Maria Gonzalez Gorosarri
Kazetaria eta ikertzailea

Albisteek nahi ez dituzten protagonistak

 

Albisteek jendartearen protagonistak erakusten dizkigute: politikariak, herri ekimenetako kideak, gizarte eragileak, eta abar. Azken batean, herritarren eta buruzagien arteko zubiak dira hedabideak. Herritarrei bizitza publikoan parte hartzeko gakoak ematen dizkiete. Hala ere, hedabideek erakusten duten albisteetako protagonistak gizon zuri heterosexualak dira, bai buruzagiak horrelakoak direlako, bai hedabideek eurek protagonista horien albisteak bakarrik zabaltzen dituztelako. Adibidez, emakumeak protagonistatzat dituzten informazioak alboratzen dituzte, kiroletan batez ere. Hortaz, hedabideek eman nahi dituzten albisteak aukeratzen dituzte. Aukeraketa horretan, zabalduko duten jendartearen irudia ere zehazten dute. Albisteekin batera, albistearen protagonista nor den erabakitzen dute.

Emakumeez gain, hedabideetara heltzea trabatzen zaien lau talde nagusi daude jendartean: LGTB (lesbianak, homosexualak, bisexualak eta transgeneroak), gaixoak, adinekoak eta etorkinak. Haiek sortutako berezko informazioak hedabideetan zabaltzeko zailtasun handiak topatzen dituzte. Izan ere, hedabideetan topa daitezkeen informazioek haiekiko topikoak berretsi ohi dituzte:

> LGTB pertsonak identifikatzen dituzte: «La prensa amarilla gala revela que el vicepresidente del Frente Nacional es homosexual», “Deia” (2014/12/12).

> Adinekoak biktimak dira: «Aparecen los cadáveres de dos ancianos en su domicilio de Olite», GARA, (2013/12/24).

> Gaixoak arriskutsuak dira: «Bilboko psikiatra bat larri, gaixo batek lepoan labankada emanda», ETB (2011/12/08).

> Etorkinak lapurrak dira eta diru laguntzak kobratzen dituzte: «Un detenido por la Ertzaintza cobraba tres RGI al mismo tiempo», “El Correo” (2015/02/11).

Hortaz, gizon zuri heterosexualek talde horiei izen ona ematen diete:

> Dela kanpaina instituzionaletan aurkezten dituztelako: «Urkullu: Los inmigrantes no son ‘otros’ entre nosotros, son parte del nosotros vasco››, “Deia” (2014/12/18).

> Dela gizon zuria “gutariko” bezala aurkezten dutelako: «El ciudadano golpeado por defender a los inmigrantes denuncia a su agresor», “Deia” (2014/11/05).

Haien ikusgarritasuna trabatzen duten neurrian, hedabideek talde horietako kideei jendartean parte hartzea trabatzen diete. Aldiz, haien berezko egoeraz jabetzeko, ohiko informazioak baztertzen dituen talde horiei buruzko albisteak ematen dituzte hedabideek:

> «Un 15% de los menores homosexuales sufre agresiones verbales», “Deia” (2014/12/14).

> «C hepatitisdun gaixoek amaitu dute Nafarroako erietxeko itxialdia», “Berria” (2015/01/26).

> «Kalte zerebralaren eguna: burmuina kaltetuta duten 20.000 gaixo daude Euskadin», ETB (2012/10/24).

> «Soraluzen, etorkinen inguruko zurrumurruei aurre egiteko kanpaina antolatu dute», Pil-Pilean eta Euskadi Irratia (2015/01/26).

Talde horiek egunerokotasunean tartekatzea hedabideentzako erronka da. Herritar gaixoak, adibidez, ez dira denoi eragiten diguten albisteetan agertzen, kaleko irudi orokorretan ere ez. Besoa apurtuta duen inor, kimioterapiaren begi bistako eraginak ezkutatzen ez dituena eta adimen urritasunik izan dezakeena, besteak beste, gaixotasunari buruzko albisteetan bakarrik agertzen dira. Baina ez al dira gainerako informazioaren hartzaileak ere? Lan erreformak, abortuak, aparkatzeko zailtasunek eta gainerako gaiek ere eragiten diete. Are gehiago, talde horiekiko mugak apurtu behar dituzte hedabideek, denok ere sexu edo arraza bazterkeria paira dezakegulako eta, zalantza barik, gaixotuko eta zahartuko garelako. Orduan, ez dago “gu” eta “haien” arteko mugarik:

> «Crisis y salud mental: Los efectos del desempleo o la precariedad laboral sobre la salud mental de la población», GARA (2013/03/22).

Horretarako, hedabideek jasotzen dituzten albisteak iragazi bakarrik ez, informazioaren bila abiatzeko berezko jarrera agertu behar dute. Azken batean, aukeratu ez ezik, hedabideek irudikatu gura duten jendartearen kideak ere erakusten dituzte. •