Joxean Agirre

Monsieur Benotman

Garai bateko lapurrek beste maila bat zuten, beste kategoria bat, ematen zuten kolpe bakoitzeko jendea ahozabalik uzten baitzuten eta filmak egin eta eleberriak idazten baitziren haien balentria gogoratzeko. Goi mailako lapurrez ari naiz, mundua mundu denetik beti egon baitira lardatsak eta txapuzeroak. Goi mailako lapur horien ekintzak ikusita, badirudi Thomas Quincey-ren jarraitzaileak zirela, hark bere “Hilketa, arte ederretako bat gehiago gisa” liburuan ondo egindako krimenen edertasuna goraipatu baitzuen.

Oraingo goi mailako lapurrak, ordea, CAN auziko protagonistak, Barcenas, Rodrigo Rato, Hiriko edo Bidegiko gureagoak, errazkeriaren maisuak dira, hor ez dago ez arte ederrik ez ezer, diru gosea baizik. Horien balentriak ikusita apenas egingo den film txukunik, ezta eleberri gogoangarririk ere. Badirudi Augusto Monterrosoren “Las ilusiones perdidas” ipuinean inspiratu direla, De Quinceyrena ondo egindako krimenaren goratzarrea den bezala, Monterrosorenak hilketa txapuzeroaren antologia baitirudi.

Otsailaren 20an hil da Parisen Abdel Hafed Benotman (epaileentzako Monsieur Benotman), lapurra eta idazlea, banketxeetan jo zituen kolpeengatik bezain ezaguna baitzen espetxean idatzi zituen nobelengatik. Orain 54 urte jaio zen Frantziako hiriburuan aljeriar jatorriko familia batean, eta umeak poliziak eta lapurrak jolasera jokatzen hasteko adinean hasi zen saltoki handietan lapurtzen, eta jolas horretan eman du bizitza. Azken kolpea 2006an jo zuen Neullyko Barclay’s banketxearen kontra eta 18.000 euro eraman zituen. Guztira hamazazpi urte eman zituen espetxean eta horiek bere autore kutunak, Nietzsche, Txekhov eta Dostoievski, irakurtzeko baliatu zituen, eta antzerkia eta nobela idazteko, gehienetan bere bizitzan oinarrituta.

Orain bospasei urte espetxean ezagututako emakume batekin (Francine) jarri zen bizitzen eta poliziarekin jolas egiten aspertuta edo, jatetxe bat ireki zuen hiriaren erdigunean. Izena ere egokia jarri zion: Restaurant Diet Ethique. Bera zen, emaztearekin batean, hango nagusia, langilea eta animatzailea. Baina gaixotu egin zen eta itxi egin behar izan zuten. Lapurretekin ez du dirurik egin. Bere irakurleek kontu korronte bat ireki dute haren aldeko hileten gastuak ordaintzeko eta emazteari beste jatetxe bat (Chez Francine) irekitzen lagunduko diote. Parisera joatekotan bazarete, eta, Fauburg Saint-Antoine kaletik igarotzen bazarete, egin iezaiozue bisita. •