Xabier Mikel Errekondo

23-Ftik Garoñara

Astelehenen honetan 34 urte bete dira. 23-F. Golpea. Frankismoaren sakoneko interesak bermatuak geratzeko espainiar inteligentzia zerbitzuen operazio borobila. Golpea deuseztatu omen zuen eta abdikatu berri duen Borboiaren zilegitasuna eta berarekin zin egin zituen Movimiento Nacionalaren printzipioak betikotzeko trikimailu galanta. Distantziak distantzia, nago Garoñaren kasuan ere zentzu bereko ariketa baten aurrean gaudela, elektrika enpresak eta gobernuak hautu argia egina dutela zentral zaharra berriro irekitzeko, kosta ahala kosta. Liskar antzeztuen gibeletik erabateko konplizitatean ari dira. Orain arteko milaka milioika euroen barkamena eta lege aldaketak lekuko. Halere, lur-ama errespetatzen dutela sinistarazi nahi digute. Eskandaluon aurrean sinesgarritasuna eskuratzeko ahaleginean formula salbatzailea aurkitu dute: «segurtasun berme guztiak betetzen badira» baldintza ezarri.

Ederra baldintza, betetzen den ebaztea soilik Gobernuaren eskuetan dagoenean, hots, kontrolpean duen Segurtasun Nuklear Batzordearen (CSN) eskuetan. Amarru hutsa. Gauza bera egin du fracking-aren kasuan, ikerketa zein ustiaketa proiektuei Ingurumen Baimen Bateratua ezarriz. Baimen hauek ez dute segurtasuna helburu, gobernuaren erabakiaren zilegitasuna baizik. Hala, Kanaria irletako hidrokarburoen prospekzio proiektu bateko Ingurumen Baimen Bateratua Malagako baten copy&paste hutsa zela ebatzi zuen epaitegiak. Ederrak bermeak enpresa jakin batzuen interesen lokatzetan gozo maneiatzen diren gobernuen eskuetan…

Bada, hementxe bertan, Arantxa Tapia Industria Sailburuak argudio-esaldi ezin higatuago bera du erabiltzen fracking-a babestera jotzen duen une oro: «segurtasun neurri guzti-guztiak betetzen badira»… Gauza bera da ematen Garoñarekin. CSNk baldintza zorrotzak ezarri berri omen dizkio Iberdrolari (Nuclenor); apustu aurten bertan ematen diela oniritzia CSNk. Erraza amarrua, ezta? Ez gaitezen inozoak izan, teilatupe berekoak dira-eta Gobernua, CSN eta Iberdrola. Garoña betiko itxiko da herritarrok, alderdiek eta instituzioek egiten dugun indarraren arabera. Gaur Gasteizeko manifan, bihar Iberdrolarekin ditugun kontratuak hautsiz eta etzi bere lehendakari Ignacio Sanchez Galani escrache-a eginaz. •