Joseba SALBADOR
Zergen etorkizuna

Aldaketa txikiak izan badira ere, ez da espero BEZaren jaitsiera orokorrik

Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) eragin zuzena dauka kontsumitzaileengan, zeharkako zerga izanik ez duelako bereizten aberats eta txiroen artean. 2012. urtean igoera handia izan zuen, eta sektore asko kolpatu zituen. Aurten ere aldaketekin dator, baina aldaketa gutxi eta gutxi batzuen mesedetan izango dira, salatu dutenez.

Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS
Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS

Estatu espainiarrean ekonomiari buruzko mezu baikor ugari entzuten ari diren honetan, zergen etorkizuna eta, bereziki, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) eztabaida mahai-gaineratu egin da urtea hasi zenez geroztik. Izan ere, orain dela hiru urteko igoerek kalte handia egin zieten ez kontsumitzaileei bakarrik, baita kultura, ile-apaindegi edota landare bizitegien sektoreei ere, baina aurten aldaketa batzuk etor daitezkeela dirudi.

Nahiz eta kontsumitzaileak aldaketa handirik ez nabaritu, egia da gaur egungo Estatu espainiarreko datu makroekonomikoak eta orain dela hiru urtekoak ez direla berdinak. Garai hartan hazkunde ekonomikoa gainbehera zihoan eta Estatuak zailtasun handiak zituen bere diru-sarrerak bermatu eta defizit helburuak lortzeko. Horregatik hartu zuen Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) igotzeko erabakia, kritika gogorrak jasoko zituela bazekien arren. Nazioarteko erakundeek ere horretara bultzatu zuten behin eta berriro.

Gauza da igoera horrek kalte handiak eragin zituela oro har kontsumitzaile guztien artean, BEZa zeharkako zerga denez ez dituelako herritar txiro eta aberatsak bereizten. Alde batetik, 2012ko aldaketarekin, BEZaren tasa murriztua %8tik %10era igo zen (janaria, garraioa eta ostalaritza), eta tasa orokorra (gainerako ondasun eta zerbitzuak) %18tik %21era igo zen. 

Igoera honek, era berean, kalte handiak eragin zizkien hainbat sektore profesionali. Ile-apaindegien kasuan, adibidez, zuzenean %8tik %21era igo zen eta horrek kinka larrian jarri zuen sektore osoa. Lehenbiziko urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan 500 enpresa itxi ziren eta mila langile lanik gabe geratu ziren.

Baina igoeraren kolpea nonbait sumatu badute, kulturgintza arloan izan da, sektore honetan ere %8tik %21era igo baitzen zerga, eta hala, Europar Batasuneko altuena izatera iritsi zen, luxuzko produktuen pareko. Sektorean eragindako kaltea izugarria izan da, batez ere musikan, arte eszenikoetan eta zineman. 2008az geroztik krisialdi sakonean sartuta badago ere, zerga-igoerak azken kolpea eman dio. Lehen urteko eragina neurtzen duten azterketen arabera, ikusle kopurua %30 jausi da eta, diru-sarrerak, %20 baino gehiago. 

Kultura eskuragarri egitea

Datuak ez dira nolanahikoak, kontuan hartuta kulturgintzak Estatu espainiarreko barne produktu gordinaren %3a suposatzen duela eta administrazioaren gastua %0,66koa soilik dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoizpen-etxeak elkartzen dituen Eskena erakundeak hauxe nabarmentzen du: «Euro bakoitzeko guk ia lau sortzen ditugu».

Baina diru kontuetatik haratago, Eskena erakundeak gaineratu duenez, BEZaren igoeraren ondorioetako bat kultura eskuragarri ez egitea da, herritarren eskubide bezala onartua badago ere. 

Egoera honen aurrean, Estatu espainiar osoko milaka eragilek gutun bat bidali diote azken asteotan espainiar gobernuko presidenteari, BEZa jaitsi dezala eskatzeko. Gutunean, kultur arloko eragileek Rajoyk agindutakoa gogorarazten dute, alegia, egoera ekonomikoa hobetzen zenean erabakia berriz aztertuko zuela. Aurtengo datu ekonomikoak ikusirik, une hori iritsia dela uste dute eta, lore eta landareen kasuan egin den bezala, zerga jaisteko eskatu dute.

Izan ere, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera lore eta landareen zerga %21etik %10era jaitsi da berriro. Zenbaiten ustez, egoera aldaketaren zantzua izan daiteke hori, lehengo finantza arazo larriak desagertu egin direlako, eta kultur arloan bide berbera jarraitzeko eskatu diote espainiar gobernuari.

Zalantza dezente

Baina gauza ez dago hain garbi. Segurutzat jotzen den gauza bakarra da PFEZa eta Sozietateen gaineko Zerga jaitsiko direla. Bi kasu horietan euskal lurraldeetan eskumen osoak baditugu ere, ez da hala gertatzen BEZaren kasuan eta Madrilen hartzen diren erabakiak bete-betean ezarri beharko dira Hego Euskal Herrian.

Segurutzat ematen da Estatu espainiarrak PFEZa eta Sozietateen gaineko Zerga jaitsi egingo dituela, baina BEZarekin gauzak ez daude hain garbi, azken hau beste zergen jaitsierak sortuko lukeen diru-sarreren murrizketa orekatzeko erabiliko litzateke-eta. Hori da, behintzat, nazioarteko erakundeek behin eta berriz espainiar gobernuari egiten dioten gomendioa.

Izan ere, ez da hainbeste denbora nazioarteko hainbat erakundek Balio Erantsiaren gaineko Zerga igotzeko eskaria egin diotela Madrilgo gobernuari. Duela urte bat baino gutxiago, NDF eta ELGE erakundeek zerga murriztua duten ondasun eta zerbitzuen BEZa igotzeko eskatu zioten, errekuperazio ekonomikoa sendotzeko.

Modu honetan, gaur egun %10eko tipoa duten produktu gehienak %21era pasatuko lirateke, eta oinarrizko produktuak biltzen dituen %4ko zerga murriztua ere %10era pasatu-ko litzateke. Hauen artean, ogia, esnea, arrautzak, fruta, barazkiak eta gazta daude, baina baita liburuak eta sendagaiak ere.

Janari-saltzaileen eta banatzaileen erakunde nagusiek diotenez, %10eko zerga duten janariek (haragia, arrain freskoa, haurrentzako janariak, olioa, jogurta, pasta edo kontserbak) familiek janarietan gastatzen dutenaren %64,2 suposatzen dute. Ondorioz, zerga %21era igotzeak 600 euro gehiago suposatuko lituzke, urtean, familia bakoitzarentzat. 

Espainiar gobernuak ukatu egin du behin eta berriz igoera horiek aurrera eramango dituela, baina PFEZak eta Sozietateen gaineko Zergak behera egiten badute, gero eta aukera gehiago daude BEZaren igoera gauzatzeko.

Merkataritza elektronikoa

Urte hasiera honek beste aldaketa bat ere ekarri digu zerga arloan, kasu honetan, Europa mailan. Izan ere, ondasun digitalak Internet bidez saltzen dituzten enpresek eroslearen herrialdeko BEZa aplikatu beharko dute aurrerantzean eta ez enpresa saltzailea finkatuta dagoen herrialdekoa. Kontsumitzaileen elkarteek diotenez, aldaketa honek prezioen garestitzea ekarriko du, mota honetako salmenta gehienak egiten zituen enpresak, Amazon-ek, Luxenburgoko zerga aplikatzen baitzuen (%3koa), bertan baitu bere egoitza fiskala. Orain, ordea, liburu elektroniko bat erosi nahi badugu, %21eko zerga ordaindu beharko dugu. Berdin gertatuko da mugikorren aplikazioen kasuan, joko elektronikoetan edo musikan, besteak beste.

Aldaketa honekin, Europako Batzordeak konpetentzia desleiala ekidin nahi duela dio eta, bide batez, multinazionalek dituzten abantailak murriztu. Baina, bestalde, erabaki honek lan handiagoa suposatuko du enpresa txikientzat, erosleen herrialdeetako datuak bilatu beharko baitituzte. Lan hori errazteko, leihatila bateratua irekiko dute foru ogasunek, BEZaren likidazio bateratua egin ahal izateko. Ondoren, ogasunak arduratuko dira dagokien zatia beste estatuetara bideratzeaz.

lore eta landare bizien bez-a %21etik %10era jaistea, «albiste oso ona»

Lore eta landareen merkataritza sektoreak albiste onekin abiatu du urtea, lore eta landare bizien gaineko BEZa %21eko tasa arruntetik %10eko tasa murriztura pasatu baita 2015 honetan. Zerga murrizketa honek lore eta landare biziak lortzeko erabil daitezkeen haziak, bulboak, kimuak eta landare jatorri soileko bestelako produktuak barne hartzen ditu. 2012. urtean gobernu espainiarrak BEZaren igoera onartu zuen eta, ondorioz, ordura arte %8ko BEZa zuten lore eta landareak %21ekoa izatera pasatu ziren. Horrek, krisi egoera orokorrari gehituta, kalte handiak eragin dizkie bizitegietako ekoizle eta merkatariei. Sektoreak jakinarazi duenez, moztutako lore eta landare bizien barne eskaera eta kontsumoa ia %50 jaitsi da azken bi urteotan. Gainera, Europar Batasuneko beste herrialde batzuekiko desabantaila konpetitiboa areagotu egin da, Herbehereetan, Estatu frantsesean, Alemanian edota Italian zerga murriztuak baitauzkate produktu mota hauek, %5-10 bitartekoak.

2012. urtean BEZa igo zenetik, CiU alderdiak behin eta berriz eskatu du Diputatuen Kongresuan lore eta landare bizien gaineko zerga hori jaistea, eta alderdi horren bultzadaz onartu du gehiengoak aipatutako zerga jaitsiera. Izan ere, Katalunian lore eta landareen sektoreak pisu handia dauka. Estatu espainiarreko landareen inportazioaren %43 kontrolatzen dute Kataluniako enpresek, eta negozioa gogor astindu zuen 2012ko BEZaren igoera bortitzak. Hartara, analista politiko batzuen arabera, Mariano Rajoyk Artur Masi «oparitutako lorea» da sektoreko zerga jaitsiera hori.

Keinuak keinu, Euskal Herriko lore eta landare bizien sektoreak pozik jaso du berria eta mesedegarria izango dela uste du.