Nagore Belastegi Martin
ESKLABOTZA MODERNOA

Lotzen dituen katerik gabe baina lan gogorrak egitera behartuta daudenak

Esklabotza aspaldian debekatu zen eta badirudi lan baldintzak hobetzearen aldeko etengabeko protestak egiten diren gizarte honetan ez dela jada pareko gehiegikeriarik bizi. Errealitatea oso bestelakoa da: herrialde txiroetan badaude esklaboen modura lan egiten dutenak, bortxaz edota baldintza oso kaskarretan.

Ez dira jada burdinazko atez itxitako barrakoietan bizi eta kateek ez dizkiete oinak heltzen, baina egun ere milioika esklabo daude munduan. Lanean gehiegikeriak jasaten dituzte, mesede baten truke lan gogorrak egin behar dituzte, salerosi egiten dituzte, sexu esklaboak dira… Horietako asko, gainera, haurrak dira.

Munduan 36 milioi esklabo inguru daude. Gehienak Afrika eta Asian bizi badira ere, Europan ere badaude, esklabotza gutxien hedatutako kontinentea izanagatik. 566.200 emakume, gizon eta haur bizi dira esklabotza egoeran Europan –Bulgaria, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Turkia dira esklabo moderno gehien dituzten herriak–.

Munduko beste txokoetan egoera askoz larriagoa da. Walk Free gobernuz kanpoko erakunde australiarrak esklabo gehien dauden herrialdeen zerrenda osatu du. Hala, lehen postuan India dago 13,9 milioi esklaborekin; gero datoz Txina (2,9 milioi), Pakistan (2,1 milioi), Nigeria (701.000), Etiopia (651.000), Errusia (516.000), Thailandia (473.000), Kongoko Errepublika Demokratikoa (462.000), Myanmar (384.000), eta Bangladesh (343.000). Biztanle kopuruaren eta esklabo kopuruaren arteko portzentajeak ere atera dituzte, eta, hori kontutan izanik, Mauritania da egoerarik larrienean, herritarren %4 esklaboak baitira –155.000 pertsona inguru–.

Mauritaniako herritar gehienak beltzak dira (%70 eta %80 artean), baina arraroa da beltzak botere karguetara heltzea. Arruntena arabiarrak boterean izatea eta haratin edo arabiartutako beltzak euren mende egotea da. Asko abeltzainak, nekazariak edo zerbitzariak dira, baina esklabo gisa egiten dute lan, eta, halabeharrez, seme-alabek ere bide beretik jo behar izaten dute, gurasoen iragana estigma bat delako beraientzat.

Urtarril hasieran esklabotzaren kontra lanean ari den Biram uld Abeid uld Dah liderrari bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten «ordena publikoaren aurka egiteagatik eta elkarte abolizionista bat zuzentzeagatik». Berarekin batera beste bi kide ere atxilotu zituzten nekazaritza arloko esklabotzaren kontra aritzeagatik. Haratin-ak lursailekin batera heredatzen dituzte lurjabeek eta horiek lantzen dituzte euren bizitza osoan zehar soldata txiki baten truke. Biram uld Abeid eta bere jarraitzaileek uste dute lurraren jabetza belaunaldiz belaunaldi landu duenari dagokiola. Horrelako aldarriak egiteagatik Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Saria eman zion 2013an, nahiz eta Mauritanian behin baino gehiagotan izan den kartzelan aldarrikapen horiek bultzatzeagatik.

2012an Afrika iparraldean oso zabalduta dagoen malekita errituko liburuak erre zituen Abeid uld Dah ekintzaileak, bere ustez historikoki esklabotza justifikatzen duelako. Horregatik kartzelara bidali zuten lehen aldiz. Bere diskurtsoa, baina, gero eta jende gehiagorengana heltzen ari da. Arabiar “zurien” artean bigarren bozkatuena den Tawasol alderdi politiko islamistak, adibidez, esklabotzaren, arrazismoaren eta diskriminazioaren aurkako jarrera agertu berri du.

Duela hirurogei urte, independentziaren aurretik, Mauritania tribuz osatutako herria zen, eta esklabotza puri-purian zen. Frantses kolonizatzaileek esklaboen merkatuak debekatu zituzten, hau da, ageriko esklabotza debekatu zuten, baina, aldiz, ez zuten ezer egin horren atzean ezkutatzen zen egoera bortitzari aurre egiteko.

Koltana, odolez bustita

Modernitateak sortutako esklaboak ere baditugu, harrobietan koltana jasotzetik bizi direnak kasu. Kolunbita eta tantalita mineralek osatzen dute koltana, fusio puntu oso altua dauka eta oso elektrizitate eroale ona da. Gainera, mehe eta gogorra da, eta horregatik erabiltzen da egungo objektu asko egiteko: zirkuitu elektronikoentzako kondentsadoreak, laborategiko zein medikuntzako materialak, bideo kontsolak, kameren lenteak, sakelako telefonoak… Hori dela eta, berebiziko garrantzia duen materiala bilakatu da.

Koltana ordezkatzeko materialik ez dago. Izan ere, koltana aurretik erabiltzen ziren beste material batzuk ordezkatzeko erabiltzen dute. Esaterako, aluminiozko kondentsadoreak koltanezkoak bezain ondo dabiltza, baina, aldiz, askoz handiagoak dira, eta, horregatik, ezinezkoa litzateke egungo kamera, tablet eta telefono meheak egitea koltanik gabe.

Koltana ez da material arrunta eta munduko herrialde zehatz batzuetan bakarrik aurki daiteke. Brasil, Kanada, Etiopia, Ruanda eta Txinan harrobiak daude, baina ekoizten den koltanaren %80 Kongoko Errepublika Demokratikotik dator. Herritarrek oso baldintza kaskarretan egiten dute lan bertan eta Armadaren edota errebeldeen menpe egoten dira. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat kaleratu zuen 2009an, eta, bertan, Asia eta Europako enpresek Armadak zuzendutako harrobietatik materiala eskuratzen zutela salatu zuen. Armadak eta errebeldeek lurraldea kontrolatzen dute, eta, horretaz baliatzen dira giza eskubideak urratzeko. Hala, adin guztietako herritarrek indarrez egin behar dute lan harrobietan; esklabo bihurtzen dira.

Esklabook euren bizitza etengabe jartzen dute arriskuan: inolako segurtasunik gabe egindako zuloetan sartzen dira, tuneletan lur-jauziak izaten dira, itota hiltzen dira oxigeno faltagatik... Esklabotza mota honekin amaitzeko bidea enpresa multinazionalek harrobietatik ateratzen den koltana ez erostea litzateke. Global Witness erakundeak koltana erabiltzen duten 200 enpresa aztertu zituen eta konturatu zen gehienek Armadak edo errebeldeek kontrolatutako harrobietako materiala erosten zutela; beraz, Kongoko gatazka indartzen zuen euren jardunak. Egoera hori mantentzen den bitartean, Mendebaldeko gizartea Kongoko genozidioaren konplize zuzena izango da.

Lantegietako baldintza txarrak

Orain arte azaldutakoaren ostean ulertzekoa da esklabotzaren aurkako borrokak pil-pilean jarraitzen duela. Otsail hasieran, hegokorear talde batek zuzenduriko Mexikoko Jalisco estatuko oihalgintza enpresa batetik 129 pertsona askatu zituzten. Langileen arabera, gehiegikeriak jasaten zituzten: bortizkeria fisikoa eta sexuala, mehatxuak, irainak, lanordu luzeak... Gainera, langileek ez zuten kontraturik eta batzuek 16 urte baino gutxiago zituzten. Ez da Mexikon halako egoerak salatzen dituzten lehen aldia. 2009an talde batek ehunka gizon bahitu eta esklabo bezala bizitzera behartu zituen ustez zituzten adikzioak sendatzeko bitarteko bezala.

Mexikoko kasua ezagutu eta egun gutxira Indiatik iritsi zen albistea. Bertako jostunek, jasaten duten egoerarekin nekatuta, protesta kanpaina bat hasi zuten. Soilik emakumez osatutako Garment Labour Union sindikatua sortu zuten lehenik euren lan baldintzen alde borrokatzeko. «Patroiek dirutza irabazten dute eta guri ez digute inolako baliorik ematen. Hori mingarria da», adierazi zuen emakume talde bateko bozeramaileak duela hilabete batzuk Goldenseam lantegian egindako protestan. Lurrean eseri eta lan baldintzak hobetu arte lanik egingo ez zutela esan zuten 162 langilek.

Emakume hauek astean 60 ordu lana egitera behartuta daude, eta, beharrezkoa izanez gero, ordu estrak ere egiten dituzte, nahiz eta jakin ez dituztela kobratuko. Jostunen gelek ez dute ez argirik ezta bentilaziorik ere. Beroarekin erabiltzen dituzten produktu kimikoak lurrundu egiten dira eta horiek arnastean gaixotasunak sor daitezke.

Indian emakumeak otzanak izateko hezten dituzte eta horretaz baliatzen dira enpresariak. Gutxi dira jasaten dituzten gehiegikeriak salatzera ausartzen direnak. Kexatzen diren emakumeek irainak jasotzeko arriskua dute eta nagusiek soldatak jaisten dizkiete. Baina egoera aldatzen ari da eta gero eta gehiago dira gizonei aurre egiten dieten emakumeak.

Indian, emakumeekin batera, haurrak ere egoera oso zaurgarrian bizi dira. Urtarrilean poliziak Hyderabad hiriko tailerretan lanean zeuden ehunka haur askatu zituen, horietako batzuk 6 urtetik beherakoak. Gaizki elikatuta eta traumatizatuta zeuden. Azaleko gaixotasun ugari zituzten, gelak zikinak eta ilunak zirelako. Egunean 16 ordu egiten zituzten lan atsedenik hartu gabe, kamerekin zelatatzen zituzten, eta, lanorduak bete ezean, bazkaldu gabe uztearekin mehatxatzen zituzten.

Azken datuen arabera, lau milioi haur inguruk jatetxe eta lantegietako behargin bezala egiten dute lan Indian. Horiek, baina, zifra ofizialak besterik ez dira: benetako datuak are izugarriagoak dira oraindik.

Haurrak, kaltetuenak

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat kaleratu zuen 2014an haurrek munduan zehar jasaten dituzten esklabotza egoeren inguruan. Bertan esklabotza mota desberdinak aztertzen dira, adibide zehatzak jarriz eta datu mingarriak azaleratuz. Txostenaren helburua errealitate horri ikusgarritasuna ematea da, gizarteak behingoagatik ken dezan itsutzen duen benda.

Haurren salerosketa da Save the Children berak aipatzen duen lehen esklabotza bidea. Urtero 1,2 milioi ume saltzen dira munduan, eta, gainera, datu hori gora egiten ari da pixkanaka. Pobreziak, globalizazioak eta eskulan merkearen eskariak haur langile gehiago egotea eragin du. Mafiek haurrak bahitu egiten dituzte normalean, baina, kasu batzuetan, euren zaintzaz arduratzen diren helduak konbentzitu egiten dituzte haurrei etxetik alde egiten uzteko bizitza hobeago baten bila joateko aitzakian. Gurasoek ere seme-alabak patroien esku uzten dituzte sarri, uste dutelako etorkizun hobea izango dutela, baina, azkenean, salerosketaren biktima bilakatzen dira.

Saldutako haurrak etxeko esklabo edota lanbide arriskutsuetako behargin bilaka daitezke. Kalean dirua eskatzeko edo lapurretak egiteko ere baliatzen dituzte, Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Hezurrak hautsi arteko kolpeak jasaten dituzte eta gaixotasunak harrapatzeko arrisku handiagoa ere badute. Gainera, hezkuntza eta maitasuna jasotzeko eskubidea urratzen zaie.

Sexu esplotaziorako ere saltzen dituzte haurrak, edota pederastek alokatu egiten dituzte. Datua izugarria da: munduan 1,8 milioi haur esplotatzen dituzte sexualki dirua eskuratzeko. Haurrak jomuga dituen sexu turismoa ere garatu da, pederastek badakite-eta zein herrialdeetara jo behar duten diruaren truke haurrekin sexu harremanak izateko.

Amaierarik gabeko pobrezia egoerak erabat babesgabe uzten ditu adingabeak sexu esplotazioaren aurrean. Batzuentzat dirua lortzeko bide bakarra da eta bizirauteko beste aukerarik ez dute ikusten. Heldu baten kontrolpean egonez gero, ez dute dirurik jasotzen, janaria eta lo egiteko lekua soilik. Bestalde, bortxazko sexu abusuak ere aztertu dira. Adibidez, Indian eta Ghanan neskatxak devadasi eta trokosi errituetako apaizei eskaintzen dizkiete. Indian, gainera, prostituzioan lan egiten dutenen %30 adingabeak dira.

Zorrak kitatzeko lana egin

Haur bat patroiarekin zorretan dagoenean nahitaezko menpekotasun egoera sortzen da, alegia, zor dutena ordaindu arte doan lana egin behar dute. Indian, esaterako, 15 milioi haur daude beste pertsona batek eragindako zorra ordaintzeko lanean. Adibidez, gurasoek mailegu bat eskatu dute etxea, botikak edo janaria ordaintzeko, eta, orduz geroztik, familia osoak egin behar du lan zorra kitatu arte. Kasu horietan, gainera, arazo gehigarri bat izaten da: familiak hain dira pobreak hezkuntzarik ere ez dutela, eta, horregatik, zehatz-mehatz zenbat diru zor duten zehazten ere ez dakite, ezta zenbat denbora egin beharko duten lan ere zorra kitatzeko.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen txostenean Roshniren istorioa jasotzen da. Medikua izan nahi zuen umetan, baina ehundegi batean lan egin beharra izan zuen aurrera egiteko eta ez zuen hezkuntzarik jaso. Irabazten zuen gutxia familiako gastuak ordaintzeko erabiltzen zuen. Berak ikasterik izan ez zuenez, anaiaren ikasketak ordaintzeko aurrezten saiatzen ari da orain.

Nahitaezko lana arlo desberdinetan ematen da. Esaterako, meatzeetan ume asko daude lanean, nahiz eta oso arriskutsua izan lurpean aritzen direlako. Ordu asko ematen dituzte zuloetan sartuta, ke toxikoak arnasten eta karga pisutsuak garraiatzen. Drogak ere erabiltzen dituzte lan baldintza gogor horiek jasan ahal izateko. Nekazaritzan, berriz, 5 urtetik aurrerako umeek pestizidak, makina pisutsuak, aizkorak eta aiztoak erabiltzen dituzte. Gainera, nekazariek agintzen dizkieten lanak betetzen ez badituzte, zigortu egiten dituzte, are gogorrago ihes egiten saiatzen badira.

Soldadu txikiak

Legez kanpokoa da 15 urtetik beherakoak soldadu gisa aritzea, baina hori ez da betetzen eta askotan ikusten ditugu umeak gerretan parte hartzen: Angolan, Afganistanen, Sierra Leonan, Sri Lankan… Egun, 300.000 haurrek nolabaiteko harremana dute munduan indar armatuekin. Helduek, gainera, umeak nahi dituzte, kontrolatzeko errazak direlako eta azkar ikasten dutelako. Etsaiak hiltzeko, minak jartzeko, espioitza lanak egiteko edota gauzak leku batetik bestera eramateko erabiltzen dituzte.

Haur soldadu asko bahitu egiten dituzte, baina badaude boluntario aurkezten direnak ere mendeku hartu nahi dutelako edota euren herrialdearekiko leialtasuna adierazi nahi dutelako. Haurrok arazo ugari izaten dituzte armadatik ateratzean ere, fusil batekin bizitzera ohituta daudelako eta herritarrek beldurra izaten dietelako.

David Sudan hegoaldeko 16 urteko gaztea da. Berak kontatzen du nola txikia zenean inor ez zen eskolara joaten. Gerra hasi zenean euren herrixkak eraso bortitza jaso zuen, eta, berak, mendeku hartu nahian, 11 urte zituela boluntario gisa aurkeztu zuen bere burua soldadu izateko. Hiru borroketan hartu zuen parte, eta, beste haur batzuk hiltzen ikusi bazituen ere, ez zuen sekula beldurrik izan. Geroxeago eskolara joan nahi izan zuen eta beste lagun batzuekin batera ihes egin zuen. Hasieran gelakideek beldurra zioten eskolan, soldadua izan zelako. Esperientzia horrek erakutsi zion armak hartzea ez dela ona eta gaur egun esaten du eskolak bizitza erabat aldatu diola.

Maitasunik gabeko ezkontzak

Derrigortutako ezkontzak ere esklabotza mota bat dira. Txostenaren arabera, 100 milioi neska ezkonduko dira hurrengo hamarkadan 18 urte bete aurretik, gehienak derrigortuta. Bahitu eta bortxatu egiten dituzte, eta, ezkontzean, senarraren esklabo bilakatzen dira. Afganistanen mota horretako ezkontzak zorrak ordaintzeko erabiltzen dira. Ezkontzok direla-eta, 15 urtetik beherako 14 milioi neskatilek erditzen dute urtero munduan. Haurdunaldian zehar eta erditzean hiltzeko aukerak bost aldiz handiagoak dira 20 urteko emakumeekin konparatuz gero.

Emazteak etxeko lanak egitera behartzen dituzten bezala, badaude ezkondu gabe neskame bezala lana egiten dutenak ere. Batzuek baldintza onak dituzte, baina gehienak esklabo bilakatzen dira. Gurasoek uste dute neskame moduan lana egiteak ezkontzen direnerako prestakuntza gisa balioko diela eta horregatik bidaltzen dituzte besteen etxeetara lanera.