Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Mertxe Larrañagaeta Yolanda Jubeto
EHU-KO EKONOMIA IRAKASLEAK

«Aurrekontu publikoak parekidetasunaren alde egiteko tresna bat dira»

Genero aurrekontuen proposamena gardena da oso: kontuak garbi, dirua nora eta norentzat. Parekidetasunaren aldeko eta ustelkeriaren kontrako metodoa.

Sexurik gabea al da aurrekontu politika?». Galdera horren bueltan aritu dira ostegun eta ostiralean Donostiako Kursaalen nazioarte mailako hainbat aditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako jardunaldien harira. Mertxe Larrañaga eta Yolanda Jubeto, EHUko Ekonomia irakasleak, genero aurrekontuez aritu dira, eta zenbait euskal erakundetan martxan jarritako esperientziak ekarri dituzte mahai gainera.

Aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzeko lehen baldintza eta ezinbestekoa ondorengoa da: aurrekontuak generoarekin neutroak ez direla garbi izatea. Izan ere, askotan pentsatzen da zenbaki kontuak neutroak direla, denon mesederako diseinatzen direla aurrekontuak eta berdin eragiten dietela gizon zein emakumeei. Larrañaga eta Jubeto erakunde desberdinetan aritu dira genero aurrekontuak osatzen laguntzen.

«Sexurik gabea al da aurrekontu politika?». Horixe jardunaldien izenburua. Pentsatzen baita ekonomiak ez duela generoarekin loturarik.

Mertxe Larrañaga: Normalean ekonomiaz hitz egiten denean diruaz hitz egiten da, zenbakiez, eta pentsatzen da dirua eta zenbakiak neutralak eta objektiboak direla. Guk zenbaki horien atzean dagoen jendearen gainean jartzen dugu arreta, horien gainean egiten dugu analisia. Finean, aurrekontuen gainean arreta jarriz gero, politikariek dirua zertan gastatzen duten aztertuz gero eta politika horiek eragina norengan daukaten ikusiz gero, garbi geratzen da printzipioz neutrala zirudienak eragin oso desberdina daukala batzuengan eta besteengan. Nora bideratzen da aurrekontua? Zertan gastatzen da dirua? Horrek nola eragiten die sektore batzuei eta besteei? Galdera horiek egitea beharrezkoa iruditzen zaigu, eta horretan aritzen gara gu.

Nola osa daiteke aurrekontu publiko parekide eta orekatu bat?

Yolanda Jubeto: Lehen pausoa ogasunaren, kontu publikoen eta desberdintasunen artean lotura dagoela jabetzea da, eta aurrekontua berdintasuna bultzatzeko tresna bat dela. Normalean arloak banatzeko joera daukagu. Finantza arloan lan egiten dutenen begietara, berdintasunak ez dauka inolako harremanik haiekin. Zenbakiekin lan egiten dute, dena guztion onerako da, ez dute inoiz bereizketarik egiten... Asko kostatzen zaie ikustea gizonen eta emakumeen artean desberdintasunak daudela eta aukera desberdinak ditugula.

Parekidetasunaren aldeko borrokak ekonomiarekin loturarik ez balu bezala, ezta?

Yolanda Jubeto: Gure formakuntzan konturatu gara badagoela berdintasunaren mitoaren hedapena: Berdintasun Legea daukagu, dagoeneko ez duzue hainbeste traba ia toki guztietara iristeko... zer gehiago nahi duzue ba? Badirudi muga batera heldu garela eta hemendik aurrera eskatzen duguna batzuentzat gehiegitxo ere badela. Gainera, adibideak ere jartzen dituzte, goi mailako postuetan emakumeak ere badaudela esanez. Etxeko lanen banaketa, enpleguan dauden diskriminazioak, sektore publikoan dauden zenbait ohitura, erabakiguneak nola dauden osatuta, zer den erdigunean jartzen dena, zein jarduera dauden aberastasuna sortzera bideratuta, zeintzuk daude hortik kanpo...

Hemen oraindik oso ikuspegi ortodoxoa dago, ulertzen duena enpresa jarduera dela aberastasuna sortzen duen bakarra. Horren arabera, etxeko lanak naturaltasunez egiten dira, ez dute zertan islarik izan behar politika publikoetan. Eta, izatekotan, hazkunde garaian gaudenean bakarrik, beheraldi batean horiek bigarren mailakoak dira, mantendu ezin diren luxuak. Politika horiek oso ahulak izaten dira beti; gaur jartzen dira eta bihar kendu, eta horrek ez dauka inolako kosturik. Ikusi zer gertatu den Berdintasun Ministerioarekin Madrilen. Aurrekontu txikiena zuen eta egun batetik bestera desagertu egin zen, eta ez zen ezer pasatu. Garbi dago politika publikoen aldetik ez dagoela berdintasunaren aldeko inongo borondaterik. Batzuetan ezagutza faltagatik da, baina beste batzuetan gertatzen da pentsatzen delako berdintasuna ja lortu dela, eta ez dute urrats gehiago eman nahi.

Ez dirudi berdintasunaren aldeko apustu oso serioa.

Yolanda Jubeto: Ez dago formakuntzaren erdian. Sektore publikoko langileen eta politikarien formakuntzan ez zaio tokirik egiten. Martxan jarri ditugun esperientzietan parte hartzea borondatezkoa izan da. Ikastaroetara etortzen zen kezka pertsonala zuena, dagoeneko horretan zebilena. Baina gehienentzat gauza oso arrotza da. Horregatik, kontzientzia pizteko, oso tresna interesgarriak iruditzen zaizkigu genero aurrekontuak.

Mertxe Larrañaga: Azkenean politika publikoak aztertzen dituzu. Gainera, aurrekontua urtero egiten den tresna bat denez, horrek sistematizatu egiten du analisia, eta guretzat interesgarria da hori.

Erakunde desberdinetan jardun duzue, eta dagoeneko badira urte batzuk hasi zinetela. Aldaketarik igarri al duzue?

Yolanda Jubeto: Oso garbi ikusi dugu murrizketen garaiotan zer-nolako ondorioak izaten diren. Adibidez, osasungintzan aurrekontua jaisten saiatzen direnean, jendea ospitaletik etxera ahalik eta azkarren bidaltzen saiatzen direnean, zaintza lanak etxean ematen dira gero. Zoratzen direnak etxekoak dira eta, normalean, zaintza lan horiek emakumeek hartzen dituzten beren gain. Haiek dira lanorduak murrizten dituztenak eta malabarismo horiek egiten saiatzen direnak. Kostua etxean dago eta badirudi ja sektore publikoarentzat ez dela kezka iturri: lortu dugu aurrekontua jaistea eta gero eta eraginkorragoak gara. Gure bizitzako esparru desberdinen arteko lotura bereziki emakumeok ikusten dugu, gizonen begietara gauza batzuk eginak daude-eta. Eta eremu publikoaren eta pribatuaren arteko zatiketa oso nabarmena da.

Mertxe Larrañaga: Horretarako balio dute aurrekontuek, ikusteko politika publikoek nola eragiten duten emakumeen eta gizonezkoen bizitza kalitatean. Zein eragin daukaten eta zein esparrutan; osasungintzan, hezkuntzan... ongizaterako garrantzitsuak diren eremuetan.

Yolanda Jubeto: Edo industrian. Jaurlaritzak egin zuen lehendabiziko azterketan teknologia zentroak aztertu zituzten. Lehen urratsa datuak ikustea da, sexuaren arabera banatzea; norengana heltzen diren politikak, nortzuk diren politika horien jasotzaileak. Eta ikusten zen argi eta garbi doktore gehiago zeudela gizonezkoen artean, eta, ondorioz, soldata hobeak zituztela. Badago Europatik datorren arau bat esaten duena tentuz ibili behar dela ikerkuntzaren arloan, zenbait alorretan bereziki gizonek egiten dutela gora... Zentro horietan araua onartuta zuten, sinatuta, baina sekula begiratu gabe zuten! Maiz gertatzen dira horrelakoak; onartu, sinatu eta kito, egina balego bezala. Baina zenbakiak aztertzen hasten zarenean konturatzen gara oraindik urrats asko eman behar ditugula.

Ekonomia zenbakietan eta datuetan oinarritzen da, baina etxeko lanak, zaintza eta horrelakoak zenbaki horietatik kanpo utzita.

Mertxe Larrañaga: Batez ere ekonomia merkatuen analisian zentratzen delako. Eta merkatutik kanpo geratzen diren arloak, ulertzen da ez direla ekonomikoak. Arlo sozialarekin berdin gertatzen da, ekonomikoa da, baina bigarren mailakoa. Eta ez zaio garrantzirik ematen.

Nondik hasi behar da aurrekontuak aldatzen?

Yolanda Jubeto: Lehen urratsa errealitatea bere osotasunean ikustea da. Oso era partzialean ikusten dugu, eta gainera administrazio guztiak oso zatituta daude, oso zatikatuta dago politika. Bakoitza bere adarrean kokatzen da eta ez daki beste adarrean zertan ari diren, ez dago integraltasunik. Jendearen ongizaterako urrats batzuk ematen ari gara, baina bakoitza bere eremutik. Begirada gero eta gehiago zabaltzen duzunean eta ikusten duzunean gure bizitzaren esparru desberdinen arteko lotura, azterketan denbora ematen duzunean, dirutik haratago joaten zarenean, pertsonak ikusten dituzunean... ja urrats bat eman duzu. Eta, bigarrena, eztabaidatzea da, gure ongizaterako onena zer den ikustea. Horrek eskatzen du politika publikoak zabaltzea jendearen beharrei egokitzeko. Egia da funtzionarioek eta administrazioak ezin dituztela erabaki guztiak gure ordez hartu, ez dakitela ondo guk zer nahi dugun. Eta normalean emakumeek aniztasuna nahi dugu, bide desberdinak laguntzak eskuratzeko. Finean nahi duguna da gure beharrak hobeto ezagutzea. Gainera, irteerak normalean oso sinpleak eta karratuak izaten dira. Eta behar duguna juxtu kontrakoa da; gure bizitzak oso konplexuak dira, bizitza ziklo bakoitzean behar desberdinak ditugu, lotura desberdinak, elkarrekiko mendekotasuna beti hor dago... Nola egin bizitza errazagoa guztientzako? Nola uztartu eremu publikoa, komunitarioa, etxekoa? Hori da hausnartu behar dena, eta hausnarketa horren ondoren dator aldaketa.

Mallorcako Gobernuarentzat ere aritu zarete lanean.

Yolanda Jubeto: Mallorcan gobernu aldaketa bat egon zen, PP egotetik PSOE egotera. Eta Berdintasun zuzendariak oso garbi ikusi zuen aurrekontuen alde guztiak aztertu eta aldatu behar zirela, eta gugana jo zuten. Laguntza eskatu ziguten arlo bakoitzak zer egiten duen hobeto ezagutzeko eta aldatu beharrekoen inguruan hausnartzeko. Horretarako bazekiten prestakuntza behar zela, formakuntza behar zutela. Ikastaro indartsua antolatu zuten, politika publikoetan ikuspegi feminista sartzearen garrantziaz; bizi kalitatea erdigunean jartzearen garrantziaz; horrek politikarekiko gure ikuskera nola aldatzen duen aztertuz... Eta hirugarren fasean, eta hori da konplexuena, aldaketari eutsi zioten. Aldaketarako gutxienez legegintzaldi bat behar da. Hiru urte behar dira lehendabizi aurrekontu guztia aztertzeko, programa guztiak aztertzeko. Egoeraren argazki bat ateratzeko, diagnostiko bat egiteko, hiru urte behar dira: zer egiten ari gara eta nola. Lehen legegintzaldia behar da, beraz, diagnostikorako. Eta bigarren legegintzaldian aldaketak martxan jartzeko aukera sartzen da. Nondik hasi erabakitzeko aukera.

Eta, zertan da Mallorcakoa?

Yolanda Jubeto: Mallorcan PP alderdiak irabazi zituen berriz hauteskundeak eta horretan geratu zen prozesua.

Politikak beti begiratzen du epe laburrera, hauteskundetik hauteskundera. Genero aurrekontuek, berriz, denbora askoz gehiago behar dute, ezta?

Mertxe Larrañaga: Zalantzarik gabe. Aldaketak ez dira egun batetik bestera etortzen. Tira, baina berdintasunaren aldeko borroka oso gogotsu hartu behar da egunero, gainontzean oso frustragarria baita. Arazoa borondate politikoa da, zenbait gobernu eta administraziori ez baitzaie batere interesatzen gauzak aldatzea. Baina prozesu hauek oso baliagarriak dira administrazio barruko dinamikak hobeto ezagutzeko.

Genero aurrekontu baten oinarrietako bat gardentasuna da, ezta? Kontuak garbi.

Yolanda Jubeto: Politikan gauzak oso berehalakoak dira. Gaur esaten dute bihar hau edo bestea egingo dutela. Bihar iristen da, ez dute agindutakoa egiten eta ez da ezer pasatzen, inor ez zaie kontuak eskatzera gerturatzen. Genero aurrekontuen helburu bat diruari pista jarraitzea da, ez bakarrik urtebetean, lau urtean, etengabe. «Esan zenuten horretarako erabiliko zenutela dirua. Horretarako erabili duzue? Eta zein emaitza lortu dira horrekin?». Batzuetan urrats txiki bat ematen da, eta horri balioa eman behar zaio, aldaketak astiro egiten direlako. Baina jarraipen etengabeko hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Nazioarteko erakunde batzuen ustez genero aurrekontuak ustelkeriaren kontra egiteko metodo oso eraginkorra dira. Ez bakarrik berdintasuna bultzatzeko,, baita ustelkeriaren kontra egiteko ere. Zuk kontuak garbi mahaiaren gainean jartzen badituzu, zer egin duzun eta nola egin duzun garbi azaltzen baduzu, hor zailagoa da ustelkeria.

Borroka feministaren beste fronte askotan bezala, hemen ere onurak ez dira bakarrik emakumeentzat, jendarte osoarentzat baizik.

Mertxe Larrañaga: Zalantzarik gabe. Genero aurrekontuek jendearen ongizatea bermatzeko eta hobetzeko neurriak proposatzen dituzte. Eta hori garbi ikusten da aurrekontuak mahai gainean jartzen direnean; bai, emakumeei on egingo diete aurrekontu hauek, baina herritar guztientzat oro har izango dira onak aurrekontu hauek. Eta, batez ere, behar handienak dituzten taldeei egingo diete mesede. Gustatzen zaigu fokua hor jartzea. Finean, gutxiengo pribilegiatu baten pribilegioak kolokan jartzen dira, zalantzan. Hausnarketa horretan adin tarte desberdinak eta talde sozial desberdinak hartzen dira kontuan. Ez bakarrik emakume edo gizon, emakume guztiak ez gara berdinak, ezta gizon guztiak ere. Adina, klase soziala, jatorria... datu horiek gurutzatuz gauza asko ikusten eta ikasten dituzu. Garbi ikusten da zer eta nori dagoen bideratuta, noren mesedetan eta noren kaltetan. Konturatu gara erresistentziak badaudela, erakunde publikoek ez dutela asko atsegin autokritika eta genero aurrekontuek politikaren jarraipen zehatza dakartela. Baina, esan bezala, denon mesedetan dira, zalantzarik gabe.

Pertsona erdigunean, aurrekontuen jarraipen zehatza, gardentasuna... Bai, baina horrek guztiak kostu handiagoa al du?

Yolanda Jubeto: Hori da normalean egiten duten galdera: «Zer ari zarete, dirua eskatzen?». Erantzuna ezezkoa da. Helburua ez da diru gehiagoko aurrekontuak izatea, dagoen dirua hobeto banatzea baizik, eta lehentasunak finkatzea. Zergatik bideratzen duzu dirua alor batzuetara eta ez besteetara? Zergatik kentzen diezu dirua errazago alor batzuei besteei baino? Finean, lehentasunen aldaketa suposatzen du, gure ongizateari beste dimentsio batetik begiratzeko gonbita, ohituta ez gauden dimentsio batetik. Horregatik topatzen ditugu horrelako erresistentziak. Baina hauek epe luzeko proiektuak dira. Belaunaldi batzuk beharko dira hau guztia aldatzeko.

Jendarteak pentsa dezake aurrekontu publikoak aldatzeko ezer gutxi egin dezakeela. Ekonomia handi horietan ezin dela eragin.

Mertxe Larrañaga: Horren atzean dagoen ideia da gauza ekonomikoak oso zailak direla, ezin direla ulertu. Nire ustez zaildu egin dituzte, modu korapilatsuan azaldu, finean komeni delako jendeak ez ulertzea. Zailtasuna eta konplikazioa boterea da azkenean. Gauzak azal daitezke mundu guztiak ulertzeko moduan, eta orduan ikusiko genuke guztiok ulertzeko eta eragiteko moduko gauzak direla. Pentsatutako estrategia bat da.