Saioa Iraola

Euria ari du

Erasan, euri-garoa, euri-zaparrada, zirimiria... euskaraz hainbat adiera ditu euriak. Eta ez alferrik, gurean euri kontuak ohikoak ditugunez, halabeharrez hizkuntzak ere errealitatearen xehetasunak definitzeko joera baitu. Aste honetan ze gaiez idatziko nuen ezin erabakiz ibili ostean, aukeratu dut gaia: euria. Badakit ez dela batere gai berezia, originala, analisi sakona eskatzen duena, baina niretzat behintzat bada azken asteotan nire egunerokoa, umorea, bizi poza eta animoa eragin dituen egitate bat. Euria, euria eta euria; goiz, arratsalde eta gau. Alerta horia, laranja...Itsasoa indartsu, ura kale eta etxeetan Nafarroa hegoaldean zein Gipuzkoa aldean, lur erorketak non-nahi, urez gainez dauden lursail eta baratzeak... Aztoratuta, arduratuta, goibelduta batzuk eta besteak, euskal karakolak pozik. Esaera zahar batek dion bezala, “Euri eta iduzkia, karakolen besta”.

Ez naiz aditua eguraldi kontuetan, gustuko ditut negua, udaberria, udazkena zein udara; baina aitortu behar dut negua gogorra doala, eta azken aste luze hauetan are eta gogorragoa beste gairik ez dudalako. Igogailurik ez dugu etxean, baina ordenagailuan, Whatsappeko mezuetan edo pisukideen arteko hizketaldietan eguraldi kontuak dituzte hizpide, eta, noski, euria. «Ea bihar atertzen duen, eguzkia noiz aterako ote da!»... Euria beharrezkoa du lurrak, lurreko bizidunok ere, baina hainbeste?

Eguraldia eta norberaren aldartearen artean harremanik badela pentsatzen dut, eta azken aste hauetan frogatu dut. Etengabeko euri emariak tristarazi egin nau. Goizean jaiki, leihotik begiratu eta azken asteotako paisaia grisak aldartea ez ezik gorputza ere kuzkurtu didalako. Baina laster batean eguzkia gurekin izango dugun esperantzan nago, neguari iskin egin eta gorputz biziz, animo argiz udaberriari heltzeko gogoz. Bai, iritsiko da eguna. •