Xabier Mikel Errekondo

Pixa zutik ala eserita? Kaleko komunak

Hil honen 13ko “Berria”n Iker Tubiak «Neska-mutil binomioa, komunetik behera» artikulua oparitu zigun. Txinparta ateratzeko moduko eztabaidagaia zinez.

Izan ere, txiza kontuak ez dira txantxetakoak. Baina iruditzen zait ohituraren ohituraz ezer ez zaigula deigarri, kaletik lurrari begira goazela Groucho Marx nola inguruari eta errealitateari erreparatu gabe… kaka! zanpatu arte.

Egungo gure komun ereduak herritarrak bereizi egiten ditu, generoaren eta desgaitasunaren arabera ezberdindu. Eta berdintasuna kontu zabala izanik, komunak ere estu hartu behar ditugu komun unibertsalaren alde. «Komun komuna», aukera-berdintasuna denontzako; aulkian doana zein ez eta sexu bikoak.

Artikuluak, baina, berdintasuna genero ikuspegitik lantzen du, eta pixa komun berean egitea defendatu, biak eserita. Era berean, gizonek denen aurrean zutik egitea maskulinitatea areagotzea dela. Neskek ere zutik egin dezaten komun motak eta tutu bereziak badaude ordea, baina feminitatea areagotzen duten zalantzak baditut, nago berdintasunari ez diola laguntzen aulkian doazen pertsonak baztertuko genituzkeelako, esaterako.

Bestalde, eserita egitea ez da garbiaren pareko, ze nesken komunek mutilenek baino zikinagoak dute amaitzen (komunen enpresek hala diote).

Beraz, komun zulo ilunetik ondorioa argia da, heziketa da gakoa.

Suediako haurtzaindegietan haur guztiek eserita egiten dute txiza, eta gainera diote zutik egiteak prostata arazoak sortzen dituela eta, aldiz, esertzeak bizitza sexual hobea.

Beraz, ausarta da proposamena: sexu bateko zein besteko eta edozein mailatako dibertsitate funtzionalak dituzten herritarrek diseinu unibertsaleko komun bera erabiltzea eta pixa eserita egitea.

Finean, nork ez du ezagutzen txiza eserita egiten duen mutilik? Ez da hainbesterako, ohitura aldaketa baino ez. Heziketa da gakoa, bai garbiak izateko eta bai garbi jokatzeko. Alegia, lerroan zain gaudenean adinduari edo aulkian doanari baino pixalarri dagoenari aurrea hartzen uzteko.

…Eta txiza txinpartarekin egin nahi duenak artasoroan beharko du usadio zaharrari helduz. •