Oier Gorosabel
Fisioterapeuta eta osteopata

Takoi altuak, klitori ablazioaren pare

Nazioartean emakumeekin egiten diren zenbait bidegabekeriarekin irainduta sentitzen gara, arrazoiarekin: dela goitik behera abituz estaltzea, dela sexu organoen erauzketa... Urte batzuetatik hona gero eta sentikorragoak gara Euskal Herrian gai hauekin, batez ere geuk egin nahi ez ditugun lanak betetzera etorritako atzerritarrekin. Izan ere, munduan zehar emakumea gizonen menpe mantentzeko ohitura ugari aurki daitezke, batzuk sinbolikoagoak (gizonari aurpegira ezin begiratzea...), eta, beste batzuk, benetako mutilazio fisikoak eragiten dituztenak (Thailandiako padaung emakume-jirafak...). Hirugarren Mundu atzeratuaren ohiturak omen dira, Europako gizarte aurreratu honetan lekurik ez omen dutenak. Omen.

Zer iritzi izango zenukete Europako emakumeek lepotik katez lotuta joateari gustua hartuko baliote? Maila altuko emakumeez ari naiz: profesionalak, kulturzaleak, feministak... Beren borondatez egingo lukete, noski. Haiek aukeratuko lukete txakurrak bezala lotuta ibiltzeko uhala nori eman, eta, eztarria estutzean sortutako asfixiaz gozatzen ere ikasiko lukete, norberaren eta sexu bikotekidearen plazeraren mesedetan. Gainera, kateek bitxigintzarako aukera agortezinak ematen dituztenez, edertasunean ere irabaziko lukete. Dena abantaila, aizue!

Halere, seguru zozo batzuek ez luketela ohitura hori onetsiko, emakumearen duintasunarentzako iraingarria delakoan. Bada, lagunok, ordezka ezazue “kateak” hitza “takoiak” hitzarekin. Izan ere, gaurkoan, Lehen Mundu zibilizatuko emakumeen oinak, hankak eta bizkarrak zigortzen dituen tortura instrumentu txiki horiei buruz arituko bainaiz.

Takoi altuek osasunari ekartzen dizkioten kalteak zerrendatu behar al ditut? Ez dut uste, ia denok ezagutzen baititugu (takoiak erabiltzen dituztenek behintzat bai). Informazioa oso erraz aurki dezakezue, eta, gainera, oso gauza xelebrea ikusiko duzue: denok, osagileak zein erabiltzaileak, takoiek osasunari ekartzen dizkioten kalteei buruz ados gaude. Zeharo. Horri buruzko informazioa eta ebidentzia ugari dago, eta erabateko adostasuna dagoen arren... emakumeek takoiak erabiltzen jarraitzen dute.

Barkatu: erabateko adostasuna dagoela esan dut eta ez da horrela. Izan ere, takoien erabilpenaren alde aurkitu dudan argumentu bakarra aipatzea ahaztu zait: orkatila, belaun, aldaka eta pelbisean eragiten duen desoreka berdintzeko, emakumeak zoru pelbikoaren muskuluak etengabe kizkurtu behar izaten ditu, eta horrek zakila sartzen dion gizonari plazer handiagoa ematen dio. Pisu handiko argumentua, alajaina!

Ikusten duzuenez, egoera bitxia da oso. Klitori ablazioaren kalteen aldean, takoiek emakumearen osasuna beste horrenbeste edo gehiago hondatzen dute, eta haiek erabiltzearen aldeko argudio bakarrak gustu txarreko broma dirudi (pelbiseko muskuluak indartzeko modu osasungarri asko daude). Halere, Europako gizartean, lehenengoak sortzen duen zalapartaren izpirik ere ez dugu ikusten bigarrenarekin. Gehiago esango nuke: modaren izenean eginiko sakrifizio hauek ondo ikusita daude. Fashion victim esamoldea bizi-bizirik dago, eta biktimek lausengu bezala hartzen dute!

Nik, ostera, beharbada deformazio profesionalarengatik, takoien alde makurra baino ezin dut ikusi. Alde batetik, kanon estetikoen zentzugabekeria, eta, bestetik, eta horren azpitik, beharbada are kezkagarriagoa den zapaltzailearen eta menpekoaren harremanaren onarpena emakumeen aldetik. •

www.abante.eus