Julene LARRAÑAGA
Elkarrizketa
Josu Martinez
Zinemagilea eta EHU-ko ikerlaria

«Euskal Herriko ondarea ez dago artxibategi nazional batean jasota, ganbaretan eta kutxa zaharretan baizik»

Galdutzat ematen zen euskarazko lehen filma aurkitu zuen 2012an. Bi urtez ikergai izan duen aurkikuntza horren nondik norakoak bildu ditu «Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia» doktorego tesian.

Galdutzat jotzen zen “Gure Sor Lekua”, 1956an Hazparnen (Lapurdi) estreinatu zen pelikula, baina Josu Martinez zinemagile eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko ikerlariak aurkitu zuen Parisen, duela bi urte pasatxo. Pelikula egoera onean dagoen arren, soinua du faltan, eta horrexen atzetik ibili da Martinez buru-belarri, arrasto ororen atzetik, euskarazko lehen filma izan daitekeenaren ahotsaren bila. Ikerketa prozesu luze baten ondoren eman ditu argitara bere doktorego tesiaren ardatza izan den aurkikuntzaren gakoak.

Nolatan hasi zinen «Gure Sor Lekua» filmaren inguruan ikertzen?

Doktorego tesia egiten nenbilen EHUn. Hasiera batean, zinemagintza dokumentala eta Euskal Herriaren naziogintza gaia zen nire ikergaia. Hainbat dokumental aztertzen aritu nintzen eta, horretan nenbilela, beste inon topatu ez zen pelikula baten aipamen batekin egin nuen topo. Sorlekua izenburua zuen, eta M. Madre izeneko batek egina zela esaten zen. Filmaren inguruan esaten zen bakarra zen Euskal Herriari buruzkoa zela, beste ezertxo ere ez. Izan ere, pelikula galdutzat ematen zen. Nire ikerketarekin bat etor zitekeenez, honen inguruan ikertzen hasi nintzen. Ipar Euskal Herrian ibili nintzen, eta informazio dezente lortu nuen bertan. Besteak beste, pelikularen izena “Gure Sor Lekua” zela jakin nuen. Horrez gain, M. Madre hori Monsieur Madre zela eta egilearen benetako izena Andre Madre zela jakin nuen. Eta datu garrantzitsuena: garaiko euskarazko prentsako artikuluetan aipatzen zen euskarazko pelikula zela. Pista horiek guztiek ikertzen jarraitzeko grina piztu zidaten.

Eta arrastoek Parisera eraman zintuzten…

Bai. Ez zen erraza izan filma lokalizatzea, baina azkenean lortu nuen. Frantzia osoko Madre abizeneko guztien atzetik ibili ondoren, Andre Madreren alargunarekin bat egitea lortu nuen azkenean, 2012ko neguan. 93 urteko emakumea da eta Parisen bizi da. Pelikula etxean gordeta zeukala esan zidan, eta bertara abiatu ginen unibertsitateko taldetxo bat. Urrats hori oso garrantzitsua izan zen nire ikerketaren baitan; unibertsitatean ere argi ikusi zuten aurkikuntza potoloa izan zitekeela, baldin eta konfirmatzen bazen filma euskaraz eginda zegoela. Unibertsitatea eta Madreren alarguna akordio batera heldu ziren filma unibertsitatearen eskuetara igaro zedin. Aurkikuntza zela-eta, tesiaren gaia aldatzea erabaki nuen, filma topatzeak justifikatzen zuelako ikerketa guztia “Gure Sor Lekua” lanaren inguruan izatea. Gainera, ikerketa bukatuta eduki arte aurkikuntza isilpean gordetzea erabaki genuen unibertsitatean.

Baina berehala jaso zenuen sorpresa, filmak soinurik ez zuela konprobatzean, ezta?

Hala da, bai. Aurkitu genuen materiala aztertzen hasi eta pelikulari soinua falta zitzaiola konturatu ginen. Hainbat hipotesi planteatu genituen: soinua ezabatua izan zela, edo irudia eta soinua bakoitza bere aldetik grabatuak izan zirela, adibidez. Baina azken aukera horrek oso arraroa zirudien, irudia eta soinua bakoitza bere aldetik proiektatzea ez delako ohikoa, eta are gutxiago garai hartan. Nonbait kopia originala egon behar zela ondorioztatu genuen. Parisera mila ostera egin nituen, baina filmaren kopia originalik eta audiorik ez zen ageri inon.

Putzua ere zeharkatu omen zenuen filmaren arrastoen atzetik…

Bai. Guk dakigula, filma 1961-1962 inguruan eskaini zen azkenengoz. Hortik aurrera ez dugu beste daturik. Baina pista batek Euskal Herritik kanpo eraman ninduen. 1963an jubilatu zen Madre, eta, urte horretan bertan, Hego Amerikara joatekotan zela jakin nuen prentsako artikulu baten bidez. Egunkari frantses batek zioenez, bertako kolonia euskaldunengana joatekoa zen. Bidaia horren arrazoietako bat pelikula atzerrian bizi ziren euskaldunei erakustea izan zitekeela pentsatu nuen, izan ere, pelikulak Euskal Herria erakusten du, nolabaiteko nostalgia puntu batekin. Logikoa zen bertara joan eta filma hango euskaldunen artean erakustea. Hipotesi horri jarraiki, eta filma Hego Amerikan erakutsi bazen, logikoa da pentsatzea kopiaren bat egon zitekeela nonbait. Hori dela-eta, Argentinara jo nuen lehenengo, euskaldun komunitate handiena duen herrialdea delako, eta Euskal Etxe desberdinetan izan nintzen: Buenos Airesen, Rosarion eta, ondoren, Txileko Santiagon ere bai. Zoritxarrez, ez nuen ezer aurkitu. Madreren emazteak berak konfirmatu zidan bidaia hori egin egin zuela senarra zenak, baina ezin zuen ziurtatu filma eraman zuen edo ez.

Audiorik lortu ez duzun arren, ziur zaude «Gure Sor Lekua» euskaraz filmatu zela, eta, ondorioz, euskarazko lehen pelikularen aurrean gaudela.

Bai. Filma estreinatu zen garaiko prentsak hori dio, eta grabaketan izan ziren lekukoek eta Madreren emazteak berak ere baieztatu didate filma euskaraz zela. Gainera, jakin badakigu Jean Elizalde Zerbitzari Azkainen (Lapurdi) jaiotako apaiz eta euskaltzainak idatzi zituela pelikulako hitzak. Eta hitz horiek euskaraz idatzita daude. Litekeena da soinua zuen kopia galdu izana. Dena den, badakigu noizbait existitu zela; ezin duguna da ziurtatu gaur egun existitzen dela. Beraz, behin puntu honetara helduta, eta soinuaren bilaketan jo ahal nituen ate guztiak jo nituela sentitu nuenean, unibertsitateak ikerketaren berri ematea erabaki zuen publikoki. Audioa aurkitzeko lagungarria izan zitekeen jendeak horren berri izan zezan, azken batean.

Nor izan zen Madre, eta zein izan zen pelikula hau egiteko arrazoia?

Andre Madre Hazparnen jaio zen, 1907an, eta frantses armadako jenerala izan zen. Madrek berak esan zuen pelikula hau atzerrian bizi ziren euskaldunentzat egin zuela; izan ere, armadarekin denbora asko eman zuen Euskal Herritik kanpo, eta ondo zekien zer zen sorlekuarekiko nostalgia hori. Sentimendu hori ekiditeko pelikula egin nahi izan zuen. Oso euskaltzalea zen Madre, nahiz eta guretzat arraroa dirudien jeneral bat Euskal Herriari buruzko pelikula bat grabatzen imajinatzea. Baina kontuan izan behar da, garai hartan, Ipar Euskal Herriko testuingurua oso bestelakoa zela. I.Mundu Gerran jende asko hil zen Hazparnen, eta armadarekiko atxikimendua oso presente zegoen. Eta hori, era berean, ez zegoen euskaldun izatearekin kontraesanean. Aldiz, Hego Euskal Herrian, abertzaletasunaren mugimenduarekin, aukeratu beharra zegoen. Hau da: edo euskalduna zara, edo espainola zara. Ipar Euskal Herrian, bi nortasunak osagarriak ziren garai hartan. Eta Madre abertzale frantsesa zen, baina baita euskalduna eta euskaltzalea ere. Bere figura oso berezia da, batez ere Hegoaldeko euskaldunon ikuspuntutik.

Ildo beretik, badago aipatzea merezi duen beste kontu bat, eta da Euskal Herriaren Historia Hego Euskal Herritik kontatu izan dela beti. Pelikularen aurkikuntzaren inguruan jendearen erreakzioa ere desberdina izan da mugaren alde batean edo bestean: Ipar Euskal Herrian, orokorrean, ez dira gehiegi harritu 1956an euskaraz pelikula bat egin izanaz; Hegoaldean, ostera, aurkikuntza moduan ikusi dugu. Horren arrazoia da gure herri zatituak testuinguru oso desberdinak bizi zituela garai hartan. Euskaraz hitz egitea ez zegoen debekatua Ipar Euskal Herrian, baina bai Hegoaldean, non hizkuntzak konnotazio politiko handia hartzen zuen.

Eta zer erakusten du Madrek pelikulan?

“Gure Sor Lekua” Euskal Herriari buruzko ordu eta erdiko koloretako dokumentala da. Euskal Herriaren erretratu bat da; nolabaiteko irudi ideal edo idiliko bat erakusten da. Halako sentipen nostalgiko bat transmititzen dute irudiek. Planoz plano ikusten dira, adibidez, bi idik tiratutako gurdi bat eta haren isla urmael batean; kostaldeko herri bateko emakume talde bat lurrean eserita sareak josten; itsasotik lehorrera doan sekuentzia bat gero, arrantzaleak… Finean, bere sorterriaren irudi bat erakusten du egileak, Euskal Herriaren puska bat. Argi zuen bere helburua Madrek: diasporari zuzenduriko lana zen, kanpoan ziren euskaldunentzat sortu zuen pelikula, haien herrimina arintzeko. Eta helburu horrekin, zazpi herrialdeetako txokoetara eraman zuen bere kamera. Esan bezala, Madre bera ere kanpoan asko ibili zen, eta agian horregatik egin zuen filma euskal diasporari begira, berak ere sentituko zuelako noizbait herrimin hori. Gainera, eta euskaldun batek euskaldunentzat egindako filma izaki, hortik ere uler daiteke euskaraz egina izatea. Gaur egun munduan sakabanatuta bizi diren euskaldunentzat pelikula bat egin nahi badugu, logikoena film hori euskaraz egitea litzateke, horixe baita kanpoan dauden euskaldunak batzen dituena: hizkuntza.

Noiz eta non estreinatu zen pelikula, eta zer-nolako ibilbidea egin zuen?

“Gure Sor Lekua” Hazparnen estreinatu zen, Madreren herrian bertan, 1956an. Gero beste proiekzio batzuk egin zirela jakin badakigu, betiere Madreren presentziarekin, bera baitzen pelikula leku batetik bestera eramaten zuena. Adibidez, Pariseko Euskal Etxean, Dakarren (Madre bertan jeneral moduan egon zenean) edota San Frantziskoko Basque Club-ean ere eman zen. Iaz, Hazparnen, bere garaian filma estreinatu zen leku berean, pelikularen laburpen bat eman genuen, Joserra Senperenaren musikak lagunduta. Ederra izan zen, pelikulan parte hartu zuen jendea bertaratu baitzen, besteak beste. Behin tesia bukatuta, Bilbon ere antzeko zerbait egin dugu eta polita izan da.

Orain arte, Gotzon Elortza jotzen zuten historialari gehienek euskarazko lehen pelikulen egiletzat. Aldatu egin du hori «Gure Sor Lekua» filmaren aurkikuntzak?

Neurri batean bai. Dena den, eta topatutako kopia mutua izanik, Elortzarenak dira, ofizialki, ikus eta entzun daitezkeen euskarazko lehen filmak. Hala ere, nire ikerketak ez dio Elortzaren lanari duen garrantzia kendu nahi, ezta gutxiago ere. 1959-1962 artean grabatutako Elortzaren lau dokumental labur hartzen dira euskarazko lehen pelikulatzat. Esango nuke estilo aldetik antzekoak direla Elortzaren lanak eta “Gure Sor Lekua”, baina Elortzarenak badute modernitate kutsu bat Madreren filmak ez duena. Elortzaren garaian ziklo berri batean zegoen Euskal Herria; mundu zahar baten amaiera eta beste berri baten hasiera zen, eta gauza askoren sorrera ere bai: ikastolena, ETArena eta sentimendu abertzalearena ere bai, neurri batean. Bere lanen bidez, Elortza olatu horretan sartzen da nolabait. Elortzak euskarazko dokumentalak egitea erabaki zuen euskarak medio berrietan egon behar zuela sinesten zuelako, bestela hizkuntza hilko zela uste zuelako. Nik uste Madrek ez zeukala euskara modernizatzearen ardura hori pelikula hau egin zuenean. Hautu hori besterik gabe egin zuela esango nuke, naturalena horixe zitzaiolako, euskaraz egitea. Galtzen ari den mundu zahar bat erakusten du Madrek, baserri giroa, nekazari mundua, eta abar, baina mundu berriari dagokion medio batekin egiten du, zinemarekin alegia. Hori ere kuriosoa da.

Nola da posible euskal zinemagintzan aitzindari izan daitekeen film honen inguruan orain arte ezer ez jakitea?

Orain arte ez zaio ia aipamenik egin pelikula honi, eta arrazoia sinplea da: orain arte iturri bakar bat erabili dute historialari gehienek, eta iturri horretan ez zen agertzen pelikula euskaraz izan zitekeenik. Azken finean, euskal zinemagintzari buruz idatzi den guztia, edo ia guztia, euskaraz ez dakien jendeak idatzi du, eta hor dago arazoa. Ez dira euskarazko iturriak kontsultatu, eta, beraz, gauza asko galdu egin dira. Nik ez dut orain kea asmatu, garai hartako euskarazko prentsako artikuluak kontsultatu ditut, besterik gabe. Baina egiaztatu da euskaraz esan eta idatzi zena historiagileek ez dutela euskal zinemagintzari buruzko liburuetan jaso.

Ikerketa lana oparoa izan da, baina, era berean, lan honekin gure kulturaren gabeziak ere agerian geratu direla uste dut. Pena da, baina Euskal Herriko ondarea ez dago artxibategi nazional batean jasota, baizik eta etxe partikularretan: ganbaretan, kutxa zaharretan… ezkutuan, azken batean. Gure ondarea jendearen lekukotzetan dago, baina ez dago ofizialki jasota. Eta pelikula hau da horren adibidea, ezkutuan eta erdi galduta egon baita filma bera eta berari buruzko ia guztia. Arrazoi asko daude, baina, azken finean, arrazoi nagusia da gure kulturak egitura sendorik ez duela.

Pelikularen inguruko ikerketa eta tesia amaitutzat eman dituzu, baina «Gure Sor Lekua» filmaren inguruko abentura ez da bukatu oraindik, ezta?

Ikerketaren prozesu guztia kamera batekin grabatu dut, eta orain istorioa irudien bidez kontatu nahi dut, jendeak ezagut dezan. Dokumental bat lantzen ari naiz, eta ekainerako bukatuta egotea espero dut. Tesiaren defentsa egin nuenean, epaimahaikideek intrigazko eleberri bat irakurtzen ari ziren sentsazioa eduki zutela esan zidaten. Pelikulak ere sentsazio bera sorraraztea nahi nuke. Gainera, kutsu komikoa izango du.