Iñaki Soto

Kolonbiako prozesua, beste agertoki baterako ispilu

Oraindik harritu egiten nau zenbait euskal iritzi emailek nazioarteko bitartekari eta adituei dieten herra. Adibidez, tertulietan, Brian Currin, Jonathan Powell edo Ram Manikkalingam izenak entzunez gero beren alderdirik ilunena ateratzen dute zenbaitek, edukazio ona ez ezik edukazio minimoa bera ere galtzeraino. Harrigarriro, bitartekariek kobratzen dutena eta ez dutena izaten da gure aditu edo orojakileen obsesioetako bat. Iritzi emaile hauek, ordea, ez dira beren boluntario lanagatik ezagunak, baizik eta beren profesionaltasunagatik, kobratzearen alderdiari begiratzen baldin badiogu behintzat.

Beraiek ez bezala, ordea, saia gaitezen kritika pertsonal errazetan ez erortzen. Nazioartean bakearen eta bitartekaritzaren “industria” bat egon badagoela argi dago, batik bat Hegoafrikako prozesuaren harira eta hark izan zuen eskema jarraituz indartu eta instituzionalizatu dena –alderdien arteko elkarrizketak, su-etenak, egiaren batzordeak, justizia trantsizionala…–. Nolanahi ere, kasuan kasu beren lanaren eraginkortasuna ebaluatuz eta dituzten mugak aztertuz egin dakieke kritika, ez bestela.

Aste honetan Brian Currin Euskal Herrian egon da eta berari buruz honelako izugarrikeriak entzun ahal izan ditugu. Giza eskubideen aldeko abokatu bati buruz, apartheid sistemaren aurkako borrokalari bati buruz, bakearen aldeko langile bati buruz inolako euskarririk ez duten irainak entzun ditugu. Aldi berean, zenbait komunikabidetan Currinen hitzak nola bihurritzen ziren irakurri ahal izan dugu, Google beraren itzulpenek baino doitasun gutxiago eta maltzurkeria handiagoa erakutsiz. Kasu horietan kazetari eta komunikabideetako arduradun horien profesionaltasuna bai jar daitekeela zalantzan. Kontrako norabidean, Currini adierazpen interesgarriak entzun ahal izan dizkiogu benetako profesionalek egindako beste elkarrizketa batzuetan. Hegoafrikarrak beti esaten ditu gauza interesgarriak, egia eta balio unibertsalak izaten ditu ahoan, gurean aplikatzea komeniko litzatekeen ideiak. Horren adibide izango dira bihar Mikel Zubimendik GARArentzat egindako elkarrizketan jasotakoak. Gomendioa da.

Gurea ez bezalako mundu posibleak

Kolonbiako prozesuan aurretik Euskal Herritik igaro ziren ordezkari, aditu eta bitartekari gehienak ikusi ahal izan ditugu, bai Gobernuaren ordezkariekin biltzen bai FARCeko ordezkariekin hitz egiten ere. Adibidez, Aieteko Konferentziako buru izan zen Kofi Anann Habanan egon da bi ordezkaritzekin biltzen. Jonathan Powell, bere aldetik, Juan Manuel Santos eta bere kabineteko kideekin bildu zen prozesuan aurrera egiteko har daitezkeen neurriak aztertzeko. Hein handi batean, han orain bizi den egoerari hemen ireki zen agertoki posibleetako baten itxura hartzen zaio. Jakina, horretarako espainiar Gobernuak beste era batera jokatu behar zuen. Lehenik eta behin, adimen politiko handiagoarekin. Izan ere, kolonbiar agintariak bake prozesuan engaiatzearen arrazoi nagusiak geoestrategikoak direla uste dut. Santosek, bere garaian Armadaren buru izan zenean belatz gisa jokatzen zuenak, bere herrialdearen garapenerako muga zen egoera bat gainditzeko aukera gisa ikusi du prozesua, eskualdeko indar nagusia eta AEBetako antena izan ahal izateko gatazka armatua baldintzapen handia zelako. Emaitza zein izango den ezin da jakin, baina erronkari eutsi dio, eta kanpoko laguntza handia izan du –tartean AEBetako Administrazioarena berarena, bake prozesuan ez ezik baita hauteskunde prozesuan ere–.

Egoera orokorra ikusita, bai espainiar eta frantses estatuen itxikeria bai euskal herritarron zein gure ordezkarien ezintasuna, bakegintzaren “industrian” dauden tresnak ez direla uneotan guretzat oso erabilgarriak esango nuke. Kreatibitatez, modu originalean, bide propioa asmatu beharko dugu, euskal bidea. Horretarako, hasteko, gure burua aldatu beharko dugu, besteena aldatzea zailagoa baita. Horiek bai, horiek Currinen hitzak dira. •