Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Antiguako tunela

Hormek ez dute ahorik, ez dute mihirik, ez dute begirik, ez dute belarririk; ez dakite hizketan, ez dakite entzuten, ez dakite ikusten baina begiratu egiten digute, forma ematen diote gure ibiliari eta, batez ere, formak ukatu. Eta margotuko ditugu, egingo diegu oihu, joko ditugu ukabilez baina hormek itsu, mutu, gor, jarraituko dute, guk etsitzea beste helbururik ez balute bezala. Hormek ere badute denbora, ordea, aldian behin margotu arren, pintura zaharraren gainean berria jarri arren, denboraren gainean denbora, hormak ere zahartzen dira, zartatzen dira, zatartzen dira, hautsa erortzen zaie ipar haizea iristen denean gizakiari ilea, azala erortzen zaion bezala; negarrez ari balira bezala erortzen zaie hautsa, denboraren eskutan desagertzen ari denaren moduan. Eta oihu egingo diogu eta gure ahotsa itzuliko digu hormak, indartuta, berea aldarrikatzeko beldurrez balego bezala.

Hormek hitza jaten dute; egiozu oihu eta zure oihua irentsiko du, eta isiltasuna emango dizu bueltan. Eta hormak gose dira gurean aspaldion, ohituegi daude hitza jatera, milaka hitz jan dituzte dagoeneko eta badirudi hormak tunel bilakatzen direla batzuetan, joan zen astean adibidez, horma hormen gainean, horma zaharrari pintura kapa berria beharrean beste horma bat erantsi baliote bezala; horma bat astelehenean, horma bat asteartean, horma bat ostiralean, denbora denboraren gainean. Miramarren ibiltzea gustatzen zitzaizula esan zenidan behin, itsasoaren gainean, zuhaitz artean ezkutatuta, inoiz luzatzen ez den belarretan etzanda, hain bakean, hain isilik, hain aske inor ez dabilen garaietan. Baina, batzuetan, askatasunari eusten dioten hormak azalera agertzen dira ustekabean, egunsenti batean adibidez, eta berriz ere aspaldi atzean utzia uste genuen tunelaren iluntasunak jaten gaitu, mintzen gaitu, hormek ez dute mihirik baina minak bai, denbora denboraren gainean margotu arren hormek mina gordetzen dute, auskalo zenbat min irentsi dituzten horma hauek, tunelak zuriz eta urdinez margotu arren, aspaldi esan gabeko amorruek, aspaldi esan gabeko inpotentziek pintura desegin eta denbora berria margotu nahiko luketela dirudi. Eta hemen goaz ibilian; hotz egiten du hemen, nolako hotza egiten duen hona etortzen garen bakoitzean, eta apur bat biltzen gara elkarrengana, apur bat kuzkurtzen gara gure berokiko ahoetan, eta hitzen lekuan kea besterik ez zaigu ateratzen batzuetan, hitzak horma zaharretan ahaztu genituelako, agortu genituelako, eta berriak nahi ditugu, berriak behar ditugu baina kea darigu ahotik eta kuzkurtu egiten gara gure berokiko ahoan, eta hotzak hitz egiten du gure ordez. Eta orduan ikusten zaitut zu aldamenean, eta orduan ikusten dut hura, eta bestea, eta bestea, kea berokiko ahoetatik irteten, jendea kizkurtua baina jendea elkarrekin, aurrera aurrera eta aurrera hormen artean, hormek forma eman bakarrik ez, bizi duten garaiaren forma hartzen ere badakitelako; ibiliak ematen dio usaina, kolorea, itxura lurrari; ertzak gastatzen dizkiegu hormei, koloreak ajatzen zaizkie pixkanaka, eta batzuetan ez dago hitzen beharrik, ibili besterik ez, pausua pausuaren ondoan, pausua pausuaren gainean, kea beroki-ahoetan eta hormak dardarka, hormak ikaratuta, hormak irentsitako hitzak itzultzen, izutzen; gure pausuak gero eta ozenago, gero eta gehiago lurrean eta hormetan, denbora denboraren azpitik erortzen hautsa balitz bezala, desagertzen, eta gure pausuak hizketan hormetan, bagoazela bagoazela bagoazela, lotsati hasieran, manifestazio barruko lehendabiziko oihu herabeen moduan, baina gero eta ahots gehiago erantsita ondoren, gero eta gure pausuaz ziurrago, gero eta ozenago, bazatoztela bazatoztela bazatoztela. •