Killan FORDE
FREETOWN SIERRA LEONA

Ondokoa ukitzerik ez dagoen hiria

Ebola izurritearen aurkako borrokan kontaktu fisikoa murriztea erabaki dute Sierra Leonan. Ez dago debeku zehatzik, baina elkarren arteko harremanetan sekulako eragina izan du erabakiak. Afrikako herrialdeak ebola gaitzaren aurka erakutsi duen antolakuntza eta teknologia ahalmenaren beste adibide bat da autozentsurarena.

Inork ez du debekatu, presidentearen dekretu batek ere ez, baina kontaktu fisikoa desagertu egin da Freetown Sierra Leonako hiriburuan. Debekua ezartzeko beharrik ere ez da izan. Poliziak, Armadak eta miliziek ez dute arduratu beharrik elkar ukitzeko debekua betearazteko, izan ere, Freetownen, eskuak elkar hartuta paseatzen baduzu, arrotzat edo egoistatzat joko zaituzte, edo, agian okerrago, kutsatzailetzat.

Saia zaitez zu zeu gaur. Saiatu egun osoa igarotzen inor ukitu gabe. Ez iezaiozu inori eskua eman, lagunaren besarkada goxoari ezetz esan. Beste pertsona bati kalean helbide bat azaltzen diozunean, ekidin nahigabe edo argibideak ematerakoan sor daitekeen kontaktu oro.

Ebola izurritearen aurkako borrokan kontaktu fisikoak ahalik eta gehien murriztea erabaki dute Sierra Leonan, eta, horrek, noski, elkarren arteko harremanetan sekulako eragina izan du. Harremanak etxeetara, eremu pribatura, mugatu dira. Jendeak ateak ixten ditu badaezpada, xaxatzeko edota marmarrean aritzeko prest daudenen begietatik salbu.

Esfortzu izugarria

Sierra Leonak ebola gaitzaren aurka erakutsi duen antolakuntza eta teknologia ahalmena izugarria izan da. 2013an, ebola izurritearen aurretik, sei anbulantzia ziztrin eta zaharkitu baino ez zeuden herrialde osoan. Azken zenbaketen arabera, berriz, ehunka dira uneotan anbulantziak. Era berean, herrialdean ez zegoen ia azpiegiturarik, eta, zeudenak, zaharkituta eta zatika erortzen ari ziren. Gaur egun, herrialdeak munduko ospitalerik berrituenak ditu. Mendebaldean ditugun ospitaleen antzerakoak.

Helikopteroek gau eta egunez zeharkatzen dute Freetown hiria, emergentziazko ekipoak eta pazienteak garraiatuz. Bazter guztietan topa dezakezu Poliziaren edota Armadaren kontrol bat. Gaitzaren lehen sintomak ahal bezain azkar atzeman ahal izateko kalentura hartzen diote jendeari. Setiatutako hiria da Freetown, gerran dagoena. Lehen lerroan milioika pertsona dituen gerra. “Herritarren Armada” honek, baina, ez du armarik, soilik termometroak, ura, kloroa, autozentsura eta probak behin eta berriz errepikatzeko determinazioa. Elkarlana eta kontu handia krisi bortitzari aurre egiteko.

Hala ere, esperantza ez dute galdu Freetowneko biztanleek. Elkarren arteko harremanekin gertatzen den bezala, izan ditzaketen beldurrak etxean uzten dituzte, ate itxiaren bestaldean. Argi dute gaitza bertan dutela eta ez diote egoerari buelta handirik ematen. Horrela, bada, diziplina osoa erakusten dute, jarrera baikorrarekin eta etengabeko konpromisoarekin batera, beste edozein erabat gogaituko lukeen konpromisoa.

Albert Camusek bere “Izurria” eleberri alegorikoan idatzi zuen moduan, «aukerarik txikiena sortu zen momentuan amaitu zen izurritearen agintea». Esperantza berari jarraituz, gerra honen emaitzarik seguruena ebolaren porrota izango da.

Edozein egunetan elkarlan betean ikus ditzakegu Sierra Leonako erizainak, mediku kubatarrak, britainiar soldaduak, Txinako Armadako talde medikuak, herrietako agintari tribalak, Kenyatik etorritako epidemiologoak, Ameriketako Estatu Batuetako birologia adituak eta, oro har, Nazio Batuetako Erakundearen agentzia desberdinetako langileak.

Ebola garaitua izango da azkenean, baina izurriteak larri zauritutako herrialdea utziko du atzean. Ikasturte osoa galdu dute haurrek, eskolak itxi egin baitzituzten gaitzaren hedapena zailtzeko. Izurritearen aurretik sumatzen hasia zen garapen ekonomikoa bertan behera geratu da. Hilabeteak daramatzate geldirik errepide, argindar eta garraio azpiegiturak garatzeko proiektuek, eta milaka dira langabeziara kondenatutako langileak. Denda eta merkatuek ordutegi murrizketak pairatu dituzte, eta nekazariek gero eta zailago dute produktuak merkaturatzea. Auzo batzuk itxita geratzen dira berrogeialdietan, sarri leku batetik bestera joatea debekatuta dago, eta zinemak eta antzerkiak itxita daude. Horrez gain, mugak ezin dira zeharkatu, esportazioak eten egin dira, hondartzara ezin da joan, ezta parke publikoetara ere. Kirol lehiaketak bertan behera utzi dituzte eta ez dago argi noiz itzuliko diren. Gazteen lokalak hutsik daude eta iluntzen hasten denerako ez da inon taxirik ikusten. Herrialdea geratu egin da guztiz.

Adituek ohartarazi zutena gertatu da, 37 urteen ondoren ebola gaitza hirietara iritsiko zela aurreratu baitzuten. Arrazoia zuten. Baina bigarren iragarpenean kale egin dute behintzat. Izan ere, ebolaren aurkako kanpaina mundu osora hedatu beharko zela ohartarazi zuten. Ez da, zorionez, hori gertatu. Eman dira kasu bakartuak Estatu espainolean, AEBetan eta Britainia Handian, baina Sierra Leonako biztanleak izan dira gaitz izugarri honen hedapena gelditu dutenak, hori bai, Nazioarteko Komunitatearen laguntzarekin. Eta ez bakarrik Freetown, mundu osoa libratu dute izurritetik.

Garaipena

Komunikazio estrategietan adituek badute non ikasi. Ebolaren aurkako marketin kanpaina leku denetara eta une oro iritsi da, jendeari ohiturak aldaraziz eta horrela gaitzaren transmisioa ekiditea bideragarri eginez. Asko ziren asmo horrek porrot egingo zuela aurreratu zutenak, baina hasiera-hasieratik argi zegoen funtzionatuko zuela, baldin eta agintari politikoek, lidergoa erakutsiz, lasaitasuna mantentzen bazuten zibilen eta medikuen laguntzarekin. Eta noski, beharrezko baliabideak eskaintzen bazituzten edonon eta edonoiz azaleratzen ziren ebola agerraldiei aurre egiteko.

Ez da izan Sierra Leonakoa osasun publikoaren aldeko kanpaina erraldoi bakarra historian zehar. XIX. mendean malaria izurrite izugarria gainditu zuten Habana Kubako hiriburuan eta XX. mendearen hastapenetan sukar horia desagerraraztea lortu zuten. Hori bai, ebola izurritearen aurkako kanpaina honek zerbait erakutsi badu, honakoa da: agintariek horrelako egoera larri baten aurrean estrategia zuzena badute, emaitza izugarriak lor daitezke, 6 milioi pertsona proiektu komun batean murgilduz.