Maria Gonzalez Gorosarri
kazetaria eta ikertzailea

Ich bin Charlie, Je suis Pegida

Parisko atentatuen berri izatean, sare sozialetan #JeSuisCharlie traola zabaldu zen, “Charlie Hebdo” astekariko erredakzioan hildako langileekiko elkartasunez. Orduan, Europako presidenteek lelo bera hartu zuten, herriaren buruzagi zirela adierazteko. Espainian Twitterrek arrazismo argia erakutsi zuen, eguneko joeretako (trending topic) hirugarrena #StopIslam izan zelako, baina Espainiako hedabideek ez zuten horren berririk eman. Aldiz, Alemanian nagusitu den Pegida mugimendua albistegai izan da. Espainian faxismoa legez goraipatuta dago; Alemanian, berriz, legeak debekatu egiten du.

Parisko atentatuak eta gero, zergatiei heldu beharrean, emozioak islatu zituzten Espainiako hedabideek, musulman “onak” badaudela erakusteko:

> «La comunidad islámica soriana dona sangre como repulsa a los atentados yihadistas», EFE, 2015/01/20

> «Un grupo de fieles alerta a la Policía por el radicalismo de un imán en una mezquita de Tudela», Eldiario.es, 2015/01/20

Eta espainiarrak ere “onak” dira:

> «Rajoy no ve riesgo de islamofobia en España», Abc, 2015/01/08

> «La comunidad islámica resalta la tolerancia española frente al rechazo en Europa», El País, 2015/01/09

Hala ere, Espainiako musulmanei eraso egin diete, baina hedabide kritikoek bakarrik informatu dute:

> «Ataque a la mezquita central de Madrid: ‘Islam fuera de Europa’», Vozpopuli.com, 2015/01/12

> «Otros tres ataques a mezquitas en Cádiz, Jaén y Burgos: una esvástica y más pintadas», Vozpopuli.com, 2015/01/13

Erasoak aztertu beharrean, emozioen berri ematen badute, hedabideek aginteari mesede egingo diote. Horrela uler daiteke “Charlie Hebdo” astekariko atentatuen albisteak eragin duen beldurrari aurre egingo dion errepresioak kritikarik eduki ez izana:

> «El 78% de los españoles percibe el fundamentalismo islámico como una amenaza», La Razón, 2015/01/14

> «La policía activa un protocolo de medidas para identificar a ‘sospechosos árabes’», El Correo, 2015/01/14

> «Los ministros [europeos] de Exteriores aportan propuestas ante la ‘urgencia’ antiterrorista», Eldiario.es, 2015/01/19

Alemaniako Pegida mugimendu islamofoboa, ordea, bai Espainiako hedabideetan bai Euskal Herrikoetan albiste izan da. «Mendebaldearen Islamizazioaren Aurkako Europar Patriotikoak» astelehenero biltzen dira, Dresdenen. Asteon manifestaldirik izan ez dela albistea izan da; Lutz Bachmann buruzagia ustez mehatxatuta dagoelako gertatu da. Alemaniarrentzat, ordea, Estatuak ez du faxismoa borrokatzeko borondate nahikorik. Aste honetako Pegida bertan behera geratu zen hedabideetan topatu ez dugun beste arrazoi bategatik ere: aurreko astean, Pegidak Dresdenen egin zuen azken manifestazioarekin batera, Khaled Idris Bahray, Eritreako 20 urteko gaztea, kolpez hilda agertu zen. Tokiko hedabideek salatu arte, baina, Poliziak ez zuen odoletan agertu zen gaztearen gorpuan «indarkeria zantzurik» antzeman. Pegidaren asteleheneroko manifestazioak direla-eta, Dresdenen errefuxiatuak ez dira kalera ateratzen eta, ateraz gero, beti taldean doaz, “TAZ” egunkariak jaso bezala.

Pegidak Alemaniako mugimendu faxistaren aldarrikapenetariko bat bakarrik hartu du: islamofobia. Islamari eraso egitea juduak iraintzea baino nabarmen errazago toleratzen da. Faxismoaren egungo sorlekua Alemania komunista izandako eskualdeetan koka daiteke eta, horrexegatik, jihadismoaren erro bertsuak ditu: txirotasuna eta, beraz, hezkuntzarako sarbide mugatua. Azken manifestazioetan Pegidak “Je suis Charlie” leloa erabili du. Alemania komunistan erreformen alde astelehenero egiten ziren manfiestazioetako “Wir sind das Volk” [“gu gara herria”] leloa aurrerago ere erabili zuen.

Hala ere, kolpez hilda agertu zen Khaled Idris Bahray-ri buruzko albistea Alemaniako hiru hedabide nagusik bakarrik eman dute: ARD telebista publikoak eta TAZ eta Neues Deutschland egunkari ezkertiarrek. Aurreko domekan Berlinen egindako manifestazioaren berri eman zuten hirurek: “Gu Khaled gara”, lelopean. •