Koldo Sagasti

Nahastu gabe

Txanodun guardia zibil armatuek iragan larunbatean Bilboko manifestazioan bildutako sosak lapurtu zituzteneko argazkiak hautsak harrotu ditu Euskal Herrian. Musu-truk diru laguntza hori jaso izana Ogasunari iruzurra den argudio txatxua baliatu zuen Barneko ministroak oldarraldi justifikaezina justifikatzeko. Arrazoibide berbera erabil lezake Fernandez Diazek igandero Espainia osoko elizetako atabaketan biltzen den dirua atzemateko; baina Jainkoaren bideak bezain ezin asmatuzkoak omen dira bere diru-kontuak, eta horregatik, ez da jaio kristaurik elizaren finantziazioa kolokan jarriko duenik, are gutxiago Opuseko kiderik. Aldi berean, euskal presoen hamabi abokatuen eta beste lau herritarren atxiloketa argudiatzeko ere, trakets ibili zen ministroa. Trakets baina bere Pariserako bidaian ongi ikasitako erretorikaz. Agerraldi publikoan Fernandez Diazek ezker abertzaleko legelarientzat zein Estatu Islamiarreko sikarioentzat berdin balio zezakeen dialektika lausoa eta zehaztugabea erabili zuen, modu bihurrian. Ondo ikasita ekarriko zuen ikasgaia Frantziarako bisitalditik. Lehen dena ETA bazen, orain dena terrorismoa da, horrela, modu generikoan, berdin ekintzaile politiko bat izan, zein haren abokatua, zein Ceutako hesian bizitza jokoan jartzen duen etorkina, zein kazetariak garbitzen dituen mertzenario bat. Horixe da “Charlie Hebdo” aldizkariaren aurkako atentatuaren ondoren Europatik datorkigun errezeta, gero eta murrizketa gehiago eskubide zibil eta politikoen arloan, gero eta jazarpen gehiago edozein disidentzia motarako, dena segurtasunaren izenean; eta orain lizunagoa dena, adierazpen askatasunaren izenean ere bai. Izan ere, Euskal Herrian egunkariak ixten dituzten eta abokatuak atxilotzen dituzten berberak ordu batzuk lehenago Netanyahu gerra kriminalarekin batera erromerian zebiltzan Pariseko kaleetan, zertan eta adierazpen askatasuna aldarrikatzen. Horixe da gakoa, gauzak nahastea, zanpatzailea maitatzen eta zanpatua gorrotatzen amaitzen dugun arte. •