ENEEK

Arabako hazi ekologikoak «Inguruko hegaztiak» proiekturako

Bioaniztasunak gizakioi eskaintzen dizkigun zerbitzuak zerrendatzen hastekotan, bat-batean ohartzen gara guztiak daudela nekazaritza ekoizpenarekin lotuta. Mantenugaien birziklatzea, izurrien kontrola, nekazaritzarako eta gizakiontzako tratamendu sendagarrien iturria, uraren zikloaren eta lurraren emankortasunaren mantentzea, labore garrantzitsu askoren ekoizpena bermatzeko ezinbestekoa den polinizazioa… Izan ere, ekosistema osasuntsu bat eta honen ezaugarri nabarmenena den bioaniztasuna dira nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aliaturik onenak. Eta merkeenak, doakoak baitira. Paradoxikoki, nekazaritza jarduera (argitu dezagun: kimikoen erabilera intentsiboa den, monolaborantza oinarri duen eta, ondorioz, oso bioaniztasun eskasa duen ekoizpen eredu konbentzionala) da aspalditik gertatzen ari den bioaniztasun galeran eragin handiena daukan faktorea. Izan pozoien erabilerarengatik, izan habitaten galeragatik, mota guztietako espezieen ahultzea eta desagerpena gertatzen ari da, egunero.

Euskal Herriko baserri-eremuekin estuki lotzen den landazabal atlantikoa hegazti espezieetan aniztasun handia duen ekosistema da, baina azken hamarkadetan nekazaritza jarduerak izan duen joeraren ondorioz, bai ekosistema honek bai berorrekin lotutako hegaztiek beherakada nabarmena bizi izan dute: duela ez horrenbeste oso-oso arruntak ziren, eta gaur egun ikusten zailagoak diren kurloia edota enara dira bi adibide. “Inguruko Hegaztiak” proiektuak, duela hiru urte Urdaibain martxan jarriak, etxe inguruetan aurki daitezkeen txoriei bizirauteko baliabideak eman eta, bide batez, parte-hartzean oinarrituz beroien kontaketa egitea du helburu. Europako iparraldean aspalditik martxan dagoen ekimenari jarraipena ematen dio “Inguruko Hegaztiak”-ek. Erresuma Batua da tankera honetako ekimenak zenbateraino dauden errotuta hobekien islatzen duen herrialdea: 1995ean hasi ziren partaidetzan oinarritutako kontaketak. Pasatu den urtean, 500.000 herritarrek parte hartu zuten; neguan beraien etxeetan txorientzako janlekuak instalatu eta bertaratutako hegaztien presentziari buruzko datuak batu zituzten. Informazioa “Big Garden Birdwatch” proiektua bultzatzen duen RSPB irabazi asmorik gabeko erakundeari igorri zioten. Zenbatutako 7 milioi txorien datuak aztertuz, eta urtean zehar emandako datu klimatikoekin uztartuz, espezie bakoitzaren eboluzioari buruzko txosten fidagarriak osatzeko moduan da RSPB.

“Inguruko Hegaztiak” Urdaibaiko ikastetxeetan jarri zen martxan eta bigarren urtean herritar guztiei zabaldu zitzaien. Nahiz eta momentuz ez duen RSPBren proiektuak besteko zabalkunderik, harrera ona izan da eta dagoeneko badira 100 partaide Euskal Herriko txorien inguruko datuak biltzen. Aurten, gainera, pauso bat haratago joan da proiektua, nekazaritzarekin eta, zehazki, ekoizpen ereduarekin lotu baita. Urdaibai Bird Centerrek eta ENEEK-ek izenpetu berri duten akordioaren baitan, proiektuan erabiliko den janari guztia (Arabako lautadako Adolfo Beltrán de Guevarak ekoiztutako ekilore-hazi eta artatxikia, eta kanpotik ekarritako kakahueteak) ekologikoa izango da. ENEEK-ko eragileek, gainera, dohainik jaso dezakete txoriak erakartzeko elikadura (bestelako parte-hartzaileek kostu-salneurrian eskuratu ditzakete hazi-poltsak). Batzuek eta besteek eskuragarri daukate txori-jan ekologikoa Urdaibai Bird Centerren. Horrez gain, bisitariek txoriei (izan txori txikiak, izan ugaztun txikiak ehizatzen dituzten harrapariak…) ostatu emateko mota askotako kutxak eraiki ahal izateko argibideak ere jaso daitezke bertan.

Hegaztiak eta nekazaritza ekoizpena

Nekazaritza ekologikoak duen helburu nagusietako bat da bai ekoizpena kokatzen den ekosistemari bai ekoizpenaren beraren bioaniztasunari eustea eta indartzea. Azken finean, ekosistema indartuz jarduera bera indartzen delako. Ildo horretan, Urdaibai Bird Centerrek azpimarratu duenez, udan intsektuz elikatzen diren hegaztiek nekazaritza ekoizpenean izan dezaketen eragina ez da nolanahikoa. Txori hauek gure etxe inguruan gelditu daitezen, ordea, neguan eta udaberri hasieran zer jan izan behar dute. Horretarako jartzen dira haziz betetako janlekuak, hegaztiek gure ortu eta lorategietan elikatzeko aukera izan dezaten. Gerora, udan, txori hauek intsektuak harrapatzen dituzte, batez ere umatzen ari direnean, proteina behar dutelako. Hegazti txikiek, esaterako, kaskabeltz arruntak, amilotx urdinak eta enarak, umatzen ari direnean, beraien pisuaren erdia intsektutan ematen diote txita bakoitzari. Kaskabeltz bikote batek, umaldi bakoitzean (bat baino gehiago izan ohi dute urtean), 2.500 beldar ehizatzen ditu batez beste. Mirotzek, aldiz, 2.000 lursagu jan ditzakete urtean, eta hontza zuri batek, 5 sagu egunean. Zenbaki horiek ematen dute zantzua txoriek nekazaritza jarduerarako kaltegarriak diren hainbat intsektu eta animalien kontrolean izan dezaketen eraginaz.