Iratxe Urizar

«If they come in the morning»

Nazio Batuen Erakundeak Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 24a. Horren karietara, pasa den astean, Egiari Zor fundazioak aurkezpen publikoa egin zuen Bilbon, eta dokumental labur bezain mamitsua ikusteko aukera izan genuen bertan. Hamar minutu ere ez ditu, baina hainbat ahots eta irudi jasotzen ditu. Protagonistek sufritutako mina azaltzen dute, modu zuzenean, esaldi motzen bitartez: beraiek edo beraien senideek pairatutako gehiegikerien gaineko egia ezagutu nahi dute. Mendekurik ez dute bilatzen, baina bai errekonozimendua. Izan ere, horrela beharko du izan, etorkizunean bake sendoa eraikiko badugu: denon artean idatzi beharko dugu gertatu denari buruzko kontakizuna, samin batzuk alde batera utzi barik, biktimen arteko mailakatzea egin barik...

Pantailan ageri ziren aurpegiek mina eta nekea islatzen zuten, baita konfiantza eza ere, 30 urte eta gehiago errekonozimendurik gabe pasatu ondoren, gauzak aldatuko diren mesfidati baitira. Denon lana da, zalantzarik gabe, bermatzea errealitate horiek guztiak kanpoan geratzen ez direla. Argi dago oraindik ere bide luzea dugula aurrean (atera kontuak: bide bazterretan lurperatutako horien seme-alabek euren senideak eraman zituztenen izenak dituzten kaleetatik paseatu behar dute oraindik ere!). Zer esan, bada, denboran hurbilago dauden biktima horiez, «demokrazia garaia» deitu dugun epe horretan gertatuko horiez?

Martxoaren 24an bertan, euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko nazioarteko babes paregabea jaso dugu: 24 sinatzaile, 24 izen handi, sobera ezagunak guztiak, Europatik, Afrikatik eta Amerikatik heldutakoak. Dispertsio politikaren aurka agertu dira denak ala denak, inoiz baino biziago dirauen salbuespenezko espetxe politikaren aurka, azaltzeko zaila eta justifikatzeko are zailagoa den egoera baten aurka. Eta, tamalez, oraingoan ere ez du luze jo Espainiak erantzun duen arte. Bruselan euskal presoek jasotako babes publikotik 24 ordu ere igaro gabe zirenean, Guardia Zibilak lau euskal herritar atxilotu zituen. Lauron ogibidea: presoen eta estatu biolentzia pairatu dutenen egoera salatzea. Eta atxilotu bakarrik ez, defentsarako eskubidea ere urratu zien epaileak, ukatu egin baitzien euren konfiantzako abokatuen babesa jasotzea. Eta, zergatik? Inkomunikatuta zeudelako? Bada, ez: abokatu horien aurkako kanpaina ere abiatuta zegoelako aldez aurretik. Horrenbestez, abokatuek bezeroak nola eramaten zituzten ikusi behar izan zuten, ezertxo ere egiteko inolako aukerarik gabe. Presoa kartzelan, eta, orain, bere abokatua, bere medikua, baita bere senidea ere, kriminalizatuta.

Bruselako Adierazpena sinatu dutenen artean Angela Davis dugu, emakumezkoa eta beltza bera. Bi ezaugarri horien ondorioz, diskriminaziorik basatiena pairatu behar izan du, eta, hala ere, aurrekoan, ahotsa eta ukabila altxatu zituen berriz ere errepresioaren aurka. Gaur egun, lehen bezalaxe, Estatuak kolpatutakoen ondoan dirau, bere elkartasuna adieraziz. 1970. urtea zen, “If they come in the morning: voices of resistance” entsegua argitaratu zuenean. Kanta bihurtuta, irlandarrek eta euskaldunok urte luzez abestu genuen «if they come in the morning, no time for love»: ez dute uzten maitatzen gauean, sirena hotsaren beldurrez ezin lasai bizi ez Bostonen, ez Belfasten, ez Gasteizen.

Goizean etorri ziren oraingoan ere, minari aurre egiten ohituta dauden lau pertsona eramatera, besteen mina arintzen saiatzen diren lau langile bahitzera. Atxilotuen delitua: torturatuen mina sendatzen edo arintzen saiatzea (polizia-etxetik txikituta irteten diren horiena), senideen euskarri izatea (maite dituztenak birrintzera zuzendutako kartzela politika erraldoi bat dagoela ikusten dutenean).

Ezin ahantz daiteke atxilotuen artean “Inkomunikazioa eta tortura” lanaren egileak ere badaudela. Nazioartean ibilbide handia izan duen ikerketa horrek zera ondorioztatu du: benetakoak direla aztertu dituzten 45 euskal herritarren tortura salaketak, salatzaile guzti-guztiek egia esaten zutela. Ikerketaren egileak Bruselan ere egon ziren, beraien lanaren berri ematen, nazioarteko adierazpena publiko egin den toki horretan bertan, hain zuzen ere. Eta handik etorri da atxiloketen aurkako erantzuna ere, laburra eta zuzena: «Nahikoa da!». Hala aldarrikatu dutenak ez dira atxiloketaren formaz ari (gugandik hurbil dauden beste kargu publiko batzuek egin bezalaxe); operatiboaren edukiaz ari dira, izen ezin sarkastikoagoak dituzten operatiboei buruz, xakeko jokaldien izenak dituzten operatibo horiei buruz, hain zuzen ere. Ez, honek ezin du horrela jarraitu, ez dira ez goizean ez gauean etorri behar. Euskal Herritik betiko aldegitea da egin behar dutena. •