Gaizka Amondarain
Irakaslea

Carpenterren sindromea

Scott Carpenter joan den urtean hil zen. 1962an, «Aurora 7» espazio ontziaren barruan, Lurrari hiru aldiz bira eman zion astronauta estatubatuarrak. Bere irteera bakarra izan zen espaziora, baina askok dute oraindik gogoan bidaia hura. Ez dakit Carpenterrek han goian zegoenean zer sentitu edo pentsatuko zuen. Agian, “hau al da zuen bakea?” bezalako galdera inozoren bat etorri zitzaion gogora grabitaterik ezak sortutako motelaldiaren erdian. Hemen ere oraintsu arte entzun izan da galdera baino erantzun bihurtutako aldarri bera kaleetan. Eta bai, argi geratu da azkenean, hau da beraien bakea. Eskafandrapekoa. Letra larriz idazten dena, inor despistatuz gero ere, argi gera dadin bakea hauxe zela. Hala aitortzen zuen Gesto por la Paz elkarteko bozeramaile izandako Fabian Laespadak aurreko asteburuan “Berria” egunkarian egindako elkarrizketan. «Justizia trantsizionala baztertu egin behar da, hemen ez baita herri bat defenditzen zuen erakunde armatu baten aurka aritu den estatu bat existitu». Pentsatu eta esan egiten diren gauzak. «Armaz zerbait lortu bada, nik ez dut herri hartan bizi nahi». Eta horrela. Astronauta, oxigenoak iraun bitartean, orbitaz kanpo buelta eta buelta.

Egunkari bereko hurrengo orrialdeetan honako albiste hauek ere irakur zitezkeen: “Milaka lagun elkartu dira Donostian euskara sustatzearen kontra hartutako azken neurriak salatzeko”; “Manifestazio jendetsua Gasteizen Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixtea exijituz”; “Genero indarkeria leporatuta 26 urteko gizon bat atxilotu dute bart”; “Diru publikotik 17,3 milioi euro jaso zituen Hiriko egitasmoaren sustatzaileek egindako iruzurra salatu du fiskaltzak”; “Kutxabankeko presidente berriak –soldata %73 igo eta gero– urtean 800.000 euro kobratuko ditu aurrerantzean”; “Epsilon proiektuaren porrotak 48 miloi euroko diru galera suposatu dio kutxa publikoari”; “Egiptoko auzitegi batek ‘terrorista’ izendatu du Hamas alderdi palestinarra”.

Kultura sailean, berriz, 27 urte preso eman dituen Jokin Uraini egindako elkarrizketan hitzok zetozen nabarmendurik: «Sufrimendutik idazten dugula esaten dute, sufritu egin dugulako. Nik ez dut uste sufrimendua ezertarako ona denik. […] Eta bai, zoritxarrez idazten jarraitu beharko dute kartzeletan».

Ikusi nahi ez duenari alferrik oparituko diozu betaurrekorik. Espaziotik bueltatu gura ez duen bati Lurreratzeko agintzea bezala da. Scott Carpenterrek ere, atmosferaz bestalderako bere txango bakar hartan, kontrol dorrea airean eduki zuen “Mercury-Atlas 7” misioak iraun zuen bost ordu haietan zehar. Bidaiaren zatirik handiena isilik igaro baitzuen, ezer esan gabe. Diotenez, espazio irekiaren ikusmirak hainbesteko zirrara sortu zion, ez zuela bertatik itzuli nahi. Itxura denez, aurrez beste astronauta batek ikusitako espazioko “ipurtargien” bila aritu zen, etengabe, orbitan zebilela, benetan euli kosmikoak ote ziren jakin nahian. Amaieran, kapsulatik bertatik ateratako izoztutako bolatxoak besterik ez zirela baieztatu ahal izan zuen.

Hala ere, ez zuen itzuli nahi. Kontrol dorrekoek ekarri behar izan zuten. Txiripaz salbatu zen: aurreikusita zegoen lurreratze-puntutik ehunka kilometrora jausi baitzen, itsasoaren erdian. Estasian zegoen oraindik gizona, aurkitu zutenean. Ez zuen kapsula ur-azalean mantentzen zuen puzgarritik atera nahi. Irribarrez zegoen, etzanda, zerura begira.

Ez dakit Fabian Laespadak 1990ean Jokin Urainek kartzelatik idatzitako “Izaina” nobela irakurtzeko aukerarik izan duen. Bertan, inguratzen gaituen sistemaren kritika zorrotza egiten du idazleak, sistema bera herritarron odola xurgatzeari esker bizi den izainarekin parekatuz. Eta aipatzen du, halaber, nola saiatzen diren zuzenbide estatua defenditzen dutenak disidentzia despertsonalizatzen, etengabe.

Gerrara ohitu zintezke, eskafandra erantzi gabe bizitzera ere bai, baina gerra egon badago. Bostonen, Chicagon, Saigonen, Santiagon, Varsovian, Gasteizen eta Belfasten. Bakeari hemen kafea deitzen zaio eta astronautek, momentuz, ez dute espaziotik itzultzeko asmorik. Izotzezko euliena gezur ederregia baitzen, orain egia sinple eta txatxu hau onartu behar izateko. Grabitateak, agidanez, ez dio mundu guztiari modu berean eragiten. •