Harry STÜRMER

«Berlin revisited», gune alternatiboen bilakaera kezkagarria

Sorterria ikusi gabeko lau urteren ondoren, Harry Stürmerrek Berlin alternatiboaren bilakaeraren berri dakar, baita batik bat Ekialdeko Alemanian hedatu den mugimendu islamofoboarena ere. Dioenez, herrialdeko haserrea errefuxiatuen eta atzerritarren aurka desbideratu da neurri batean.

Badira lau urte Berlin, neure sorterria, ikusi ez dudala. Horrenbestez, biziki estimatu diet Clash-eko neure adiskideei abenduan beren hamargarren urteurrena bertan ospatzeko gonbidapena. Berlin-Kreuzberg-eko Mehringhof gune alternatibo mitikoaren erdian dagoen taberna baten gaur egungo izena da Clash. Gune hori, fabrika zahar bat, 1979. urtearen bukaeran erosi zuen elkarte batek. Hainbat mintegiz, Latinoamerika eta errefuxiatuekiko elkartasun taldez, teatro batez, liburu-denda batez, eskola alternatibo batez, inprimategi batez, osasungintza zerbitzuaz eta abarrez osatuta dago elkarte hori. Denen ideologia ezkertiarra eta autonomoa da, autogestio printzipioen aldeko apustua egiten dute, eta azken erabaki-organoa hileroko asanblea nagusia dute.

Orain dela hamar urte, asanblea horrek Clash kolektiboaren esku utzi zuen tabernaren zuzendaritza. Aldi berean, Mehringhofeko jendearentzat eta beste hainbatentzat kantina ere bada; 12:00etatik aurrera, bazkari eta salneurri harrigarriak eskaintzen ditu. Kontzertuak, asanbleak eta solasaldi politikoak ere antolatzen dituzte. 80ko hamarkadaren hasieratik, sarri askotan agertu izan da Polizia bertara, baita batzuetan Mehringhofera sartzea galarazi ere.

2004tik, ezin konta ahala euskal taldek eman izan dituzte kontzertuak Clashen eta sarritan errenka luzeak sorrarazi dituzte. Urteurrena dela eta, Arrasateko hamarren bat musikarik, Clashen lagunek, beren bat-bateko egitaraua eskaini dute Mondrunk izenaren pean. Aldi berean, RIPedo gitarrista Yul, bera ere gonbidatua baina zoritxarrez zenbait aste lehenago zendua, omendu dute.

Geroago, Anteligent-en, Clash kolektiboko hiru kidek parte hartzen duten etxeko talde oso txalotuaren debutaren ostean, Su Ta Gar taldearen ordua iritsi da. 20 urte joan dira Berlinen azken kontzertua eman zutenetik. Leporaino bete da: 500 lagun, haietatik ia 100 euskal herritarrak. Hartara, eibartarrak ere etxean bezala eta gustura asko.

Aireportua eta erreferenduma

Biharamunean, berandu samar jaiki gara. Hotzari aurre egiteko ondo prestatu eta bizikletak hartu ditugu, Tempelhofeko aireportuan buelta bat egiteko. Clasheko lagunek guri, Euskal Herriko beste zenbait laguni bezala, aterpea eman diguten etxetik bi etxaldera dago aireportua. Clash-people-etako lau beste 60 lagunekin bizi dira Hausprojet horretan. Etxe-proiektu hori, Mehringhofen antzeko etxe handia, 80ko hamarkadan erosi zuen ezkerreko jende talde batek eta guztia autogestionatu egiten du. 15:30 aldera iritsi gara aireportura, iluntzen hastean, hain zuzen. Alemanian, suertez, bizikleta guztiek dinamo bat dute argiarekin ibiltzeko, nahiz eta aireportu horretan ez dagoen istripu arriskurik; izan ere, 2008tik ez da hegazkinik lurreratzen. Hara patinak edo bizikleta aldean, haurrekin, txakurrekin... joaten diren berlindarrek erabiltzeko moduan dago leku osoa. Beste batzuek loreak hazten dituzte lorategi alternatibo gisako beren lursail txikietan.

Gobernuak eta eraikitzaileek, hasieran, bestelako plan batzuk zituzten. Gobernu sozialdemokrata-demokristauko (SPD-CDU) alkatearen azken ideia aireportuko alboetan etxebizitzak eta bulegoak eraikitzea zen, eta erdialdea parke gisa uztea. %100 Freies Tempelhofer Feld ekimenak, berriz, aireportua libre uztea nahi zuen eta bi aukeren gaineko erreferenduma egitera behartu zuen. %64k alkatearen proposamenaren aurkako botoa eman zuten eta hark dimisioa eman zuen zenbait hilabete geroago. Hara paradoxa: haren gainbeheran eragin handiena izan zuten arazoak super-aireportu berriaren eraikuntzaren kudeaketa kaskarraren ondorio izan ziren. Orain, 2018ra arte, lau urtez, atzeratu du haren inaugurazioa.

Errefuxiatuak eta okupak

Bakailao tortilla eta txuleta afaldu ditugu Berlin-Neukollneko On Egin jatetxean, Mikel Laboaren musika lagun. Bitartean, lagunek hiriko arazo existentzial gehiagoren berri eman digute.

2012aren bukaeran, ehun bat errefuxiatu iritsi ziren Berlin-Kreuzberg-era, Alemanian errefuxiatuei ematen dieten tratuaren aurkako aldarrikapen bat egiteko ibilaldi luze baten ondoren, errefuxiatuek galarazita baitute asiloa eskatu duten hiritik kanpo lan egin eta mugitzea. Oranienplatz erdialdeko plaza okupatu zuten eta urte bat baino gehiago egon ziren han. Luze gabe, parte-hartzaileen kopurua laukoiztu egin zen. Aldi berean, beste ehunen bat errefuxiatuk auzo bereko eskola huts bat okupatu zuten. Auzoko okupa ohiek, hala nola haien seme-alabek eta Kreuzbergeko beste bizilagun batzuek, errefuxiatuen alde egin zuten. SPDren eta CDUren gobernu zentraleko politikariek eta Berdeen bertako Gobernuak ez zuten baterako jokabiderik aurkitu.

Azkenean, iazko maiatzean, Kreuzbergeko alkate berde Monika Herrmannek –bere burua ezkertiartzat du– &softReturn;SPDren proposamenarekin bat egin zuen, errefuxiatuak hiriko hainbat lekutan banatzearen alde, hain zuzen. Errefuxiatu gehienek onartu zuten konpromisoa, baina batzuk haren kontra zeuden. Polizia agertu zen, alkateak hala eskatuta, eta Oranienplatz eta eskola hutsarazi zituen, protesta eta borrokaldi ugariren artean.

Ordutik, Monika Herrmannen aurkako mehatxuak eta pintadak egin dituzte. Haren proposamen progreak ere ezin izan du bere irudi txarra eraldatu. Amsterdamgo ereduaren araberako coffee-shop bat prestatzea proposatu du, zenbait parke publikotako legez kanpoko droga-salerosketa deuseztatzeko. Parkeetako droga-salerosketa, neurri handi batean, zenbait afrikar errefuxiaturen eskuetan dago. Haren bitartez, ihes egiteagatik duten zorra ordaintzen ahalegintzen dira.

Turistak eta inbertitzaileak

Gameluen bezerorik onenak Berlingo jai-egonaldirako bizigarriak nahi dituzten turistak dira. Berlin, etengabeko festa gisa. Kontzeptu horrek hainbat berlindarren interesekin talka egiten du; alegia, beren auzoko denda txikiak, gau eta egun harat-honat dabiltzan turistentzako taberna eta kafetegi bihurtuta, desagertzen ikusten ari direnen interesekin. Egunetik egunera, gainera, gero eta aldaketa eta mehatxu gehiago sumatzen dituzte Berlingo bizilagunek. Higiezinen arloko inbertitzaileek aspaldi idoro zuten Berlin etekin handi eta azkarren leku izatea. Gaur egun, batez besteko alokairuak Donostiakoaren erdia balio du, egia esateko, baina etengabe gora egiten ari da eta horrek auzo tradizionaletako jende xume asko –alemaniarra zein bestelako jatorrietakoa– alde egitera behartu du.

Merkatu libre eta basatiaren fenomeno horri gentrifikazioa deitzen diote soziologoek. Agitazio gune eta talde antikapitalista ugariren erasoen jomuga. Gentrifikazioa ziztu bizian eraldatzen ari da Berlinen irudia eta hiriko herri auzoen antolaera, eta aldi berean, azken gune askeak desagerrarazten. Gune horietako bat Kreuzbergen zegoen, orain aspaldi ez dela arte, Spree ibaiaren ondoan, pintadarik ezagunenetako baten azpi-azpian, Berlin alternatiboaren sinbolo. Leku hori, Cuvrybrache izenekoa, hainbat furgoneta, kamioi eta txabolak okupatuta zegoen eta, eguraldi ona lagun, jaialdi eta kontzertuak antolatzen zituzten. Gau batean guztia erre zen, bertan bulegoak eta luxuzko etxebizitzak eraikitzeko asmoa zuen inbertitzailearen pozerako. Proiektuaren publizitateak harrokeriaz nabarmentzen zuenez, eraikinak Spreera eta pintada famatuetara begirakoak izango ziren.

Abenduaren 12ko gauean, Lutz Henkek, muralen egilekideak, ezabatu egin zituen pintadak, pintura beltzez estaliz. 2014ko abenduaren 19an “Guardian”-en argitaratutako idatzi batean, bere gain hartu zuen ezabaketa, Berlingo Gobernuak gentrifikazioaren aurrean erakutsitako geldotasunaren aurkako ekintza gisa.

Auschwitz eta rap-a

Garai batean, zenbait etxe okupatuk, boterearekin negoziatuz, legalizazioa lortzen zuten, iraupen luzeko kontratuen bidez. Etxe horietako askok rol garrantzitsua jokatzen dute oraindik Berlinen, azpiegitura alternatiboaren parte gisa. Horiek eta Hausprojekte direlakoak baino ez dira higiezinen espekulaziotik kanpo geratu.

Stressfaktor delako hileroko egitarauak gune alternatibo eta antifaxista guztien berri ematen du. Bertan irakurri dut Kinzigstraβe-ko okupa ohiek beren etxeko kafetegian, alegia Gröβenwahn Kafe etxean, Esther Bejaranori buruzko dokumental bat emango dutela.

Estherrek (abenduaren 15ean 90 urte bete zituen) «bizitza guztian oso zorte ona» izan duela dio. 19 urte zituela, naziek Auschwitzeko kontzentrazio-esparrura deportatu zuten. Bizirik iraun zuen, SSetakoek nesken orkestran, Auschwitzeko Mädchenorcheswter-en, soinua jotzeko aukeratu zuten eta.

2009tik, Estherrek Microphone Mafia taldeko rap-kantariekin jotzen du. Talde horrek hiru belaunaldi eta hiru erlijio biltzen ditu bere baitan. Israelen eta Alemanian zenbait denboraldi eman ondoren, Italian bizi da Esther. Alemaniako islamisten aurkako azken manifestazioen gaineko albisteak entzunda, nazien garaiko beldur berbera sentitzen duela dio.

Astelehena eta arrazakeria

Aspaldi honetan, milaka alemaniarrek «arrisku islamistaren» aurkako manifestazioak egiten dituzte astelehenero, Dresdenen eta beste zenbait herritan.

Astelehenetako manifestazioek (Montagsdemos) tradizioa dute Alemanian. 1989an, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren (AED) aurkakoek astelehenero egin zuten manifestazioa, lehenik Leipzigen, ondoren beste hiri batzuetan, hala nola Berlinen, “Wir sind das Volk” (“herria geu gara”) oihukatuz, erregimen sozialista zaharra desagertu arte. Harresia erori ondoren, Alemania Handian, Gerhard Schröder SPDko kantzelariak abiatu zuen Hartz IV erreformaren ondorioz izan ziren murrizketak –langabezia eta gizarte laguntzetakoak– jasan zituzten lagunak ere hasi ziren astelehenero Gobernuaren aurka manifestazioak egiten. Iaz, Aste Santuaz geroztik, politikariei eta hedabideei haserrea erakusteko hainbat manifestazio izan ziren.

Orain, antza denez, Alemaniako haserrea errefuxiatuen eta atzerritarren aurka desbideratu da, ordea. Urri bukaeran, atzerritarren aurkako manifestazio batean 5.000ren bat futbolzale biltzea lortu zuten eskuin muturreko talde batzuek, Kolonian, “Hooliganak salafisten aurka” lelopean.

Dresden mugimendu arrazistaren epizentro berria da orain, musulmanak bizilagunen %0,4 baizik ez badira ere –eta Sachsen (Saxonia) land osoko atzerritarrak, %2,5–. Europar Aberkoiak Mendebaldearen Islamizazioaren aurka (Pegida) izen erridikulua duen talde batek, astelehenero, biztanleriaren parte handi bat Dresdengo kaleetara ateratzea lortzen du. 200 manifestari bilduta hasi ziren azaroan, eta hilaren bukaeran 5.500 ziren. Abenduaren 15ean 15.000 manifestari elkarretaratu ondoren, politikariak beren ahotsa ozentzen hasi dira. Hara emaitza: abenduaren 22an, 17.500 atera ziren, Poliziaren arabera. Haien aurka, aldi berean, 4.500 bat lagun manifestatu ziren, eta Munichen, 20.000.

Orain, Schröder kantziler ohiak, Errusiako Gazprom enpresan duen milioi askoko lanpostutik, «pertsona prestuen» manifestazio batera deitu du, 2000. urtean Dusseldorfen sinagoga baten aurkako suzko erasoaren ondoren Berlinen izan zen 200.000 laguneko manifestazioa gogora ekarrita.

Pertsona «prestu» honen iruzkinaren ondoren, zenbateraino emendatuko da 2015ean manifestari kopurua Dresdenen?

Aurrena, urtarrilaren 5ean, 18.000ra iritsi zen. Eta, gainera, Poliziak lanak izan zituen haien aurka manifestatu ziren 5.000 lagunei egindako erasoa galarazten.

Parisko gertakariez baliatuta, urtarrilaren 12an Dresdenen 25.000 manifestari biltzea lortu zuten. Aldi berean, Berlinen eta Dusseldorfen, xenofoboen kontrako manifestariek –gizaki ororen askatasunen aldekoek, alegia– martxa islamofoak galarazi zituzten. Leipzigen, 35.000 bat lagun elkarretaratu ziren manifestazio xenofoboaren aurka, baina azkenean manifestazioko 4.800 parte-hartzaileek abiatzea lortu zuten, Poliziak eskolta eta babesa emanda.

Ezustean, Pegidak, facebook bidez, hurrengo manifestazioa, San Sebastian bezperan, hilak 19, egitekoa zena, bertan behera utzi zuen. Aldi berean, Poliziak kaleko ekitaldi guztiak debekatu zituen Dresdenen, jihadisten ustezko mehatxuak direla eta; izan ere, Interneten, Saxoniako hiriburuan lider islamofoboetako baten aurkako atentatua egiteko mehatxuak atzeman zituen.