Naiara Garzia

Zimurren esanahia

Duela zenbait urte Claude Levi-Strauss (1908-2009) antropologoaren argazki bat ikusi nuen egunkari batean: kale batean agertzen da, oinez, gorbata berezi batekin, modu dotore batean jantzita. Bere gorpuzkerak atentzioa eman zidan, bere bizkarraren formak eta bere duintasunak. Beharbada antropologiari buruz ezer gutxi jakin arren urte batzuk lehenago “Tristes trópicos” irakurri nuelako argazki horrekin beste gertutasun bat sentitu nuen, liburu horren bitartez bere garaian Brasilera gizarte indigenak ezagutzeko eta aztertzeko egindako bere bidaia eta odisea ezagutu nituelako, gizon zuriaren bakardade horretan ezagutu nuelako, Europan bere kideek eskala sozialean gora egiten zuten bitartean, bulego lanetan murgilduta.

Pertsonen zahartzaroa islatzen duten argazkiak gustuko ditut, artistenak bereziki, bizitza haien aurpegiko zimurretan nola islatzen den ikusteko. 1968. urtean (bere buruaz beste egin baino lau urte lehenago) Nobel saria irabazi zuen Yasunari Kawabata (1899-1972) idazle japoniarraren argazki bat ere gordeta daukat: irribarretsu agertzen da, mahai baten aurrean eserita, zigarroa ezkerreko eskuan duela, kikara eta mikrofonoz inguraturik.

Eta hauek guztiak begiratzen ditudan bakoitzean egungo gure gizarteko ikuspuntuarekin zerikusirik ez izan arren, Adriano zaharrak “Memorias de Adriano” liburuan (1951, Marguerite Yourcenar) esandakoaz gogoratzen naiz, gutxi gorabehera: «Bizitzako gauza garrantzitsuenetako bat ez da honi hasiera nola ematen diogun, nola amaitzen dugun, baizik». •