Oscar Beriain
Hogei urte igaro dira Donostian Coco izeneko arropa denda zabaldu zuenetik eta etengabe bide berriak aztertzen eta probatzen aritu da Oscar Beriain San Sebastian. Azkena, Tibet eta Afganistanetik ekarritako oihalekin abiatutakoa. Artisauei zuzenean erosten die materiala, ondoren buruan duena josteko. Jantzi modernoak eta bakarrak dira emaitza.

Etxeetako teilatuak eta mendiak zuriz jantzita eta herritarrak beroki lodienak erantzi ezinik dauden egunotan, gure herri eta hirietako denda asko udaberriko arropa jasotzen hasi dira dagoeneko, baita erakusleihoetara eramaten ere. Koloreak eta oihalak erabat aldatu dira, eta manikiek ez dituzte euren gorputzak ezkutatzen. Hondartza garaiak, ordea, oso urruti ikusten dira oraindik eta, uda, denboraren makinarekin etorkizunera bidaiatuz soilik ailegatu daitekeen urtaroa da.
Denda bat dutenek, aitzitik, kostaz gozatzeko garaiak gainditutzat dituzte. Eurek 2015eko udazkena eta negua dituzte buruan, dagoeneko zer eramango den eta zer ez den eramango zehaztu dute.
Betebehar horren azken gauzak lotzen ari da, hain justu, Oscar Beriain San Sebastian. Koloreen artean, urdin iluna, beltza eta grisa aipatu ditu, linea zorrotzak eta jantzi sinpleak, erosoak, baina dotoreak.
Hogei urte igaro dira Donostian Coco izeneko arropa denda zabaldu zuenetik. Hastapenetatik gaur arte garatu egin da, baina esentzian, Beriainek azaldu duenez, tendentzia prezio onean eskaintzen du. Garai onak ezagutu ditu, baita krisiak eragindako garai zailak ere, baina gogor eutsi dio. Iaz, gainera, lokal handiago bat zabaldu zuen Alde Zaharreko Fermin Calbeton kalean, eta orain bi urte dendaren baitan proiektu berri bati ekin zion: Afganistaneko eta Tibeteko oihalak erosi, eta ondoren, bere jostunaren tailerrean, beste jantzi batzuetan txertatu. Emaitzak ikusgarriak dira, oihalen kolore biziengatik ez ezik, tailerrera sartu diren jantziek edo poltsek eta bertatik atera direnek zerikusirik ez dutelako. Pieza bereziak eta esklusiboak dira, eta jendeak asko baloratu ditu; egindako guztiak saltzen ditu.
«Orain urte batzuk, arropa marka jakin bat eskaini zidaten dendan saltzeko. Jantzi haietan halako oihalak erabiltzen zituzten, baina kalitatea eta salneurriak ez zetozen bat», azaldu du idiazabaldarrak. Ideiarekin gelditu zen, eta mundu horren inguruan ikertzen jarri zen, oihalen jatorriaren inguruan, eta abar. Marka ezagun horren hornitzailea zen artisauarengana heltzea lortu zuen, eta harekin egin zuen kontaktua. «Bitartekorik gabe erostea da niretzat gauza garrantzitsuenetako bat, alegia, irabaziak pertsona horrentzat izatea, egin duenarentzat. Beste modura, prezioaren portzentaje handi bat bidean gelditzen baita».
Tailer familiar batek igortzen dizkio materialak, eta ateratzen duten etekin ekonomikoa haientzat da. Onartu du kudeaketa aldrebesagoa dela: eskaera egin, garraioa, hizkuntza arazoak, baita moneta aldaketa ere, baina harremana zuzena da, eta hori asko baloratzen du. Finean, ondoren bere jantzietan txertatuko dituen oihalak nork eta non egin dituen ezagutzea gustatzen zaio.
Orain bi urte egin zituen lehen jantzi haien arrakasta gogoratzen du: jertseak, galtzaren bat, kazadorak eta poltsak. «Eredu bakoitzeko neurri bat edo bi egin ditut, alde batetik, eta batez ere –azaldu du–, esklusibitatea zaindu behar delako, asko egiten badira balioa galtzen dutelako. Eta, bestetik, denbora kontuagatik ezin delako nahi adina egin».

Diseinuak Beriainen sormenetik ateratzen dira. Eragin eta eragin aritzen da, atsedenerako denbora gutxirekin. Irudi bat, une bat edo ezusteko edozer izan daiteke diseinu baten sorrera. Horregatik, grina eragiten dion lana alde batera uztea zaila dela onartu du, baina gustura egiten du.
Josketa lanetan, berriz, Isabel jostuna aipatu du. Hobeki esanda, goraipatu egin du. «Isabel zoragarria da, bikaina da bere lanean. Izan zuen ogibideagatik eskarmentu handia du oihal delikatuak eskuz josten, enkajea, esaterako. Gure materialak ere bereziak dira: ispilutxoak daude, harribitxiak… eta guzti-guztia eskuz josten du, pieza bakoitza banan-banan».
Cocoren ibilbidean Isabel «aingeru bat bezala» agertu zela dio Oscarrek, bere ustez ez delako «batere erraza jostun ona topatzea». «Guk bagenuen beste jostun bat, baina atzerrira joan zen bizitzera, eta bere lana galdu berri zuela, Isabel ezagutu nuen», kontatu du.
Orain, lanez lepo dabil, eskatutako guztia egiten. Irribarrez oroitzen ditu elkarlanaren lehen uneak, tailerrean buruan zituen ideiak azaltzen zizkionekoak eta esaten zituen «ai ene»ak. Tailerretik ateratzen diren jantzietako batzuk Donostiako Cocok Marta Hernandezek Tolosan duen Mahe dendarekin eramaten ditu aurrera, kolaborazio moduan.

Bidaia aberasgarriak
Hurrengo proiektua martxoan abiaraziko du Beriainek: Afrikako herrialde batera doa, produktu, oihal eta material berrien bila: artilea, lumak, larrua… Halaber, bertan topatzen dituen hamaika gauza interesgarri ekarriko ditu bueltan. «Aldez aurretik ez dut ezer lotu, hegazkina baino ez. Abentura izango da. Hala ere, gaur egun, bertara joan aurretik, Interneti esker, informazio pila bat kontsultatu daiteke, baliagarriak izan daitezkeen tailerren zerrenda egin, nondik mugitu, nondik hasi… Oro har, azokak, dendak eta txokoak bisitatuko ditut», esan du.
Bidaietan erosten duena izango zaio baliagarria ondoren Donostian lana garatu ahal izateko, baina, neurri berean, ikasi eta ikusten duena ere baliotsua izango zaio, hortik ideia asko atera baitaitezke. Bidaia honekin, gainera, ekoizleak ezagutu eta hauekin harremanak ehundu nahi ditu, jostunak landuko dituen materialen sarea handitu eta ekoizpena aberasteko.
Tailerrean egingo duenaz ez du xehetasun gehiago eman nahi, ezta zehazki zeren bila doan ere. Nahiago du lana amaituta duenean eman azken kolekzioaren berri, baina aperitibo gisa bai Facebook bai Instagram sare sozialen bidez aurreratu ditu udaberrirako salgai izango dituen osagarrietako batzuk.
Hurrengo neguari begira, bere ekoizpen propioari dagokionez, eraldatutako mahukak, bizkarraldeak eta larruak: azeria, untxia, bisoia eta arkumea. Jakin badaki animalien larruak aipatzea eztabaida piztea dela, baina argi utzi nahi du legearen baldintzak betetzen dituzten lekuetan erosten dituela pieza hauek, bermearekin. «Animalia ez bada abeletxean hezitakoa, eta ez badago salgai egon behar duen lekuan, ez dut erosten. Ez ditut larru basatiak onartzen, ezta hauei ematen zaizkien tratu txarrak ere. Guztia legearen barruan eta araututa dagoen merkatuaren baitan egiten dut, noski».
Momentuz, emakumezkoen jantziak eraldatzen ditu batez ere; gizonezkoei dagokienez, pixkanaka doa, bere ustez ez direlako hain ausartak. «Neskek segituan aldatzen dute modaren txipa: estua, gero zabala, forma eta estanpatu aldaketak… moda gustatzen bazaio, gustatuko zaio tendentzia dena janztea –adierazi du–. Eta honekin ez diot mutilei gustatzen ez zaienik, baina bai gehiago kostatzen zaiela». Hala ere, modak moda eta tendentziak tendentzia, Beriainek argi du ondorengo ideia: «Moda norberak bere buruari egokitu behar dio, eta ez alderantziz». Ildo horretan, ezinbestekoa da, eta gakoa dela uste du, bakoitzak hobeki doakion hura janztea, alegia, bakoitzaren ezaugarri onenak azpimarratuko dituzten jantziak edo koloreak erabiltzea.•

