Ander Izagirre
Kazetaria

Abiadura Maitagarriko Trena

Ez zaitezte hain gogorrak izan: Abiadura Ez Hain Handiko Trena eraikitzen ari direnek maiteminduak dituzte gogoan. Donostiatik Bilbora joateko 55 minutu beharko omen ditu trenak (eta ez 38, hasieran esan zuten bezala), Bilbotik Gasteiza 43 minutu (eta ez 28), Gasteiztik Donostiara 55 minutu (eta ez 34). Horretarako mendiak tunel erraldoiekin zulatzea beharrezkoa ote zen galdetuko duzue kritikook, baina hori da ez duzuelako Plazaolako tren zaharraren historia ezagutzen. Eta ez zaretelako jabetzen tunelek izan dezaketen interesik handienaz.

Leitzarango meatzeetako burdina Andoainera ateratzeko eraiki zuten Plazaolako trena 1904an. Geroago, 1914an, trenbidea luzatu egin zuten Donostia eta Iruñea lotzeko, bidaiariak ere garraiatzeko. Guztira 66 tunel zulatu zituzten. Tartean, garai hartako luzeena: Uitziko tunela, 2.700 metroko sator-zulo ilun ikaragarria, Leitza eta Lekunberri artean. Orduan esaten zutenez, ezkontza-bidaia bat hasteko tunelik egokiena zen: trenak kontu handiz zeharkatzen zuen zati hura, orduko 10 kilometroko abiaduran, eta ordu laurden batez erabateko iluntasunean joaten ziren bidaiariak. Lehen aldiz erabateko iluntasuna, zenbait bikoterentzat.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen “harrituta” zegoela Abiadura Ez Hain Handiko Trenak izango omen duen moteltasunarekin, horrela ez omen baita “hain lehiakorra” izango. Nik esango nuke exekutibo eraginkorraren plantak egin nahi dituela, lotsa ematen diola maitasunaren trena eraikitzen ari direla aitortzeak.

Plazaolako trenaren geldotasunak beste hainbat ohitura eder ere sortu zituen: Irurtzun inguruan, adibidez, bidaiariak martxan jaisten omen ziren, mahastietatik mahats-ale batzuk hartu eta berriz ere, korrika pixka bat egin ostean, trenera igotzeko. Geltokirik gabeko parajeetan jaitsi nahi zutenek makinistari eskupeko bat ematen zioten abiadura mantsotu zezan, eta salto egiten zuten lasai. Aukera horrek ere beste arazo bat konponduko liguke: trena hiriburuetara nola sartu, estazio berriak eraiki ala zaharrak erabili, lurpetik ala azaletik, trena hiriguneraino eraman ala kanpotik pasarazi. Abiadura Ez Hain Handiko Trenarekin, bidaiariek komeni zaien lekuan jauzi egin ahal izango dute.

Trena ospakizunetarako motiboa zen garaira itzuliko gara. Igandeetan, Lekunberriko musika banda nasan kokatzen zen eta, trena geltokira iristen zenean, turutak eta danborrak jotzen zituzten bidaiariei ongietorria emateko, abiatzen zirenei bidaia ona opatzeko, arratsalde pasa geltokira joaten ziren bikote maiteminduei entretenimendu pixka bat emateko. Trena festa zen.

Eta biziraupenerako bide ere izan zen. Jesus Mari Saez donostiarrak kontatu zidan gerraosteko urteetan Uitzira trenez joaten zirela, hango senideek barazkiak, arrautzak eta patatak ematen zizkietelako, hirian topatu ezin zitezkeen elikagaiak. Haurtzaroko gertakari zoragarrienetako bat gogoan iltzatuta zeukan Saezek: «Trena errailetik irten zen Uitziko tunelean. Herritar guztiak korrika joan ziren, barreiatutako merkantziak harrapatzera. Norbaitek erregalizez betetako zakuak topatu zituen. Umeok urte osoa pasa genuen erregaliza jaten».

Urte haietan, bidaiariek estraperlistaren berokia janzten zuten: artilezko beroki luzea, barrutik sei poltsiko handi josita zeuzkana. Patxi Mikeo nafarrak moda haren arrazoiak azaldu zituen: «Udan ere, bidaiari asko gabardina handiekin joaten ziren, eta barruko patriketan babak, babarrunak, garbantzuak eramaten zituzten. Trenean zihoazen emakume guztiak haurdun zeudela ematen zuen». Guardia Zibila nasetan ikusten zutenean, makinistek oharra ematen zieten bidaiariei, merkantziak gorde edo leihotik bota zitzaten.

Estualdietako trena ere izan zen, emigrante nafar asko Kantauriko portuetara eraman zituena Amerikarako bidean. Baita aisialdikoa ere, Ski Club Tolosano elkarteko kideak Aralarrera hurbildu zituelako, Euskal Herriko lehen eski saioak egitera. Plazaolako trenak minerala garraiatu zuen fabriketara, abereak azoketara, langileak hirietara, ekonomia piztu eta gizartea eraldatzen lagundu zuen, baina batzuen ustez kanpoko eragin gaiztoak ere ekarri zituen: «Gure herrian ez zen biraorik entzuten tren madarikatu hori etorri zen arte!», esan zuen Leitzako apaizak igandeko mezan. Abiadura Ez Hain Handiko Trenak ohitura hori ere berritu du. •