Kattalin Miner

4Fantasma

Azken astean hautsak harrotu ditu Kataluniako telebista publikoan, jada beste esparru, zinemaldi, mugimendu sozial eta abarren artean goraipatu eta eskertua izan den “Ciutat Morta” dokumentala bota izanak. 2006an Bartzelonan hasi zen muntaia polizial bat jasotzen du dokumentalak maisuki, eta agerian utzi du, euskaldunoi tamalez hain ezezagunak ez zaizkigun korrupzio sare polizial, judizial, mediku eta politikoek nola funtzionatzen duten. Muntaia honek hainbat errugaberen kartzela zigorrak eta pertsona batek bere buruaz beste egitea ditu, besteak beste, ondorio.

Kasua tamalez edo zorionez ongi ezagutzen dugunontzat baliteke hautsak berandu altxatu izana, baina 4F-a argitu dadin borrokan dihardugunok aspaldian sinetsita dugu “inoiz ez dela berandu”.

Ez dut kasuaz azalpenik emango, entzun duenak badaki, eta entzun ez duenak Interneten du informazio osoa, eta egun dokumentala bera ikusteko aukera ere.

Gazi-gozoa da, esan bezala kontu hauek orain iritsi izana, hain zuzen, hainbat eta hainbat pertsonaren bizitzak aldatu zituen otsailaren 4 zorigaiztoko hori gertatu eta bederatzi urtera.

Galdetu nahi nioke kartzela musu-truk jan duen Rodrigo Lanzari ea zer sentitzen duen orain. Ea berak aldarrikatzen zuen mendeku sentimendua baretu zaion apur bat, edo amesgaiztoaren amaieran esnatzen joatearen sentimendu hutsala besterik ez ote duen. Galdetu nahi nioke Silvia Villuelasi eta beste zientoka inguruko lagun eta borrokalariri ea orain nola jaten den Patricia Herasen heriotza, suizidioa.

Baina galdera horiek tripetakoak dira, maitasunezkoak, 4F-a deseraikitzen elkarren alboan izan ditudan gorputz intsumitu eta nekaezinei botako nizkienak. Galdera errealak, inkomodoak, zorrotzak, oraindik tripetatik bihotzerre nazkagarrienaz bustita doazenak beste batzuentzako daude.

“Inoiz ez dela berandu” diote eta hori gezurra da. Inoiz ez da berandu gauzak egiteko, inoiz ez aurrera egiteko, bizitzeko, baina denbora eta iraganerako beti da berandu. Inork ez digu Patriren konpainia itzuliko, inork ez du Rodriren kartzelaldia ezabatuko, inork ez ditu torturek utzitako gaueko hotzikarak desagerraraziko. Berantegi da.

Mamu gehiegi dago gurean, Bartzelona bezalako hiri bateko mugimendu sozial eta maitasunezkoan mamuak dantzan dabiltza oraindik; 4F-aren itzala luzeegia da. Ikusi dut minak eta inpotentziak harrapatutako gorputzen oihu (inoiz) etsitua, eta gaur lasaitasun bare eta urduria nabari dut kasu honen bueltan sufrimendua eta agonia gorpuztera iritsi diren horiengan.

Hau ez da justizia kontu bat (soilik). Hemen gauzak agerian jarri eta mamuak dantzan hasi dira. Batzuentzat suizidioaren mamuak, besteentzat torturenak, kartzelarenak, poliziarekiko beldurrarenak. Baina mamu horiek desagertzen hasi dira mahai gainean sistema polizial-juridiko-politiko usteldua agerian uztearekin bat, eta orain, orain beste batzuen inguruan hasi dira dantzan mamu horiek. Hori da mendeku gozoena; inoiz ez osoa, baina bai gozoa.

Diana J. Torres “Pornoterroristak” zioena profezia moduan betetzen hasi dela pentsatu nahi dut: «Zuok, jaun andereok! Torturatu zenutenok! Txostenak idatzi zenituztenok! Akusazio faltsuak idatzi zenituztenok! Inongo humanitate edo lotsarik gabe korrupzio sare nazkagarri hau sortu eta interes politikoak legitimatzeko gezurra esan zutenok! Zuok guztiok, noizbait, nahiago izango duzue jaio ez bazinate!»

Gaur Patricia Heras, Hildako Poeta izan dut gogoan une batez. Gaur, laguntasun sare nekaezinaren memoria izan dut eredu. Gaur, diskurtsoa minutu batez baztertzeko prest ez dagoen mugimendu sozialak harrotu nau. Gaur ez da ezer irabazi, baina lapurtutako loa errekuperatzen hasiko gara amesgaiztoaren amaieran, eta mamuek, mamuek beste bulego batzuetarako bidea egingo dute, azken egunera arte. •