Naiara Garzia

Zergatik Meyerhold?

Datorren asteazkenean Meyerhold antzerki zuzendaria eta teorikoa jaio zela 141 urte beteko dira (1874. urteko urtarrilaren 28an jaio zen) eta mahai ondoan duela 10 urte baino gehiago irakurritako berari buruzko liburuak eta fotokopiatutako bere inguruko dokumentu batzuk dauzkat. 1971. urteko uztailean argitaratutako “Primer acto” aldizkariaren 148. zenbakia, adibidez, non «¿Por qué Meyerhold?» izeneko artikulu bat azaltzen den, Meyerholden azkeneko argazkiarekin, bera erail baino lehen, eszena zuzendarien kongresu batean. Edo “Meyerhold, A Revolution In Theatre” liburua.

Antzerkia eta artea maite dituztenentzat Errusiako XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera ikaragarri interesgarriak dira, eta hori oso ongi islatzen du Marc Slonim-ek “El teatro ruso. Del imperio a los soviets” izeneko liburuan. Meyerhold bera ere garai horretako testigu izan zen, beste jende askoren ondoan.

Zaila da bere erailketarekin inpartziala izatea. Alde batetik pertsonak hunkitzen gaituelako: 66 urtetan hainbeste gauza egin eta sortu dituen gizabanako bat hiltzea beti da albiste txarra, hain bizitza oparoa izanda. Eta bestetik, ulergaitza delako sobiet estatuarekin hain harreman estua izan ondoren (teatro inperialak zuzendu zituen) honek bera erailtzea erabakitzea, 1930. urtetik aurrera harreman hori erabat aldatu zen arren. Vsévolod Emílievich Meyerhold 1940. urteko otsailaren 2an erail zuten, urtebete lehenago bere emaztea Zinaida Rajch bere etxean lepoa moztuta azaldu ondoren, 1939ko uztailaren 15ean. •