugarri nagusia lekuz mugiarazten den biztanleriaren profila da. Merkatua alde izan duenak kontra du orain, historikoki gentrifikatzailea izan den klase soziala baita hiritik alde egitera behartua sentitzen dena prezio altuetatik ihesi. Priced out ingelesezko lokuzioak ongi laburbiltzen duen moduan.

Gentrifikazioaren kontra edo plutokratizazioaren beldur, albiste izan da Parisko Udalak gobernu plan bat prestatu duela fenomeno hauei aurre egiteko. Saiatzeko, bederen. Droit de preémtion (lehentasunez erosteko eskubidea) delakoa erabiliz, kale zehatz batzuetan, etxebizitza salgai jarriz gero Udalari eskaini beharko dio lehenik jabeak, merkatu-balioan baina Udalak berak erabakitzen duen prezioan. Epe motzera, helburua alokairuan bizi diren klase ertain-baxuko bizilagunen ihesa ekiditea da, eta nahasketa soziala eskailera-eskalan bermatzea. Epe luzera, aldiz, Pariseko etxebizitza-multzoaren herena publikoa izatea, eta babes ofizialeko etxebizitza horiek puntu zehatz batzuetan kontzentratuta egon ez daitezen da helburua.

Neurri “erradikal” gisa aurkeztu dute proposamena hainbat hedabidek, eta zer pentsatua eman dit. Ideia interesgarria izanagatik, indar publikoaren ezintasunaren adibide sintomatikoa dela pentsatu dut, Udalak lehentasunez erosi ahal izango dituen 8.000 etxebizitzetatik 100 bat soilik pasatuko direlako esku publikoetara, euren kalkuluen arabera. Merkatu-balioa onartzearen porrot sinbolikoan pentsatu dut ondoren, gobernu plana de facto garestiegi bihur dezakeena, merkatuaren alde eta kontra aldi berean. Azkenik, hain gurea dugun desjabetzearen sistemarekin konparatuz gero ez ote den neurritxo ñimiño ia ezdeusa, pentsatu dut. Eta zeinen erraz desjabetzen den gure herrian “interes orokorra” komodinaren izenean, kotxerik gabeko autobide bat edo trenik gabeko trenbide bat eraikitzeko bada ere. Interes orokorraren lehentasunak, 100.000 etxebizitza pasatxo huts ditugun Herrian.•