Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

PISAren gomendioen gainetik LOMCEk egingo duena

 

PISAk 2014. urtean egin zuen azken neurketa, bosgarrena, hain zuzen. Neurketa horretako arduradunei Espainiako Estatuko Hezkuntzak dituen ahuldadeen gainean galdetu zieten elkarrizketa batean. Bi aipatu zituzten: alde batetik, ikasleak buruz ikastera ohituta daudela, eta, ondorioz, memorizazioa soilik lantzen dutenez, ez dutela pentsamendu abstraktua garatzen; eta, bestetik, sistema eta eskola hezitzailearen transmisioan oinarrituta daudela, eta, ikasleen parte hartzea ez dagoenez bermatuta, aspertu egiten direla eta, ondorioz, ez daudela motibatuta.

PISAko neurketetan emaitza onak eman dituzten herrialde batzuek badute, gainera, nabarmentzen dituen beste ezaugarri interesgarri bat: ekitatea. Finlandiak, esaterako, emaitza onak lortzen ditu, baina ekitate handiz. Beste herrialde batzuetan, aldiz, ikasle oso gutxi batzuek emaitza oso onak lortzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, oso eskasak. Ekitatea erakusten duten sistemek helburu bat dute: ikasleen aniztasuna abiapuntu izanik, ikasle guztiek emaitza altuak lortzea. LOMCEren helburua, ordea, gutxi batzuek emaitza altuak lortzea da, denen emaitza onak alboratuz. Hezkuntza Sistemak, beraz, emaitzen kuantitatibotasunaz gain emaitzen kualitatibotasunaz desberdintzen dira.

Gaur egun denen ahotan errazegi dabil, akaso, “hezkuntza kalitatea” kontzeptua. Zer barne hartu beharko luke, baina, kalitate horrek? Batik bat, eskolaren zeregina guztien eskubideak bermatzea izatea, eta, bide horretan, helburua ikasle guztien ikaste prozesuaren arrakasta izatea.

Bestalde, Hezkuntza zientzia den heinean, gainerako zientzietan bezala, adituek ikerketak eta aurkikuntzak egiten dituzte. Beste zientzietan ez bezala, ordea, zientifikoki demostratutako teoria eta praktika berri horien aplikazioa oso nekez egiten da eskolan edo ez da egiten. Hezkuntza zientziek, eta eredugarriak diren Finlandiako hezkuntza sistemek, ikuspegi humanistikotik planteatzen dute hezkuntza, ikerketan sustatua. Ikaskuntza mundua ezagutzera, ikasgaien arteko mugak gainditzera, proiektuka lan egitera eta interesguneak indartzera doa.

Hainbat ahotsekin batera, Euskal Curriculumak konpetentzietan oinarritutako ikuspegi humanista agertzen du. Hezkuntza planteamendu hori pertsonan fokatzen da. Gaur egun ongi dakigu alderdi kognitiboarekin batera beste alderdi batzuek ere, afektiboak eta motibazioak, adibidez, berebiziko eragina dutela ikaste prozesuetan. Lege berriak, alta, ez ditu aipatu ere egiten aukera berdintasuna, ikasleak partaide izatea, elkarbizitza, hezkidetza, eta abar. Alderdi humanoa, beraz, alde batera utziko du.

Europatik etengabe aipatzen ari dira pertsonak oinarrizko gaitasunetan hezi behar direla, konpetentzietan: jendarte konplexu batean bizi gara, aniztasuna da nagusi, desberdintasun ikaragarriak daude. Etengabe jasotzen ari gara informazioa eta zailtasunak ditugu informazio uholde hori kudeatzeko. Horren guztiaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu zaigu eskolan ikasleen oinarrizko gaitasunak garatzea.

LOMCEk, ordea, ikasi beharko diren kontzeptuen zerrendatze bat ezarriko du. Ez ditu, sikiera, jarrerazko edukiak kontuan izango. Zerrenda hori, interes zehatz eta interesatu batzuei erantzutera dator, interes merkantilista eta neoliberalei, zehazki.

Dagoeneko badakigu elkarrekin ikasiz gehiago eta hobeto ikasten dugula, eta, gainera, bizitzarako beharrezkoak zaizkigun konpetentzia asko garatzen ditugula. LOMCEK, ordea, emaitza onak ditu helburu –ikasle gutxi batzuenak–, horretarako bultzatuko dituen estrategiak bakarka ikastea, memorizatzea eta abar izango dira. Bide hori ikaste prozesuaz ikerketek diotenaren justu kontrako norabidean doa, eta PISAko adituek nabarmendutako bi ahuldadeetan sakontzera dator. •