Antton Izagirre

Garizuma

Amaitu dira ihauteak, heldu da garizuma. Mozorroa kentzeko garaia. Gogoeta aroa. Euskal politikak ere abiatu du bere garizuma propioa.

Azken egun hauetan Kutxabanken auziak, aginte politiko eta ekonomikoek, euskal politikagintza ihaute etengabean murgilduta mantendu duten susmoa piztu da. Akordio ezkutuak, idatzi gabeko legeak, mesedezko tratuak, eroskeriak... mozorrotuta iraunarazi dituzte urtetan. Salaketa politikoak ez dira eraginkorrak izan ezkutuko tramak argitzen hasteko. Ezustean, Mario Fernandezen isilpeko kontu batek atea zabaldu die ustezko susmo haiei guztiei. Cabiecesi emaniko faborezko tratuak agerian utzi du erakunde ekonomiko eta politikoetan bakar batzuek izan duten errugabetasuna eta agintea nahieran erabiltzeko askatasuna.

Susmopean jarritako politikariek auzia salbuespen moduko akats edo okerreko gertakaritzat hartu nahi izan dute, baina gizartean sortu duen oihartzun eta alarmak gertakari bat ez baino ohiko portaera baten adierazle den ustea areagotu egin dute. Beste modu batean esanda, zer ez ote dute gordetzen idatzi gabeko akordio ezkutu horiek Kutxabanken aginte organo gorenetan botere kuotak banatu eta elkar babesteko? Nola ordaindu ote dituzte elkar babesteko egindako mesede horiek? Hari muturra besterik ez ote?

Begi bistakoa da kanpoko kontrol esturik gabe eraman izan den Kutxabanken gestioa elite talde baten eta pertsona bakar baten ahalmen eta nahieran ibili dela, gizarte eragileen egitekoa mozorrotua izan den bitartean. Garaia da erantzukizun politikoak dituztenak ere mozorro iraunkorra galtzen has daitezen. Ken diezaiegun mozorroa. •