Koldo Sagasti

«Je suis SA»

Mingaina moztu nahi digute, zorrozkeriaren artaziaz», zioten Soziedad Alkoholikakoek. Gasteizkoak gaur bertan jotzekoak ziren Madrilgo Vistalegre pabilioian. Kontzertua, baina, bertan behera gelditu da, Gobernuak Madrilen duen ordezkariak debekatu egin duelako. Itxuraz, haien abestien letrak «bortizkeria, arrazismoa eta xenofobia sustatzeaz gain, gizateriaren duintasunaren aurkakoak dira». Ez da lehenbiziko aldia musikari gasteiztarrek zentsuraren atzaparkada pairatzen dutena; izan ere, azken bost urteotan sei bat aldiz saiatu dira, alferrik, erresumaren hiriburuan jotzen. Auzitegi Gorenak ere epaitu du musikarien jarduna, eta haien iritziak «zorigaiztoko gehiegikeria iraingarriak» direla ebatzi du... baina iritziak azken batean.

Txanpon horren ifrentzuan beste gasteiztar bat daukagu, Javier Maroto. Alkatea onik atera berri da haren aurka jarritako salaketa batetik. SOS Arrazakeria taldekoek SAkoei leporatzen zaizkien kargu berberak leporatu zizkioten auzapezari, alegia, «pertsonen duintasunaren aurka jo eta gorrotoa sustatzen duten adierazpenak egitea». Kasu horretan, ordea, EAEko fiskal nagusiak bestelako epaia egin du: «Maroto jaunak adierazpen askatasunaren babesean egin zituen adierazpenok, beraz, eskubide osoa dauka bere ideiak eta iritziak libreki adierazteko». Adierazpen askatasuna kontzeptu malgu baino malguagoa bilakatu da, norberaren interesen arabera baliatzen baita. Baina batzuen eta bestearen artean aldea dago: Marotok ez ditu botatzen gogoetak gaztetxe baten agertoki gainetik, udaletxeko eserlekutik baizik; eta alkate gisa hitz egiten duenean hiritar guztien izenean ari da, baita iraintzen dituen horienean ere. Ez dut esango SAkoen ibilbide profesionala gertu-gertutik jarraitu dudanik, baina bai nire eskarmentu militantean behin baino gehiagotan topatu ditudala, herri mugimenduarekin batera hamaika ekimen solidariotan. Horregatik, gaur, inoiz baino gehiago, ni ere SAkoa naiz. •