Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Jon Mattin Matxain Beraza
EHU-ko IKERTZAILEA ETA IRAKASLEA

«Kanpora joaten diren ikertzaileak Euskal Herrira bueltatzeko bideak eraiki behar dira»

Kimika kuantikoa du pasio, eta bulkada horri segituz osatu du bere formakuntza Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Baina bueltatu da, eta bueltako bide hori aldarrikatzen du ikertzaile guztientzat

Garun ihesa. Izena jarri behar izan zaio azken urteotan hain nabarmena izaten ari den fenomenoari. Goi mailako ikasketak eta prestakuntza jaso duten profesional eta zientzialari askok beren herria utzi eta atzerrira joan behar izan dute aukera bila, etxe bueltan panorama ez zelako ona.

Jon Mattin Matxainek badaki horren berri, urte asko eman baititu Euskal Herritik urrun bere formakuntza osatzen. Bere ustez, arazoa ez da ikertzaileak kanpora joatea, hori normalean esperientzia oso aberasgarria izaten da, «eta beharrezkoa». Benetako arazoa ikertzaile horiek bueltatzeko modurik ez izatea da, Matxainen hitzetan, ikasi duten guztia bueltan bere jaioterriari emateko aukerarik ez izatea, alegia. Bueltarako bideak eraiki behar dira.

Zure hitzetan, ikerlari bat, kanpora joaten denean, dena irabaziak dira.

Nire ustez, bai. Egia da norbere bizitza pertsonalaren arabera desberdina dela egoera; bikotekidea, lagunak, familia... horiek hemen utzi behar ditugu eta alde horretatik galdu egiten dugu, baina kanpora joaten garenean bide bat irekitzen dugu. Gure lana gustatzen bazaigu, pasioz bizi badugu, gero etorriko dira bueltatzeko aukerak, baina alderantziz agian ez. Pasioa bizi egin behar da eta bihotzari jarraitu. Ikertzaile batek maiz bihotzari jarraitu behar dio, ikertzeko aukerari, eta kanpora joan behar izaten du horretarako. Arazoa da gero bueltatzeko aukerarik ez badago. Orduan bai, galdu egiten dugu, eta ez ikertzaileok bakarrik, jendarte osoak baizik. Baina kanpora joatea formakuntzaren parte iruditzen zait, beharrezkoa eta onuragarria.

Puntako zientzialari eta ikertzaile gehienen curriculumetan munduan barna egindako ibilerak agertzen dira. Mundu ikuskera desberdinak garatzeko, mundua ertz desberdinetatik ikusi beharra dago, ezta?

Zalantzarik gabe. Azkenean, ez gara gehiago bizi, egunak 24 ordu dauzka han eta hemen. Baina bizipen desberdinak bizi ditugu hemendik kanpo eta horrek aberastu egiten gaitu, ikuspegi desberdinak ematen dizkigu. Gero, arazo baten aurrean gaudenean, ikuspegi desberdinak izatea lagungarria da oso. Ikerketan ari garenean, hori mesedegarria da. Ikertzaile batentzat kanpora joatea prestakuntza integrala da; Euskal Herrian ikasitakoari kanpoan ikasitakoa gehitzea da.

Zein baldintzatan joaten dira euskal ikerlariak kanpora?

Denetarik dago. Joaten garen herrialdearen beka bat edo diru-laguntzaren bat baldin badugu eta herrialde hori ikerketa mailan puntakoa bada, baldintzak oso duinak izaten dira normalean; kontratu onak, soldata duinak, denbora aldetik bi urte.... eta ez da arazorik izaten. Gerta daiteke, eta gertatzen da, gure gobernuak ematea beka eta joaten garen herrialdean bizitza maila oso garestia izatea. Kasu horietan, arazoak sor daitezke. Esaterako, Suitzan baldin bagaude ikerlari eta hilean 1.500 euro baldin baditugu, ba kopuru duina izan daiteke hemen, baina Suitza oso garestia da. Eta horrelakoetan gerta daiteke gure lankideek Suitzako Gobernuaren beka bat izatea eta gu baino askoz diru gehiago kobratzea. Denetariko egoerak sortzen dira.

Kanpora joatea ezinbestekotzat jotzen duzu. Erakundeen eta hezkuntza komunitatearen aldetik, ondo antolatuta al dago aukera hori?

Antolatuta badago, hor daude Erasmus programak, baina ez da nahikoa. Ez kantitate aldetik –gero eta beka gutxiago ematen dira–, ezta ematen den mezuari dagokionez, maiz ulertarazten baita ez dela beharrezkoa kanpora joatea. Mezu horiek bidaltzen dira ikertzaile gutxiago joateko kanpora eta, ondorioz, diru gutxiago gastatzeko. Badaude bideak kanpora joateko, baina diru gehiago inbertitu behar da horretan; bai ikertzaileei begira bai edozein profesionali begira, lan mundura sartzeko baliabide gehiago izan ditzan.

Murrizketa garaia. Agintariek guraizeak martxan jartzen dituztenean, ikerketari kalte handia egiten diote normalean. Ikuskera bitxia da, ikerketa luxu bat dela ulertzen baita, ‘erabat beharrezkoak’ diren gauzen zerrendatik kanpokoa.

Ikuspegi desberdinen ondorioa da hori. Politikarien ikuskera hauteskunde batzuetatik hurrengoetara bitartean dagoena da. Ikertzaileona, guztiz kontrakoa. Ikerketaren ikuspegitik, hiruzpalau urteko epea ez da ezer. Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte ikerketaren aldeko apustuari eustearen aldeko jarrera izan da, baina ikusten dugu gauzak okertzen ari direla. Eta hori oso kaltegarria da guretzat eta jendarte osoarentzat.

Azken finean, jendarte batek zein oinarriren gainean eraikia izan nahi duen erabaki behar du, ezta?

Europako iparraldera begiratuz gero, inbidia sanoa sentitzen dugu. Ez dute batere murriztu hezkuntzan, osasunean eta ikerketan, eta horrela doakie. Gurean, aldiz, badirudi kezkak beste batzuk direla. Zientzialariok, ikertzaileok, irakasleok... lana egin beharko genuke politikariak konbentzitzeko, baina erabakiak hartzen dituztenak haiek dira eta, tamalez, oso epe motzeko ikuskera daukate.

Gure beste arazo bat izaten da zehaztea zein den ikerketa garrantzitsua eta zein ez. Eta normalean galdera bat izaten da gakoa: ‘hori zertarako?’. Askotan, ezin dugu galdera hori erantzun. Guk nagusiki ikasteko ikertzen dugu eta ikertzen dugun hori agian noizbait aplikatuko da edo agian ez, eta aplikatzekotan ere ez da jakiten zertan. Baina, hala ere, ikertu egin behar da. Eta zientzian badira hori frogatzeko mila adibide; askotan, nora iritsiko garen garbi jakin gabe ikertzen da.

Aipatuko al zeniguke adibide horietakoren bat?

Esaterako, Erresonantzia Magnetiko Nuklearra oso ezaguna da medikuntzan, eta asko erabiltzen da. Denok dakigu gutxi gorabehera zer den erresonantzia magnetiko bat. Ba horren oinarrian fenomeno kuantiko bat dago, nukleoaren espina, eta aspaldi deskubritu zen, 1930eko hamarkadan. Garai hartan, propietate hori deskubritu zuten, baina artean ez zekiten zertarako erabiliko zuten. 40-50 urte geroago ikusi zuten medikuntzan aplikatu zitekeela eta garatu egin zuten, gaur egungo erabilerara iritsi arte.

Ikerkuntzak erritmo propioa dauka.

Patxada behar da eta inbertsioa, baina planifikatutako inbertsioa. Ez da bat-batean diru asko inbertitu behar datozen urteetan zer egingo den jakin gabe. Hobe da pixkanaka joatea, baliabide txukunak jarri, inbertsioak egin eta urtez urte pixkanaka haziz joatea. Ez da komeni bat-batean haztea, azkarregi hazten dena normalean erori egiten delako. Eta hori gertatu da Madrilen eta beste toki askotan. Dirua soberan zegoenean diru mordoa inbertitu zuten, politikariek argazkia atera zuten –normalean argazkirako oso ondo geratzen baita ikerkuntzan inbertitu dugula esatea–, baina murrizketak etorri zirenean hortik murriztu zuten lehenbizi. Eta eraikitakoak ez du ezertarako balio urtez urte eusteko modua ez baldin badago.

Pentsatzekoa da ikerlari batentzat oso frustragarria dela proiektu batean buru-belarri aritu eta beti inbertsio horren mende egotea.

Diru-laguntza murrizteak ikerketa talde batean taldea murriztu beharra esan nahi du eta, beraz, ikertzaile batzuek kanpora joan beharra. Imajinatu hamar ikertzaileko talde batean bostek joan beharra dutela diru-laguntzak murriztu dituztelako. Pertsona kopuru erdiak ezin du lan berdina egin. Hartara, askotan ikerketa proiektuak bertan behera utzi behar izaten dira. Ahal denean, epeak luzatu daitezke, baina askotan proiektua bertan behera utzi eta dauden baliabideekin egingarria den beste zerbait abiatu behar da. Horregatik, ikerketa proiektu batek finantziazio iraunkorra behar du, proiektua hasi eta bukatu egingo dela ziurtatzeko. Hobe da diru gutxiago, baina era iraunkorrean. Bestela, lan asko alferrikakoa gertatzen da.

Interesgarria da proposatzen duzun bidaia: joan, mundua ikusi, mundua ikasi, jakintza horrekin etxera bueltatu eta ikasitakoa etxean inbertitzea.

Oso garrantzitsua iruditzen zait bueltatzearen ideia hori. Euskal Herrian ikasi dugunok bertako baliabideak izan ditugu eskura; bekak, zergetatik etorri diren diru-laguntzak, maiz atzerriko egonaldiak ere bertako gobernuek finantzatuak izaten dira... Pentsa zer nolako diru galera litzatekeen ikasitako guztia, bertako inbertsioekin jasotako formakuntza guztia, ezin bagenio euskal jendarteari bueltatu. Politikariek garbi izan beharko lukete ez dela nahikoa ikerkuntzarako bekak eta laguntzak ematea, ikertzaileak Euskal Herrira bueltatzeko bideak eraiki behar direla, beren ibilbide profesionala bertan segitu dezaten baliabideak eta tresnak jarri behar direla. Bestela, euskal jendartearen bultzadaz formatutako ikertzaileak beste herrialde batzuentzat lanean aritzea dirua zakarretara botatzea da.

Eta nola dago kontua bueltatzeko?

Beharrezko galdera da. 2000. urtetik hona hobetzen joan da, baina panorama ez da ona; duela hamabi urte baino hobeto gaude, baina duela lau urte baino okerrago. EAEn badaude Ikerbasque programak, finantzazioa gero eta txikiagoa da... kezka pixka bat badaukagu panoramak okertze aldera egingo ote duen. Dena den, ez dugu ezkorrak izan behar, badaude bueltatzeko aukerak, baina ugariagoak izan beharko lukete. Duela hamabi urte baino hobeto gaude, programa gehiago daude martxan eta gehiago inbertitzen da ikerlariak Euskal Herrira buelta daitezen, baina oraindik bidea oso luzea da. Asko dago egiteko.