Aimar Etxeberria Korta
KONTSUMOA /

Haraki Urkaikok eta Eroskik hitzarmena egin dute, Eusko Label izendapena duen esne bildotsa merkaturatzeko

Bertako produktuak sustatu eta merkaturatzeko bidean urrats berri bat egin du Eroskik. Haraki Urkaiko kooperatibarekin egin du hitzarmena, Eusko Label izendapena duen esne bildotsa merkaturatzeko. Hala, %70 haztea aurreikusten du enpresak bere establezimenduetan salduko duen esne bildots kopurua.

Irudian, Eroskiko harategi bat
Irudian, Eroskiko harategi bat

Eroskik merkaturatuko du 2015ean Haraki Urkaiko kooperatibak, Eusko Label izendapenaren barnean, ekoitziko duen esne bildotsaren zatirik handiena. Hain zuzen, EAEn ekoizten den esne bildotsaren %60 baserritarrek kudeatzen duten aipatu kooperatibak ekoizten du. Bi aldeek lortutako hitzarmenari esker, ardira hedatuko da Eroskik eta Urkaikok pasa den urtean txekor haragiaren merkaturatzearen harira hitzartu zuten akordioa. Hitzarmen haren ondorioz, %46 hazi zen Eroskiren supermerkatu eta hipermerkatuetan txekor haragiaren salmenta.

Urkaikorekin erdietsitako akordioari esker, aldiz, %70 haztea espero du Eroskik bere establezimenduetan salmentan izango duen esne bildotsaren bolumena. Zentzu horretan, eta lehenengo sektoreko ekoizleekin erdiesten ari den akordio ezberdinei esker, bertako oihal produktiboaren aniztasuna sustatu asmotan dabil kooperatiba.

Azken bi urteetan 32 ekoizle gehitu ditu Eroskik bere «made in Basque Country» eskaintzara, EAEn nekazaritzako alimentuekin negozioan diharduten 469 hornitzaile izatera iritsiz. Hein handi batean, enpresa txikiek osatzen dute Eroskiren oinarri hornitzailea, eta honek euren produktuen salmenta errazteko baliabide hobeak eskaintzen dizkie trukean.

Artzainen mesederako akordioa

Garbi dauka Asun Bastidak, Eroskiren produktu lokalen salmentarako zuzendari nagusiak, akordioa, Eroskirentzako ez ezik, Euskal Herriko paisaiaren parte diren artzainentzat ere mesedegarria izango dela. «Bertako produktuak merkaturatzearen alde egiten dugun apustua zintzoa da», dio Bastidak.

Zentzu horretan, eta aurreko hitzarmenen harira bildutako esperientzia izanik, aurtengoan esne bildotsaren aldeko apustua egin dutela azaldu du, «bertako abeltzainen eskutik», gainera.

Hala, euren asmoa kontsumitzaileentzat Eroski bertako produktuak erosteko lehentasunezko salmenta puntu bilakatzea dela nabarmendu du, «bere inguruan dituen nekazaritzako alimentuekin lotura estua duen saltoki bat legez». «EAEn ekoizten den esne bildotsaren zatirik handiena guk merkaturatuko dugu», azpimarratu du.

Hitzarmenak, Bastidaren arabera, epe laburrekoa baino, epe ertaineko garapena izango du. Zentzu horretan, ziur agertu da maila lokalean jarduten duten artzainen mesederako izango dela akordioa eta, baieztapen ausartak egiten hasita, EAEko kalitate paisajistikoaren mantentzerako ere positiboa izango delakoan dago.

Eusko Label izendapenaren barnean esne bildotsa merkaturatzeko akordioa Eroskik Lakuako Gobernuarekin bertako nekazaritzako elikagaien industria indartzeko eta sustatzeko duen elkarlanerako hitzarmenaren barnean kokatzen da. Alta, ez da zentzu honetan hitzartutako lehen akordioa, ezta azkena izango ere.

Tartean daude, adibidez, HAZI eta EKAIN fundazioekin behi haragia sustatzeko eta merkaturatzeko egindako akordioa, artisau-arrantza sustatzeko hartutako konpromisoa, Idiazabalgo gazta sustatzeko erdietsitako akordioa, Arabako patataren merkaturatzea, sagardo eta txakolinaren eremuan egindako apustuak eta bere saltokietan bertako arrautzak soilik saltzeko konpromisoa.

JOSE PABLO LARREA

«Aurrerantzean gure bildotsak merkatuan kokatuta egongo direla jakiteak lasaitasuna ematen digu»

Zein da egun Haraki Urkaiko osatzen duten artzainek euren bildotsak merkaturatzeko duten egoera?

2014ko datuak kontuan hartzen baditugu, EAEn jaiotzen diren arkumeetatik 10.600 dira labeleko hilketara aurkezten direnak. Horietatik 7.600 dira gure kooperatibakoak, hau da, labelerako bidaltzen diren bildotsen %70 pasatxo gure artzainena da. Label gisa sailkatzea lortzen duten bildotsen kopurua, ordea, nabarmen jaisten da, nahiz eta aitortu behar dugun urtetik urtera gure datuak hobetzen ari garela.

Asko kostatzen al da Eusko Label izendapena lortzea? Zer ekartzen dizue izendapena izateak?

Bildots haragia Eusko Label izendatzeak bere prozesu propioa dauka, eta HAZI fundazioa da horretaz arduratzen dena. Kontrol ezberdinak egiten dira eta biltegian aukeraketa bat egiten da, nahiko zorrotza dena. Gure kasuan 7.600 arkume aurkeztu genituen pasa den urtean, eta horietatik 4.900ek lortu zuten label izendapena.

Guretzako beti izan da garrantzitsua label izendapena, prezio berezi bat lortzen laguntzen baitigu. Horregatik, labelizazioa erabiltzen dugu arkumeari prezio on bat ateratzeko eta, bide batez, artzainari gehiago ordaintzeko.

Zer irabazten duzue Eroskirekin sinatu duzuen akordioarekin?

Lasaitasun bat da jakitea gure arkumeak aurrerantzean merkatuan kolokatuta egongo direla, eta horrek aukera ematen digu ekoizle gehiago aurkitzen joateko, salmentetan hazteko aukerak daude-eta. Finean, merkatu egonkor bat izango dugu aurrerantzean, prezio jakin batekin, eta horrek balioko digu arkume gehiago erosi eta, ondorioz, saltzeko.

Etorkizunera begira, nola ikusten duzu bildotsaren negozioa?

Bildotsaren komertzializazioak bide dezente ditu eta orain jorratzen ari garena kalitateko bide bat da. Zentzu horretan, eta Eroskirekin egin dugun hitzarmenari esker, artzainek beste segurtasun batekin garatu ahal izango dute euren jarduna, beren produktuek merkatuan toki bat izango duela dakite-eta.