Eleno Alkain eta Saioa Aginako
Psikoterapeutak

Maitasun erromantikoa

Bazen behin Ekialdeko irla batean haur txiki bat, ilehoria, azal leunduna, bizkarraldean bi hego zurirekin jaiotakoa. Bere ama emakumeen artean eder eta emankorrena zen, eta, bere aita, berriz, liskargilea eta ausarta zen aldi berean. Denborarekin haurtxoa osasuntsu hazi zen, amaren edertasuna, aitaren ausardia eta inudeen arrazoi gabekeria bereganatuz. Bizirauteko, zaindariengandik ikaskizun handiak eta garrantzitsuak jaso zituen haurtxo hark, eta, heldutakoan ere, ume irudia mantendu zuen; gainera, basoan eraikitako lizar egurrezko uztaia eta agin geziak eramaten zituen edonora soinean. Amak, semearen heldutasun eta garapenarekin hunkituta, urrezko uztai eta gezi magikoak oparitu zizkion. Urrezko punta zuten geziekin ukitutako lagunek, maitasuna topatzen zuten; aldiz, berunezko puntekin ukitutakoek ahanztura eta eskergabetasuna bizitzen zuten beraien bihotzetan.

Imajinatzekotan, gehienok, nahiago genuke urrezko punten sastada jasotzea, maitasunaren hodeiaren aroltasunean murgildu eta han bizitzen geratzea. Ametsetan, apika, holakorik gerta zitekeen. Bizitza, baina, bestelakoa da. Lehendabizi, esan beharra dugu orain arte irakurritako kontakizun amaitu gabea Cupidoren mitoaren parte dela. Cupido maitasunaren ikur lez heldu da gure garaira, hala ere, milaka urte eta gero, ez dugu bakarrik maitasunaren ikur bezala mantendu; nolabait, maitasuna ulertzeko modu zehatz bat helarazi digu, historian zehar maitasunaren inguruko mito sozialen abiapuntu izan den maitasuna ulertzeko modu bat.

Maitasun erromantikoa zer den galderari erantzungo al zeniokete? Badakigu ez dela eginkizun erraza, kontziente gara zeregin horren zailtasunaz, guri ere nekeza egiten baitzaigu maitasunaren aurpegi guztiak izendatu eta deskribatzea. Badaude maitatzeko era ezberdinak, sentitzeko era ezberdinak dauden moduan. Beraz, gizarteak bikote harremanean “maitasun” izenarekin deskribatzen duena, eta gure aburuz maitasuna ez dena, konpartitzea bururatu zaigu; alegia, gizartean egia balira legez zabalduta dauden zenbait sinesmenen inguruan hausnartzea erabaki dugu.

Maiz entzuten dugu maitasuna «gure laranja erdia topatzea» dela. Aldi batetik, horrek patuak guretzako «erdi bakar bat» gordeta duela aditzera ematen digu. Beraz, ez dago besterik, baizik eta pertsona bakarra zazpi mila miloi lagunen artean. Horrek eragiten digun pentsamendua argi dago: “laranja erdi” hori, kosta ahala kosta, zaindu eta mantendu egin behar dugu, bestela ez dugu maitasunik berriro ezagutuko. Bestalde, beste zerbait ere izan behar dugu kontuan: gu geu gara laranja osoa, ez dugu beste inor behar gure pertsona eta nortasuna osa dezan. Erditik ebakita ez gaudenez, ez dugu, izatekotan, beste erdirik nahi, baizik eta beste laranja, limoi, baratxuri… oso bat.

«Gero eta jeloskorragoa izan, bikotekidea orduan eta gehiago maitatzen dudan seinale da» baieztapena, jokamolde berekoiak, bidegabeak eta zapaltzaileak justifikatzeko erabili ohi da. Zeloek norberaren segurtasun ezarekin dute zerikusia, ez beste pertsonarengan sentitzen dugun maitasunarekin. Horrez gain, bikote harremana posesio gisa bizi dugunean, zeloen bidezko erreakzio erak azaleratzea ohikoa izaten da. Beste pertsona gurea dela sinesten dugunean, pertsona hori objektu bat izango balitz bezala tratatzen dugu.

 

«Maitasuna ahalguztiduna da» dioen sinesmenak, bere aldetik, harreman batek aurrera egin eta osasuntsu garatzeko beharrezkoa duen arduraren zatia ez onartzea suposatzen du. Maitasun osasuntsua landare bat bezala zaindu beharreko biziduna da. Maitasuna, beste osagai batzuen artean, konfiantzaz, komunikazioaz, irrikaz eta konpromisoz eraikita dago, eta, beraz, manten dadin faktore ugaritan jarri behar da arreta.

Eta horrela, gaur egungo gizarteraino bilakaerarik gabe heldu den «maitasun erromantikoaren» kontzeptuari buruz luze mintzatzen jarrai genezake, baina, gaurkoz, hemen utziko dugu, orrialdea amaitzear dago-eta! Ba al da maitasun erromantikoa margotzen diguten bezain arrosa? •

durundia@gmail.com