Gorka Zozaia
Kimikaria

Eskerrak aharrausiak ditugula

Sutondoan eman dugu pasatu den asteburua. Etxe hotzera sartu, beheko sura zuzenean, adaxkak egunkari papera estaliz egokitu eta gainean adar lodiagoak banan bana kokatu, pospoloa piztu eta bazter guztietatik papera suz bustita, atea itxi eta tiroa zabaldu. Berokia kendu ere egin gabe, bostok suaren eboluzioari begira, minutuak hegan joan dira batek ahoa zabaldu eta egoeraz ohartarazi arte: «Ba al dakizue zergatik begiratzen diogun suari horrela? Zergatik gelditzen garen hipnotizatuta bezala?». Hipotesi festa segidan, eta sua bezain eztabaida bizia sutondoan. Hipotesi antropologikoa garaile; gizakiak milaka urtez sua zaindu behar izanaren herentzia dela egun suari telebista bailitzan atxikitzen gaituen berezko joera.

Minutuak eta orduak enbor zatiak legez errez, hasi dira aharrausiak ere, eztabaida dialektikoari hauspoa emanez. Aharrausiak gorputza oxigenatzeko erreflexua direla eta berriz ere, kobazuloetan emandako milurtekoen kadentziara eramana arrazoia. Honetan, baina, kontsentsurik ez. Gorputza oxigenatzeko arnasa azkar hartzea aharrausia baino eraginkorragoa dela-eta kalapita sortu da. Eta galdera gehiago ere: zergatik kutsatzen diogu aharrausia elkarri? Eta barreak; etengabe ari garelako elkarri aharrausia kutsatzen. Eta Interneten faltan, eztabaida amatatzen doa, egurrez elikatzeari utzi diogun sua bezala.

Astelehenean, sareen sarera konektatzearekin, aharrausien misterioa argitzeko lehen bilaketek erakutsi didate ez genbiltzala oso desbideratuak sutondoko hausnarketetan. Oxigenatzearen teoria Hipokratesengandik gaur arte heldu den azalpena ei da eta honen arabera, biriketako aire kutsatua garbitu eta oxigeno maila apalak zuzentzeko erreflexua litzateke aharrausia. Sutondoan atera bezala, baina, arnasa azkarrago hartzea oxigeno maila igotzeko eraginkorragoa frogatu da eta beraz, beste bi teoria hauek hartzen dute indarra gaur:

Aktibazioaren teoria: aharrausiak loaren inguruan, edo logura garenean agertzeak, gorputza alertan jartzeko mekanismoa izan litekeela iradokitzen du; garunak gorputzari «ez lokartu, zaintza mantendu» esateko mekanismoa litzateke. Teoria honek, era berean, aharrausiaren kutsatzeari azalpena emango lioke, taldea alertan jartzeko mekanismo gisa.

Tenperaturaren teoria: aharrausia garuna hozteko mekanismoa dela defendatzen duen hau da frogatzea lortu den teoria bakarra. Hain zuzen ere, lokartzear gaudela garuneko tenperatura maximoa dela eta aharrausiarekin hoztu eta hobe funtzionatzea lortzen dela. Are, buruan oihal hotz bat jarrita, aharrausiak ia desagertu egiten direla frogatu da.

Hiru teoriak, dena den, osagarritzat har litezke, finean loa ekiditeko edo “espabilatzeko” mekanismo gisa deskribatzen baitute aharrausia. Eta kutsatzearena, taldea sinkronizatzeko erreflexu bezala azal liteke (jateko orduan gosea “kutsatzen” den bezala), baina jarraitzaile gehiago du enpatiarekin lotzeak. Antza, aharrausia kutsatzen denean «bestearen larruan jartzeko joeraren» gune berdinak aktibatzen baitira garunean eta gainera, korrelazio zuzena behatzen ei da enpatia mailaren eta ondokoen aharrausiaz kutsatzeko gaitasunaren artean.

Ni neu, oso erraz kutsatzen denetakoa naiz, ez dakit enpatiagatik edo taldearekin sinkronizatzearren. Suposatzen dut gorputzari lapurtu ohi diodan loaren eraginez ere maiz izaten dudala birikak oxigenatu, garuna hoztu edota alerta egoeran jartzeko beharra. Edo beharbada, logurak baino asperdurak narama ahoa luze eta zabal zabaltzera, etxe hotz honetan zaintzeko surik ez izateak, telebista besterik ez.

Eskerrak aharrausiak ditugula, surik oraindik ez badugu ere. Aharrausiak sinkronizatzen ikasi arte ez dugu surik pizten jakingo. •